Urdaibaiko Guggenheim, berriro hizpide

Museoaren bi egoitza berri egin nahi dituzte: bata, Muruetako ontziolan, eta bestea, Gernika-Lumoko Dalia lantegian. «Bide berde» batek lotuko lituzke

Muruetako ontziola, 2010. urteko irudi batean. Gunea berdin dago egun. BUSTURIALDEKO HITZA.
Edu Lartzanguren - Amaia Igartua Aristondo
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Juan Ignacio Bidarte Guggenheimeko zuzendariak 2018an iragarri zuen museoa zabaltzeko lekuen bila ari zirela Gernika-Lumo (Bizkaia) inguruan. Horri lotuta, herenegun jakinarazi zuten azken erabakia: Guggenheimi bi kimu egiteko asmoa dute, Urdaibain (Bizkaia): bata, Gernika-Lumon, Dalia lantegi zaharraren orubean, eta bestea, Muruetako ontziolan. Lotuta egongo lirateke bi guneok, «bide berde» baten bitartez, museoaren fundazioaren patronatuan esan zutenez.

«Museo eredu berri bat izango da: ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, lotura soziala eta ikerketa uztartuko ditu; bisitariari esperientzia berri bat eskainiko dio; eta Bilboko Guggenheim museoaren osagarria izango litzateke». Natura eta artea lotuko lituzkete museook, adierazi dutenez. Izan ere, ez litzateke oinarrituko eraikin berezietan, baizik eta «paisaia ikoniko» batean. Horretarako, nazioarteko lehiaketa bat antolatzeko asmoa dute, munduko artista, paisaiagile, arkitekto eta ekologo taldeek ideiak plazara ditzaten. Urdaibai biosferaren erreserba izendatu zuten 1984. urtean, eta Hegaztien Babeserako Zona Berezien egitasmoan dago 1994tik. Museoko arduradunek esan dute Urdaibaiko egoitzek eskualdeko jarduera ekonomikoa suspertzea espero dutela, «ingurumena errespetatuta».

«Bide berde» horretan, arte instalazioak eta bestelako artelanak jarriko lituzkete, bi eraikinak lotzeko. Denera, erakusketarako 3.000 metro koadro irabazteko asmoa dute, kanpoaldea galeria bihurtuta. Oinez joan beharko lukete bisitariek, baina garraiobide elektriko batzuk jartzea ere pentsatu dute, hala nola bizikletak edo autobusak.

Egoitza berriak Europako Batasuneko Next Generation funtsekin ordaintzea espero dute. Eusko Jaurlaritzak sartua du egitasmoa EBko diru laguntzak jasotzeko zerrendan. Zabalkuntzaren aurrekontua 120 milioi eurokoa da: horietatik 81 EBtik letorzke, eta gainerakoa, tokiko erakundeetatik eta inbertsore pribatuetatik. Bost urte iraungo lukete lanek. Urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dutela adierazi dute.

Proiektuaren joan-etorriak

2008. urtean proposatu zuten lehenbizikoz Bilboko Guggenheim museoaren beste egoitza bat zabaltzeko proiektua. Hasieran, museo berria Sukarrietan (Bizkaia) zabaltzea proposatu zuten, Ricardo Bastida arkitektoaren 1925eko eraikin bat zegoen tokian —BBK-k antolatutako udalekuak egiten diren lekuan, hain zuzen—. Bizkaiko Foru Aldundiko garai hartako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao, izan zen proiektuari hauspoa eman ziona bereziki, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen aldeko jarrera hain argirik agertu. 2009an, PSE-EE alderdiko Patxi Lopez izendatu zuten lehendakari, eta hura esplizituki agertu zen proiektuaren aurka. Hala ere, urte horretan bertan plana abiaraztea erabaki zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim museoak, Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikorik ez zuten arren. Jaurlaritzaren jarreraren ondorioz, proiektua bazterrean geratu zen orduan.

2018an, egitasmoa berriro azaleratu zen, 2020ra bitarteko museoaren plan estrategikoan sartu baitzuten. 2020ko abenduan, Europako funtsak jasotzeko Jaurlaritzak eginiko proiektuen zerrendan ageri zen Guggenheim Gernika, Bilboko Guggenheim museoaren zabalkuntza berdea.

«Bide luzea du egiteko»

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuaren hitzetan, proiektuak «bide luzea egin du orain arte, eta oraindik ere bide luzea du egiteko». Atzoko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian onartu zuenez, «lehenengo eta behin jakin behar da ea aukera izango duen Europako funtsak jasotzeko, eta proiektua puntuz puntu zehaztea ere falta da». Funtsik jaso ezean, ez zuen baztertu egitasmoak beste finantza bide bat izan dezakeenik, baina ezta baieztatu ere: «Kasuan-kasuan, datozen hilabeteetan ikusi beharko da proiektuetako zeintzuek egingo duten aurrera eta zeintzuek ez. Ogasun Sailak ikusi beharko du funtsak nola txertatzen diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.