BAKARRIZKETA

Rutte; arauak, besteentzat dira

LEX VAN LIESHOUT / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
1. Nor da Rutte? Mark Rutte (Haga, 1967) Herbehereetako jarduneko lehen ministroa da 2010. urteko urriaz geroztik. VVD alderdi liberalekoa da.

2. Hamaika urte daramatza lehen ministro, eta ez dut ezagutzen... Ez du esaten asko nire alde. Ziur naiz inguruan galdetuz gero gehienek ez luketela jakingo nor den, nahiz eta Rutte jaunak egin dituen meritu dexente Herbehereetatik kanpo ezaguna izateko. Eta, bereziki, Europako Batasuneko hegoaldeko herrialdeetan.

3. Zer dela eta? Alemaniari eta Angela Merkeli leporatzen zaizkielako pobrezia eta langabezia zabaldu dituzten austeritate politikak. Baina Ruttererekin alderatuta, Merkel bigun hutsa da, gai askotan amore eman duelako hegoaldekoen eskakizunen aurrean. Ruttek, ordea, hegoaldeko eskaleak gehiago estutu nahi zituen (ia) beti, zuzentasun moral protestantearen izenean. Haren azken borroketako bat izan da Next Generation funtsaren sorreraren ingurukoa.

4. Europako funtsen aurkakoa al da? Erabat kontrakoa denik ezin da esan, pandemiak eragindako txikizioari nolabaiteko konponketa bat eman behar zitzaiola onartu zuelako. Baina Rutte bai izan da ahalik eta diru gutxien banatzearen aldekoa, eta ahal dela eta baldintza zorrotzenekin. «Hegoaldeak beste herrialdeen laguntza behar badu krisia kudeatzeko, ulertu egiten dut, ez dutelako finantza aldetik tarte handirik; baina arrazoizkoa da [diruaren truke] erreformen konpromiso garbi bat eskatzea». Beste hitz batzuetan, dirua akuilu gisa erabili nahi zuela Italia, Espainia eta beste hegoaldetarrak bide onera eramateko.

5. Baina Herbehereek ere dirua jasoko dute EBtik, ezta? Egia da herrialde aberatsa izanik ez dagokiola diru asko Italiak eta Espainiak jasoko dutenarekin alderatuta; 6.000 milioi euro baizik ez. Baina kontua da Rutteren gobernua izan dela EBko 27 estatu kideen artean bakarra oraindik ez duena bere erreforma plana bidali Bruselara, eta hori egitea derrigorrezko baldintza da dirua jaso ahal izateko.

6. Zergatik ez du plana bidali? Ruttek argudiatu du berea jarduneko gobernua dela, eta hurrengo gobernu koalizioa osatzeko negoziazioak ez direla bukatu. Baina aitzakia dirudi; Alemaniak berak ere jarduneko gobernua du, eta Bruselan da aspaldi Berlinen plana.

7. Orduan, zergatik ez du aurkeztu? «Aholkurik ez du inork beretzat eta bai besteentzat» esaeraren adibide garbia da: Ruttek ez du gustuko Bruselak diruaren truke zer eskatuko dion. Orain arteko elkarrizketetan, Batzordeak eskatu dio hipoteken interesen zerga hobariak eta autonomoek errenta zergan dituzten beherapenak bertan behera uzteko. Halaber, pentsio sistemaren moldaketa, autonomoak babestea, diru zuriketari heltzea eta multinazional handien mesederako tratuak bukatzea nahi du Bruselak.

8. Hipokrisia galanta, ezta? Eta ez da hori bakarrik. Oraintsu, beste zazpi estatu kideekin batera, Herbehereetako Gobernuak eskatu du defizitari buruzko arau zorrotzak lehenbailehen itzultzea Europako Batasunera. Baina, aldi berean, araudiei izkin egiteko formula bat negoziatzen ari da bere bazkideekin: ingurumenaren aldeko inbertsioak defizit publikorako ez zenbatzea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.