Udako doinuen esperoan

Musika jaialdi ugari izaten da udan, baina ezohiko egoeraren bilakaerak baldintzatuko ditu aurtengoak. Horiek egin ahal izateko lanean jarraitzen dute antolatzaileek, nahiz eta aurrera begira har daitezkeen neurrien zain dauden.

Donostiako Jazzaldiak 55. aldia izango du uztailaren 22tik 26ra artekoa. Irudian, iazko kontzertu bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sandaliak jantzi, kalera atera, eta plaza batean jazz laukote batekin gozatzea. Motxila hartu, kanpadenda muntatu, eta, rock doinuak lagun, dantza egitea. Antzoki baten freskotasunean aterpe hartu, eta abesbatza bat kantuan aditzea. Gustu guztietarako aukerak eskaintzen dituzte Euskal Herrian udan egin ohi diren musika jaialdiek, eta milaka zale biltzen dituzte urtero. Data hauetarako, beren egitarauak prest izaten dituzte gehienek, eta azken orduko izenen bat iragartzen edo xehetasunen bat lotzen arituko lirateke normalean. Baina normaletik gutxi du egungo egoerak, eta zaila da asmatzea udako ekitaldiei nola eragingo dien pandemiak sortutako krisiak. Etxetik bada ere, antolatzaileek lanean jarraitzen dutela azaldu diote BERRIAri, jaialdiak aurreikusi bezalatsu egin ahal izateko. Baina adi daude denak, aurrera begira agintariek har ditzaketen neurrien zain.

Dagoeneko bada aurtengo aldia bertan behera uztea edo atzeratzea erabaki duenik. Bai nazioartean, bai Euskal Herrian bertan. BBK Music Legends da horren lekuko. Ekainaren 5ean eta 6an zen egitekoa, bosgarren urtez, Sondikan (Bizkaia), eta, besteak beste, Eric Burdon & The Animals, Lucinda Williams, The Jayhawks, Roger Hodgson, Anari eta Maika Makovski ziren bertan jotzekoak. Baina antolatzaileek azaldu dute ezingo dela egin, «Gobernuak hartutako azken erabakiengatik, hainbat artistak euren birak bertan behera utzidituztelako, datak oso hurbil daudelako, eta publikoarekiko errespetuagatik».

Euskal Herrian egin ohi diren jaialdi jendetsuen artean, lehenetarikoa izaten da BBK Music Legends. Egutegian aurrerago datoz markatuta hurrengoak, eta, beraz, denbora gehiago izango dute egoeraren bilakaera aztertzeko. Gasteizko Azkena Rock, adibidez, ekainaren 19 eta 20rako dago iragarrita, eta Mendizabalako oholtzan jotzekoak dira John Fogerty, Patty Smith, Suzy Quatro, Brian Wilson, Incubus, The Adicts, Social Distorsion eta Liher, besteak beste. Last Tour da jaialdiaren antolatzailea, eta, bertatik BERRIAri adierazi diotenez, lanean jarraitzen dute egunotan, maiatzetik aurrera iragarriak dituzten kontzertu eta jaialdi guztietan «onena» eskaintzeko xedez. «Gure sareetatik eta webgunetik une oro informatzen jarraituko dugu», gaineratu dute. Last Tourrek antolatzen du BBK Live jaialdia ere, uztailaren 9tik 11ra egitekoa dena, Bilboko Kobetamendin. Kendrick Lamar, Pet Shop Boys eta Bad Bunny daude, besteak beste, aurtengo kartelean.

