1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Errenterian, poliziak suari erregaia botatzen

Apurka, normaltasuna itzultzen ari zen, baina, uztailaren 13an, polizia armatuak Errenterian sartu ziren: herrian triskantza eragin, dendetan lapurtu, udaleko ikurrina apurtu eta kamioi bati su eman zioten.

Polizia armatua 1978ko uztailaren 13an Errenterian, lapurretan. JOSE MARIA PEMAN.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
German Rodriguezen eta Joseba Barandiaran erailketek Euskal Herrian eragindako protesten suari erregai gehiagorekin erantzun zioten polizia armatuek. Uztailaren 13an, Errenterian sartu ziren eta egun hartan gertatutakoa herriaren memorian iltzatuta geratu zen. «Gertaera larriak Errenterian», nabarmendu zuen Diario de Navarra-k uztailaren 14ko azalean. «Polizia Armatuaren 200 kide oldarka sartu ziren, erakusleihoak hautsi zituzten eta objektuak lapurtu zituzten. Euren aginduetara zegoen burua berehala kaleratu zuten», gaineratu zuen egunkariak. «Errenterian, Poliziaren ekintza gaitzesgarri batek lasaitasuna hautsi du», zioen Diario Vasco-k. «Azken egunetako gertaera dramatikoen ostean, Euskal Herrian normaltasuna praktikoki itzuli zen». Horrela deskribatzen zuen oldarraldi horren testuingurua.

Esanguratsua zen Diario Vasco-k hori esatea, aurreko bi egunetan, grebaren ondorioz, kalera ateratzerik ez zuelako izan Donostiako kazetak. Artikuluaren sarreran aipatzen zen aurreko egunetako tentsioaren ondoren, normaltasuna itzultzen ari zela, baina « aurreko egunetako gertaera larriei beste bat gehitu zitzaien». DV-ren arabera, «Errenterian, biztanleen erdia ez zen lantokietara joan. Goizean batzar bat egon zen eta ondoren saltoki eta lantokiak itxi ziren. Barrikadak osatu ziren eta borrokak egon ziren Guardia Zibilarekin». Horiek laguntza gehiago eskatu zioten gobernadore zibilari, eta hark polizia armatuak bidali zituen.

«Manifestariei aurre egin zieten, baina ondoren biztanleak lasai zeudenean, bazkalorduan, euren armekin inguruko saltokietan kalte larriak eragin zituzten: kristalak eta etxebizitzetako portal automatikoak hautsi zituzten, ikurrinen aurka tiro egin zuten eta eraso egindako saltokietan hainbat objektu hartzera heldu ziren. Gertaeren aurrean, biztanleak erabat harrituta zeuden ordurako. Poliziek kamioi bat erre zuten eta ibaira bota zuten bere zama, eta euren ibilgailu polizialaren aurka kolpeak jo zituzten», deskribatu zuen Diario Vasco-k azalean. Ondoren gaineratu zuen udaletxeko ikurrina «erabat hautsita» zegoela edo eraso egindako kamioia Luzuriaga enpresarena zela.

Barruko testuan, poliziek erasotako bi saltokiren argazkia zekarren. Artikuluaren arabera, polizien ekintzek «tentsio handia» eragin zuten herrian. «Poliziek alde egin zutenean, jendea kalera atera zen protesta egitera, eta udal batzak batzar bat antolatu zuen arratsaldeko bostetan». Arratsalde hartan merkatariek salatu zuten bi dozena betaurreko, hainbat argazki kamera, arrantzatzeko kanaberak, 3.000 pezeta balio duten bonboi eta txokolate kutxak lapurtu zituztela, besteak beste.

«Gainerako indar politikoak bezain haserre nago», esan zion Antonio Oiarzabal garaiko gobernadore zibilak RNE irrati kateari egun hartan eskaini zion elkarrizketan: «Polizia Armatua berak erabateko kontzientzia du han gertatu denaz, eta hori azpimarratu nahiko nuke». Gertaerak ikertuko zirela aipatu zuen, eta uztailaren 15eko Diario Vasco-k aipatu zuen Polizia Armatuak Errenterian«kalte-ordainak» pagatuko zituela.

Garaiko Euskal Kontseilu Nagusia ere oso haserre zegoen, eta «bandalotzat» jo zituen poliziak. