79. Musika Hamabostaldia

Mitologia klasikoaren fonoteka

Mito eta tradizioetan ardaztutako Musika Hamabostaldia hartuko du Donostiak ostegunetik aurrera, irailaren 2ra bitarte. 'Italiarra Aljerren' opera ekoitzi du jaialdiak, eta 'Adio' estreinatuko du Kukaik

Piano kontzertua. Labeque ahizpak Amoria aurkeztuko dute, euskal musikari omenaldi bat. HAMABOSTALDIA / BERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Mitoa, tradizioa eta musika. Hiruki horren fonoteka bilakatuko da Donostia datozen asteetan. Jazzaldiko egunen ondotik, heldu den ostegunean hasiko da 79. Musika Hamabostaldia, eta hiru erpin horiek lotzen dituzten milaka urteko hariak agerraraziko ditu hilabetez. 11 ziklotan banatuta, 93 ikuskizuneko egitaraua dakar aurten jaialdiak, eta, ohi denez, Donostiak hartuko ditu emanaldi gehientsuenak —70 guztira—.

Formatu txikiko hamahiru kontzerturekin hasiko da Hamabostaldia. Eguerditik iluntzera, Donostiako txoko ugaritan izango dira emanaldiak, doakoak denak, eta David Six pianista eta Juan Luis Goenaga pintorea, Idomeneo laukotea, Easo Araoz abesbatza eta Uniqart Dance Company ariko dira, besteak beste. Hala, ekin eta irailaren 2ra bitarte, oparo joango da musika klasikoaren hilabetea. Horren aurrerapen bat da segidakoa.

KURSAALA

Jaialdiaren estreinako bi egunetan, Joseph Haydnen Kreazioa eskainiko du La Fura dels Baus konpainiak Kursaaleko auditoriumean. Kataluniako konpainia 2010ean izan zen azkenengozHamabostaldian, eta Haydnek munduaren sorrerari idatzitako interpretazio dramatikoa taularatuko du oraingoan. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jarriko du musika; eta Alicia Amo sopranoa, Gustavo Peña tenorra eta Thomas Tatzi baritonoa ariko dira kantuan, Jose Ramon Encinarren zuzendaritzapean.

Gioachino Rossiniren Italiarra Aljerren opera da aurtengo emanaldietan gehien aipatuetako bat. Hamabostaldiak berak ekoitzi du, Buenos Airesko Colon antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo jaialdiarekin (Espainia) elkarlanean. 1940ko urteetan Aljeriako kostan dabilen Isabella emakume italiarraren istorioa kontatzen du obrak, eta Joan Anton Rechik zuzendu du eszenaratzea. Musikan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak hartuko dute parte, eta Paolo Arrivabenik zuzenduko du. Abuztuaren 11n eta 13an izango dira emanaldiak.

Kursaaleko eskaintza sinfonikoa EOSek irekiko du, hilaren 18an, eta aurrenekoz jardungo da orkestra Christian Zacharias pianista eta zuzendari alemanaren aginduetara. Segidako egunetan, Krzystof Urbanskik Hanburgoko NDR Philharmonie orkestra zuzenduko du (abuztuak 22), Yannick Nezet-Seguinek Rotterdams Philharmonisch (abuztuak 24), Ivan Fischerrek Budapest Festival Orchestra (abuztuak 26 eta 27) eta Jukka-Pekka Sarastek Koloniako WDR Sinfonieorchester (abuztuak 31 eta irailak 1).

Amoria emanaldiak itxiko du Kursaaleko egitaraua, abuztuaren 29an. Baionako Katia eta Marielle Labeque ahizpa pianistek XVII. mendetik gaur arteko euskal musika omenduko dute. Hainbat artista gonbidatu dituzte; Carlos Mena, Eñaut Elorrieta, Thierry Biskarri, Oreka Tx taldea eta Easo eskolania, horien artean.

VIKTORIA EUGENIA

Hamabostaldian pisu nabarmena duen beste agertoki bat da Viktoria Eugeniakoa. Hiru proposamen hartuko ditu aurten. Alexandre Tharaud piano jotzailea izango da lehena, abuztuaren 6an, ia bi mendeko tartea hartzen duen programarekin; Couperin, Debussy, Chabrier, Satie eta Beethovenen obrak joko dituzte. Hilaren 20an, tradizio zeltako doinuak eskainiko dituzte Jordi Savall violagambistak eta Carlos Nuñez gaita jotzaile eta flautistak. Eta hiru saioetan azkena, Herve Koubi dantza konpainiaren Les Nuits Barbares ikuskizuna izango da, hilaren 28an; Mozarten eta Faureren requiemen pasarteak, Afrikako musika tradizionala eta hip hopa gurutzatuko dituzte.

