begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Enkarterriko bost, pareta zurian aktore

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Asteazkenean, goiz- goizean ekin zioten Donostiarako bidaiari Lucia Tuezos Landetak, Sara Begoña Ibañez Ortegak, Maite Zuazola Fernandezek, Maria Salud Rey Roizek eta Maria Begoña Suarez Ereñok.

Goiz-goizean. Argia urratzearekin batera. Euskal Herriko beste puntatik etorri behar zuten Gipuzkoara; zehatzago esanda, idatzia, Donostiako Martutene auzoan den presondegira (Sarri, Sarri, Sarri... Black Is Beltza...). Kasik Kantabriarekin pega-pega den Montellanotik atera zen bat. Sopuertatik bestea. Galdamestik hirugarrena. Muskizen hartu zituen kotxea gidatzen zuenak beste biak.

Bostak dira Enkarterrikoak, eta Somorrostroko burdin zuloetan lan latza egiten zuten meatzari haien emazte, alaba, arreba eta geroago jaioko ziren hamaika emakume gehiago bezain kementsuak, menderaezinak eta hainbat borroketan sartuak. Ez dira beren alabak edo bilobak bezain gazteak. Baina ez dute amore eman. Eta ez dute inoiz emango. Petrolioa findu eta petrolio-deribatuak salgai jartzen dituen Petronor munstro aseezina dute etsai erraldoia, On Kixoteren errotak bezain beldurgarria. Bostek dakite findegi horrek 1968tik gero eta bereago egiten duen lur eremua padura izan zela inoiz.

Joandako garai haietan beren etxeetako leihoetatik kresal usaina sartzen zen. Orain, berriz, hauts beltza, erregai fosilen errautsak eskobatu behar...

Bostak dira Enkarterrikoak. Bostek dute maite hor, urrun-urrunean, petrolio-gordetegiek eta zerua zikintzen duten tximiniek ezkutatzen duten itsasoa.

Enkarterritik atera ziren bostak asteazkenean goiz-goizean. Donostiarako bidea hartu zuten. Kartzelarantz. Ez. Bilatzeko eta atxilotzeko agindurik ez zen zabaldu haien kontra, nahiz eta kale, antzoki, elkarte-gerlari primerakoak izan. Ez. Nahita ziren etortzekoak. Berariaz ziren sartzeko prest. Bertan bazutelako eginbeharrik.

Aipaturiko bostek lur honetako zeluloidezko izkina, bazter, bilkura guztietan saritu izan den Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas sona handiko film laburrean hartu zuten, aspaldi samarrean jada, parte. Eta Cuerdas aurkeztu behar zuten Martutene auzoan den kartzelan (Sarri, Sarri, Sarri... Ainhoa...). Bertako liburutegi ondoko salatxo batean. Paretak ditu zuri kolorekoak. Ideal-idealak mundu osoan proiektatu izan den pelikula baten euskarri izateko. Ez pentsa, Euskal Herriko hainbat eta hainbat zineklubek Martutenekoaren antzeko pantailak izan ohi zituzten Antigoalean. Eta denetan piztu zen, askorengan, zinemarekiko lilura amatatuezina. Martutenen gauza bera suertatu zen.

Hainbat lagun preso arrimatu ziren emanaldira. Eta flipatu egin zuten, derrepente konturatzean pareta hartan eta hartatik agertzen ziren haien arteko bost haien artean zirela eserita. Jakin bazekiten, ederki asko jakin ere, bosten artean zaharrena den Lucia Tuezos Landeta (92 urte eta Muskizko talde ekologistako kidea) Cannesen egona zela, eta Semaine de la Critiquen, trenbideetako langileek erabakitako garaikur famatu hura altxatu zuela alfonbra gorrian, Estibaliz ondoan zela.

Filmak dirauen 30 minutuak pareta miragarrira seko so pasa eta gero, zabaldu zen hitz-aspertu oparoa. Zinema mintzo, bizitza mintzo, borroka mintzo. Kamera aurrean zer sentitu zuten galdetu zieten. Galdetu ere filmaren isiluneen garrantziaz. Galdetu eszenen kokapenez. Lara Vilanova argazki zuzendariak hartutako erabakiez...

Bi ordu eman zuten bertan Enkarterriko bostek. Eguerdi aldera, atera ziren kartzelatik. Kafe bat eskatu aldameneko taberna batean, eta Enkaterrietarako bidea hartu zuten. Arrats partean iritsi ziren etxera bostak. Bilbotik pasatu eta gero.

Han FANT zinema jaiaren azken-aurreko prestaketetan ziren bitartean, aurrera egiten zuen Donostia erdigunean gaur bukatzear den Giza Eskubideen Zinemaldiak. Arratsaldean, Elias Kerejeta Zine Eskolaren egoitza/kabia/ gordeleku/ inkubagailua den Tabakaleran Aljeriako saharar herriaren kanpamentuetan sortutakoAbidin Kaid Saleh Zine Eskolak eginiko lehenbiziko luzea, Wanibik izenburukoa, izango da ikusgai.

Kanpamentu haietan, pantailak harea gainean jarritako egitura batek sostengatzen dituen oihal zuriak izan ohi dira...Mendebaldeko lurretara bueltatu arte. Inch Allah, hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.