Azken horren aurretik, baina, Irisarri (Nafarroa Beherea) izango dute helmuga musikazale askok, ekaineko azken asteburuan. 25 urte beteko ditu aurten EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, eta «oso gogotsu eta mimo handiarekin» ari dira prestatzen antolatzaileak; ohi bezala, auzolanean. Hainbat zailtasun igaro ondotik, indarberrituta itzuli zen iaz jaialdia, haren ardura hartzeko prest agertu zen lagun talde berri baten eskutik. «Normalean, momentu honetan jada egon beharko genuke azken kontuak lotzen eta komunikazio kanpaina betean. Baina egoera berezi honetan, gauzak aldatu egin dira», adierazi dute. Egitarauaren berri, esaterako, ez dute eman oraindik. «Halere, lanak ez du etenik izan, modu telematikoan bada ere. Eta, momentuz, erabaki dugu datak atxikiko direla». Oraingoz, beraz, festibala aurreikusitako egunetan egiteko aukerari eusten diote, baina beste agertoki batzuetarako ere ari dira prestatzen. «Normala den bezala, beste aukera batzuk ere aztertzen ari gara. Edozein gisan, arduraz jokatuko dugu».

Jazzaren gauak

Udako gauak izaten dituzte agertoki nagusi jazz jaialdiek ere. Getxokoa (Bizkaia) izaten da horietan lehena. 44. aldia izango du, eta, «oraingoz», aurrera jarraitzen duela azaldu diote antolatzaileek BERRIAri. «Aurreikusita zegoen moduan, uztailaren 1etik 5era izango da jaialdia, hori eragozten duen ezustekorik sortzen ez bada, jakina». Joan den astean eman zuten aurtengo programazioaren lehen aurrerapen bat, eta iragarri dute bertan ariko direla, besteak beste, Cyrille Aimee frantziar-dominikar abeslaria eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile estatubatuarra. Ordainpeko saioen aurretik, ohi bezala, Talde Lehiaketako kontzertuak egingo dituzte, zeintzuetan nazioarteko hainbat taldek parte hartuko duten. Guztira, hamazazpi saio izango dira. Sarreren salmenta martxan noiz jarriko duten, baina, oraindik ez dute jakinarazi; ahal bezain azkar jakinaraziko du hori ere Getxoko Kultur Etxeak.

Getxokoaren ondotik, Gasteizko Jazzaldiaren txanda helduko da, uztailaren 13tik 18ra. 44. aldia izango du horrek ere, eta antolatzaileek espero dute «aurreikusitako moduan uztailean egin ahal izatea», ohar baten bidez janarazi dutenez. Helburu horrekin lanean segitzen dutela azaldu dute, baina «ezohiko egoera dela eta», erabaki dute atzeratzea bai bertan aritzekoak diren hainbat artistaren berri ematea, bai sarreren salmenta martxan jartzea. Branford Marsalis, The Charlie Parker Legacy Band, Anne Paceo eta Antonio Sanchez daude orain arte iragarritako izenen artean. Edonola ere, egoeraren bilakaerari so daude. «Agintariek har dezaketen edozein erabakiri adi gaude, jabetzen baikara aldaketak izan daitezkeela. Baina Gasteizko Jazzaldiko lantaldeak espero du, guztion laguntzaz, datorren jaialdia ahalik eta baldintza egokienetan egin ahal izango dela». Pandemiaren aurka lanean ari direnei eskerrak emateko baliatu du jaialdiak oharra, baita euskal kulturaren sektoreko kideei elkartasuna helarazteko ere.

Artistei, datei eta agertokiei dagokienez, Donostiako 55. Jazzaldia aurreikusi bezala egin ahal izango ote den galdetuta, zuhur mintzo da Miguel Martin zuzendaria: «Nahiko genuke», horixe haren erantzuna. «Modu oso irekian erantzuten dut, baina uste dut orain ez dagoela erantzuteko beste modurik». Joan den abenduan iragarri zuten, ia osorik, uztailaren 22tik 26ra bitarteko egitaraua,; besteak beste, John Zorn, Abdullah Ibrahim, Kenny Barron, Hiromi, Cecile McLorin Salvant, Graham Nash, Dave Holland, Kurt Elling eta Marc Riboten emanaldiak biltzen dituena. Bertako taldeen hautaketa egiteko dute, baina Martinek dio jaialdira garaiz ailegatzeko moduan egin ahal den zerbait dela hori.