HAMABOSTALDI IBILTARIA

Musika aitzaki izeneko zikloak aterako du jaialdia Donostiako mugetatik, hamabost kontzerturekin. Emanaldi berezi bat prestatu ohi du jaialdiak Arantzazuko santutegirako (Oñati, Gipuzkoa), eta Kukai Dantza konpainiari egin dio enkargua aurten; Adio aurkeztuko du taldeak, abuztuaren 23an. Abesbatza, pianoa eta poesia elkartuta, Bitoriano Gandiaga eta Iñaki Beristain gogoratuko dituzte, Arantzazun arrasto handia utzi dutenak bi-biak. Gipuzkoan, halaber, Raquel Andueza & La Galania ariko dira Zumaian (abuztuak 8); eta Klara Mendizabal eta Elisa di Pietro sopranoak Getarian (abuztuak 11), besteak beste. Araban, Artziniega, Kanpezu, Guardia, Tuesta eta Olano izango dira Hamabostaldi ibiltariaren geralekuak. Eta Nafarroan, Leireko monasterioan, biolontxelo eta organorako kontzertua emango dute Josetxo Obregonek eta Daniel Oiarzabalek, abuztuaren 4an. Senpere ere (Lapurdi) ohiko helmuga du jaialdiak, eta bi emanaldi jasoko ditu aurten; Bilboko Orkestra Sinfonikoa ganbera formatuan eta Jordi Savall violagambista.

ORGANO ZIKLOA

Organo zikloak ere Donostiatik kanpora luzatuko du Hamabostaldiaren itzala. Ataun, Usurbil, Azpeitia, Azkoitia, Hernani eta Deba zeharkatuko ditu aurten, Gipuzkoan denak. Denera hamahiru kontzertu izango dira, eta nazioarteko ospea duten organistak izango dira tartean; Michel Bouvard (abuztuak 6), Joonho Park (abuztuak 6 eta 9) eta Klaus van den Kerhoff (abuztuak 7), besteak beste. Juan de la Rubiak Jesus Guridiren Hamar euskal doinu pieza egokitu du organorako, Hamabostaldiaren eskariz, eta hilaren 8an estreinatuko du Artzain Onaren katedralean, Donostian. Abuztuaren 12an, ziklo itxierako kontzertuan, Donostiako San Bizente elizako organoaren 150. urtemuga ospatuko dute, soprano, txistu eta organorako programa batekin.

OSTEGUNAK SAN TELMON

Edizioz edizio, harremana estutu dute Musika Hamabostaldiak eta Donostiako San Telmo museoak. Horren erakusgarri, mitologia klasikoari eskainitako Pradoko jainkoak. Artea eta mitoa erakusketa du ikusgai museoak hilabeteotan, eta hari lotuta ardaztu du Hamabostaldiak aurtengo eskaintza mito eta tradizioetan. Horretaz gain, Ostegun musikalak San Telmon zikloa abiatu zuten iaz elkarrekin, eta hiru kontzerturekin emango diote segida aurten: The Brahms Project taldeakGluck, Brahmsen eta Schuberten obrak eskainiko ditu, abuztuaren 9an; hurrengo ostegunean, hilaren 16an, Judith Jauregi eta Lina Tur Boneta ariko dira, pianoan eta biolinean, hurrenez hurren; eta Clara Mouriz mezzosopranoak eta Joseph Middelton pianistak osatuko dute hirugarren ostegun musikala, hilaren 23an.

MUSIKA GARAIKIDEA

Jaialdiaren erditik aurrera abiatuko da klasiko garaikideari eskainitako zikloa. Gerhard laukoteak abiatuko du, Pablo Sorozabal konposizio lehiaketako obra irabazlearekin, abuztuaren 19an. Cosmos laukoteak eta Noelia Rodiles pianistak bi pieza estreinatuko dituzte, abuztuaren 21ean; Hamabostaldiak Mikel Urkiza konpositoreari egindako eskaria haietako bat.

Garai ugaritako obrak alderatuko ditu United Instruments of Lucilin taldeak, abuztuaren 25ean. Hiru egunera, hilaren 28an, Ensemble C Barre taldeak hartuko du txanda Sul segno programa aurkezteko; Falla, Murail, Alvarodo, Ibarrondo eta Mareszen obrak eskainiko ditu. Zikloa ixteko, azken hamarkadetan sorturiko errepertoriora joko du Ensemble Musica Practicak.

Horretaz guztiaz gainera, antzinako musikaren, interprete gazteen eta haurren zikloek osatuko dute mitoei eta tradizioei eskainitako Hamabostaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.