UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian (I). Ribabellosa eta boilur beltza.

Boilur beltza, lur azpiko miraria

Produktu bati lotuta daude herri asko: haiek ezagut daitezke BERRIAren udako serieari esker. Boilurrari laudorio egiteko, Ribabellosa aukeratu zuten duela lau urte. Makina bat bisitari joaten da urtero Arabako herri horretara, onddoaren bertuteak ezagutzeko.

Boilur beltza, lur azpiko miraria.
Josean Gil-Garcia.
Ribabellosa
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Arabako herrialdea milaka altxorren gordelekua da. Iparraldetik hasi eta hegoalderainoko bidaia egitea besterik ez dago frogatzeko produktu ugarik izaera berezia lortu dutela. Esaterako, boilur beltza (Tuber melanosporum), zeinak arian-arian bide interesgarria egin baitu Arabako herrialdean. Batez ere, goi mailako sukaldaritzan.

Boilurra, ordea, ez da mendian erraz sumatzen den onddo bat. Lur azpian egoten da, eta zuhaitzen sustraiei sinbiosi hertsian atxikita dago. Klandestinitateak, hala ere, makina bat kondaira eta sinesmen sortu ditu historian barrena. Hala jakinarazi zuen, bederen, Tine Grebenc Esloveniako boilur-laborantza ikerlari eta adituak Ribabellosako azokan, urtarrilaren hondarrean.

Hari esker jakin zuten entzuleek Antzinako Grezian eta Erroman boilurra biltzen zutela. Erdi Aroan, haatik, deabrukeriekin lotu omen zen boilurra, onddoa infernutik hurbil zegoelakoan. Azken batean, boilurra lur azpian garatzen da, zerurako bidetik erabat aldenduta. Denboran aurrera egin ahala, ordea, ospeak onera jo zuen, eta, XVIII. mendeaz geroztik, gizartean hedatzen hasi zen, pitinka-pitinka. Napoleon Bonaparte oso zalea omen zen. Medikuntza alorrak ere deskubritu zuen boilurraren onura, batez ere tanta hezueriaren kontra. Beste askok afrodisiakoak zirela uste zuten, onddo ilun horiek jainko-jainkosen alabak zirelakoan.


Boilurra. Boilur beltza lur azpiko miraria da. Josean Gil-Garcia.

Dena dela, boilurra ospe ona bereganatuz joan da poliki, entzute handiko jaki bilakatzeraino. «Eslovenian hamarkada batzuk daramatzagu ikerketa lanetan; gure erliebeko kareharriek produktuaren hedapena bermatzen dutelarik», nabarmendu zuen Tinek areto jendetsuan.

Arabako boilurra

Lurra, ura eta airea ondo orekatuta egonez gero, boilur beltzaren garapena bermaturik dago, nekazarien arabera. Kanpezuko eskualdean jo eta su aritu ziren orain hogei urte, eta irmoki jarraitzen dute gaur, etengabeko lanean. Altxor gastronomiko beltza lur azpian garatzen da, eta boilur txakurrek ezinbesteko lana egiten dute diamante biribilak topatzeko. Izan ere, haren usain gozoak eta berezko zapore onak liluratu egiten dituzte boilur biltzaileak. Horiek horrela, Arabako Boilurraren Kooperatiba eratu zuten 2016an, produktuaren kalitatea bermatzeko eta sektorea profesionaltzeko.


Bilatzaileak. Boilur txakurren usaimen finari esker topatzen dituzte ondorioak. Gosean Gil-Garcia.

Ribabellosako azoka erakusleiho interesgarria izaten da produktuaren ibilbidea oso hurbiletik ezagutzeko. Herriko kiroldegia itxuraldatu egiten da egun seinalatuan: bisitariek aukera izaten dute ezkutuko onddoaren uki gogor eta mamitsua bertan antzemateko. Sukaldaritza erakusketaz gain, boilur bilaketaren erakustaldiak prestatzen dituzte kanpoan, txakur ipurdantzariek lagunduta.

Eslovenian hiru azoka prestatzen dituzte urtero. Boilurraren legez kanpoko salerosketaren kontrako jardunaldiak eta kontzientziatzeko kanpainak ere antolatzen dituzte. Besteak beste, eskoletako haurrek hezkuntza programetan parte hartzen dute: esaterako, Ikerkuntzarako Basoa izeneko jarduera pedagogikoan. «Haurrek boilurra sentitzeko eta usaintzeko gaitasuna dutela uste da, hots, diamante mikorrizatuek haurrengana iristeko dohain berezia dutela».

Quintanillako gaztelurantz

Ribabellosako (Araba) Foru enparantzan hasiko da ibilbidea, hots, bolatokia eta udaletxea dauden elkargune zabalean. Hango harrizko lauza batek gogora dakar Ribabellosa mugarria izan zela 1463an. Arabako herrialdea izango zenaren oinarri politiko eta geografikoak idatzi zituzten orduan, eta hiribildu zein ermandadeetako ordezkariek onartu zituzten.

Quintanillabide kaleari jarraituta, Arrosarioko Andre Mariren elizara iritsi beharko du ibiltariak. Gero, Melledesera doan errepidea bazter utzita, tenpluaren atzean dagoen Giza Eskubideen parkera helduko da. Hilerriaren ertzetik igarota, Quintanillaraino lagundu duen landabidea hartuko du. AP-68 autobideak bidea mozten duela ikusirik, errepidearen azpiko tunelean aurrera egingo du, eta, harpetik irten bezain laster, ezkerrera joko, Donejakue bide sonatuari dagozkion bide seinaleei muzin eginda.

Montegrandeko talaian gailentzen den harrizko prisma deigarrira begira jarriko da ibiltari jakin-nahia. Izan ere, Quintanillako gaztelua bazter ugaritatik ikusten da: ez da oharkabean pasatzen. Adituek esaten dutenez, I. karlistaldian altxatu zuten hura, eta defentsarako balio handia izan zuen Miranda eta Armiñon lotzen zituen bide zaharra babesteko. Komunikazioa bermatze aldera, gune telegrafiko garrantzitsua izan zen han goian, Quintanillakoarekin batera beste gune batzuek osatzen baitzuten defentsarako lerroa.

Galsoroak lagun, lau bideko elkargune batera iritsiko da berehala oinezkoa. Zuzen jarraitu beharko du bidegurutzean, eta, labore soroak aldamenean direla, aurrera egingo du. Altuera galtzen hasitakoan, eskuinetik doan xendari jarraitu beharko dio, abaritzak, erkametzak eta ipuruak lagun. Hala, Montegrandeko talaiaren behealdeko igarobidea burutik buru korrituta, Quintanillako latsarrira helduko da, azkenik, ibiltari patxadatsua.

GR-1 zidor historikoaren bide seinaleak daude Quintanillan. Herrian sartu gabe, ordea, eskuinera jo, eta, herriari bizkarra emanda, GR-1 zidorretik segituko du. Hala, Armiñon alderako bidea hartuta, berehala eskuinera egiteko agindua emango du zidor historikoak. Porlan bidean gora egin behar da lehen metroetan barrena. Malkarraren ondotik ibili ostean, gaztelua aurrez aurre izango du ibiltariak. Panoramika ederraz gozatzeko balkoi interesgarria da.


Gaztelua. Quintanillako gaztelua gune telegrafiko garrantzitsua izan zen. Josean Gil-Garcia

Dorreari bizkarra emanda, ipar-ekialdera urratsak egiten jarraitu beharko du oinezkoak, pinudia ezkerraldean delarik. Lehen metroak egin ostean, eskuinera jo, eta maldan behera jarraituko du, GR-1 zidorrak lagunduta. Beherago, zidor historikoa laga, eta eskuinetik doan bidexkari ekingo dio. Kornigatxa izena hartzen duen muinotik behera egingo du segituan, GR-1 zidorrarekin berriz topo egin arte. Orduan, Armiñon aldera jo beharrean, eskuin-ezker egin eta Armiñon eta Ribabellosa herriak lotzen dituen nekazari bide zabalera irtengo da ibiltaria. Ur biltegiaren aurrean, eskuinetik jarraituko du, mendebalderantz, Ribabellosara iristeko falta diren 3,7 kilometroak osatzeko.

Somo inguruan, ur biltegi txiki bat dago, eta, haren hormari atxikita, herrialdea zeharkatzen duten zidor historikoen inguruko informazio interesgarria. Besteak beste, ibiltariak ikasiko du Armiñondik Ribabellosara doan bidezidorra historikoa dela, eta bideari erreparatuta behialako harbide baten arrasto zenbait ikusiko dituela. Harbidea babestuta dago 2012az geroztik, eta Donejakue bidearen monumentu multzoari lotutako elementu gisa dago katalogatuta. Errege Bidea autobideak mozten baitu, eskuinera egin, lehen erabilitako tunela zeharkatu eta herrira heltzeko.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (II): Mertxikak, Sartagudako gutiziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.