Edonola ere, jakitun da «balizko muga ugari» egon daitezkeela, eta hiru «ziurgabetasun» nagusi aipatu ditu. Batetik, ea zer-nolako neurriak egongo diren indarrean uztailean, eta, esaterako, baimenduko ote den leku berean ehunka pertsona biltzea, jaialdian gertatu ohi den bezala. «Hori araudiaren menpe egongo da; ez dago gure esku, eta orain susmatu ere ezin dugun zerbait da, gauzak egunero aldatzen ari direlako». Bestetik, ikusteko dago nazioarteko musikariak Donostiara etorri ahal izango diren. Artista guztiak etortzeko gogoz direla baieztatu du Martinek, baina uneotan inork ez daki bidaiatu ahal izango duten —AEBetakoak dira asko, adibidez—. Eta «publikoaren jarreran» ikusten du zuzendariak hirugarren ziurgabetasun faktorea, ikusteko baitago ea herritarrak halako ekitaldi jendetsuetan elkartzeko gogoz egongo ote diren. «Orain argitzen oso zailak diren auzi horiek guztiak ebaluatu egin beharko ditugu, ez soilik jazzaldiak, baita instituzioek ere, eta baldintza guztiak kontuan hartu. Baina nire susmoa da jaialdiak oso aintzat hartu beharko dituela zein diren publikoaren jarrerak, nahiak eta mugak».

Hilabete klasikoena

Abuztu osoa hartu ohi du Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioak, eta antolatzaileek prest dute aurtengoa ere. Etxetik lanean jarraitzen dute Patrick Alfaya zuzendariak eta lantalde osoak, eta haien nahia litzateke, ohikoan bezala, maiatz amaieran aurkeztu ahal izatea 81. aldiko programazioa, abuztuaren 1ean hasi eta 29an amaituko litzatekeena. Gero, ikusteko dago bere horretan gauzatu ahal izango den, baina horixe da Hamabostaldiaren asmoa. «Guk, noski, osasun arduradunek agintzen digutena egingo dugu, baina gure asmoa da jaialdia programatu dugun moduan mantentzea, data eta artista berberekin», azaldu du Alfayak. «Arazoak egon daitezkeela? Agerikoa da baietz, 48 orduan zer gertatuko den ez dakigun egoera batean bizi garelako. Baina uste dut etorkizunera begiratu behar dugula. Pertsona zuhurra naiz, baina baita oso baikorra ere, eta uste dut horrela jokatzea dagokigula uneotan. Edozertarako prest izan behar dugu, baina gure asmoa da aurrera jarraitzea».

Orain arte artistengandik jaso dituzten mezu guztiak ere norabide horretan doazela adierazi du Alfayak; denak daudela Donostian aritzeko gogoz, eta inork ez diela esan etortzerik izango ez duenik. Halaber, publiko leiala du jaialdiak, eta horren adibide da zuzendariak aipatutako datu bat: Hamabostaldiaren Lagunek programazioaren aurrerapen bat jaso zuten dagoeneko, eta, ohiko erritmoan ez bada ere, asko dira egunotan abonamendua berritzen ari direnak, jaialdiaren webgunearen bidez, eta badira lehen aldiz egin duten hainbat ere.

Alfaya jakitun da nazioartean datozen hilabeteetan egitekoak ziren hainbat jaialdi bertan behera geratu direla, baina nabarmendu du oraindik lau hilabete falta direla Hamabostaldia hasteko. Eta tarte horretan denetarik gerta daitekeen arren, ziurtatu du hasteko garaia iritsita osasun agintariek kontrakorik agindu ezean jaialdia egin egingo dela. Haren ustez, programatzaileen ardura ere badelako, ahal duten neurrian, antolatutakoei eustea. Horiek horrela, eta prest dutena «azken urteotako jaialdirik erakargarriena» izango dela iritzita, zuhur baina baikor begiratzen dio etorkizunari: «Espero dut Hamabostaldia ongi egin ahal izatea eta, oro har, herritarrek beren ohiko bizimoduari ahalik eta lasterren ekin ahal izatea. Ziur nago lortuko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.