UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (III). Arroitz eta oliba olioa.

Oliba olioa, urrezko isurkaria

Oliba Olioaren Festa ospatzen da Arroitz herrian. Ogi txigortua oliotan bustitzeko xedez, milaka bisitari biltzen dira jaialdira. Kanpainaren emaitza ahogozatzeko garaia izaki, postre lehiaketak, kontzertuak, eskulangintza saltegiak eta ekitaldi ofizialak antolatzen dira herrian.
Ilara luzeak izaten dira oliba olioa ahogozatzeko.
Ilara luzeak izaten dira oliba olioa ahogozatzeko. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2019ko uztailak 18
Otsailari agur esan baino lehen, Arroitz herriak (Nafarroa) 10.000 bisitari inguru hartzen ditu. Den-denak, ogi txigortuak oliotan bustita dastatzeko asmotan. Herrian egiten den ospakizunik ezagunena izaten da akaso; egia esanda, jende ugari bertaratu ohi da Montejurra mendigunearen babesera oliba uztaren emaitza berehalaxe ezagutzeko. Sektoreak haizea aldeko duela ospatuko dute aurten XXI. edizioa. Arroizko jaiak bi helburu nagusi ditu, Angel Moleon alkateak igande goizean azaldu duenez: «Oliba olioaren kalitatea goraipatu nahi dugu, baita nekazaritzak gaur egungo gizartean duen garrantziaz ohartarazi ere».

Urre likidoaren festa ez da ezerezetik sortzen. Eskualdeko oliba ekoizleak buru eta bihotz aritzen dira hilabete batzuk lehenago, oliba apetatsuak dolareetan sartzeko. Arroizko Mendia oliba eiherak ibilbide luzea egina du. Mende laurdena ospatu zuten 2017ko otsailean, aretoko plaka batean irakur daitekeenez. Kooperatiban 5.000 bazkide inguru daude, enpresaren egitasmoari begitarte ona egin baitzaio hasieratik. Oro har, Nafarroako Erdialdean dauden olibondo sail txikiek parte hartzen dute dolarean. Jasotzen diren oliba motei dagokienez, arbekina eta Arroitz motakoak dira. Arbekina oliba motak produkzio osoaren % 10 baino ez du hartzen, hala ere. Mendia dolareko presidente Pedro Luis Gonzalezek ezagutarazi duenez, «ia hamar miloi kilo oliba jaso dira aurten, eta, denera, bi milioi litro inguru atera dira. Espero baino litro gutxiago izan arren, gain-gaineko kalitatea erdietsi da».

Urre likidoaren festara, herriko agintariez gain, sona handiko bisitari batzuk ere biltzen dira olioaren ingurura: pregoilaria, umoregile eta aktoreak, Nafarroako Olibaren eta Arroizko Ogi Txigortuaren Ordenako ohorezko kideak eta, besteak beste, baita zenbait elkarteren ordezkariak ere. Iruñeko Ganbara Abesbatzari egokitu zaio hasiera ematea aurtengo ekitaldian. Jarraian, alkateak Felix Cariñanos aditu vianarrari jarri dio Urrezko Oliba, eta hizlari polifazetikoak abagunea baliatu du aipamen historiko ugari luzatzeko bertaratutakoei. Txalo zaparrada eta une dibertigarriak entzun dira areto jendetsuan.

Kanpoan, berriz, ilara luzeak osatu dituzte bisitariek: eguneko protagonista ahogozatzeko ordua da. Ogi txigortuak berakatzez, gatzez edota azukrez ongi maneatuta, 15.000 txigorki inguru prestatu dira dolare barruko gelatxoan. Nork bere ogi xerra eskuan, beraz, ontzi zurietan isuritako oliotan sartu-atera egin ostean, dastatzeko ordua iritsi da. Istant batez, txigorkiak desagertu dira. Aseta gelditu ez dena ilarara itzuli da zalu eta zoli. Ziur asko ahosabaiari bigarren aukera emateko intentzio onarekin.

Gazteluzar kastroa

Arroitz, Lukin, Arellano eta Barbarin herriek bat egiten duten eremu zimurtsuan, Mendia leku izenari dagokion paisaia bikaina dago. Berez, Montejurra handiaren adar bat da, non artadia, pinudia eta erkameztia uztartzen diren. Bide zaharrek alderik alde zeharkatzen dute Nafarroako eremu menditsua. Ibiltarientzat ez ezik, mendiko bizikleta gustuko dutenentzat ere paradisu ederra da. Mendia parajea ezagutarazteko xedez, ibilbide sare bat osatu da Arroitzen. Horietako bat baliatuta, bisitaria inguruko herrietako mugak ezagutzera abiatuko da.

Arroizko Foruen plazan hasiko da ibilaldia. Udaletxe eta hainbat etxe armarridun ikusiko dira han. La Balsa kaleari segika, estilo gotikoa eder-eder erakusten duen San Salvador elizara helduko da. Aurrerago, herriko ur beharrak asetzeko behiala eraikitako ur biltegi erraldoi baten espaziora iritsiko da ibilzalea. Datuak arakatu dituztenek diotenez, behinolako biltegiak 300 metroko perimetroa zuen, eta hamar metro sakon zen. Ura ikusi ordez, aisiarako eremu atsegina egokitu zen 1960ko hamarkadan, leku berean. Balkoi ezin hobea da gaur egun. Eskolaren eta parkearen artetik doan kaleari men eginez, bisitariak porlan bide batekin egingo du topo. Arroitz atzean utzi ostean, Mendia parajearen inguru-minguruak deskubritzeko tenorea izango da. Ezkerrera doan bidea hartu gabe, ordea, zehar-zehar jarraitu eta laster agertuko da Gazteluzar kastroa bisitatzeko parada. Bide seinaleari jarraituz gero, Burdin Aroko kastro interesgarri baten albora iritsiko da berehala. Muinoaren muturrean dago, eta Nafarroan hobekien kontserbatuta daudenetako bat da.

Itzulia, mendian barrena

Kastroa bisitatu ondotik, bide nagusira itzuli eta goratasuna hartzeari eutsiko zaio, pitinka-pitinka. Porlan zati batzuk agertuko dira bidean. Bideak berriro banatzean, ezkerretik gora doan suebakiari muzin egin eta parez pare ikusiko den ate metalikoa igaro beharko da. Jaitsiera xumearen ostean, edanleku bat ikusiko da behe-ibarrean. Eskuinetik segitu eta magalari gortea eginez, erkameztia burutik buru zeharkatzeko urratsak egingo dira han, Arellanoko mugara iritsi arte. Alanbrea eta ate metaliko bat ikusiko dira zoko horretan. Atea igaro eta alanbre paretik ekingo zaio. Lukin eta Arellano lotzen dituen basabide zabalera iritsiko da segituan. Erkameztiak lekukoa pasatuko die pinuei. Basabidean gora eta gora eginda, lepora iritsiko da. Toro iturrira eta Montejurra mendira doazen bideak alde batera lagata, ezkerrera hartuko da lepoan, eta Cantoelmonte aldera egingo. Arroitzera jaisten, aukera izango da Lukin eta Barbarin aldera begira jartzeko. Baina, horretarako, ondoan altxatzen diren tontor xumeetara igo beharko da. Bestela, bide nagusitik jarraituko da, desbideratzerik hartu gabe. Barbarin herrira doan basabidera irtetean, aurrera egin eta, noranzkoa aldatu gabe, hegiz hegi segituko da. Azken muinora iritsita, eskuinera egin eta almendrondoak gidari direla, Arroizko Mendia basilikara joan eta handik kalean behera egingo da Arroizko zirkuitua amaitzeko.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (IV) Eztia eta Usurbil.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna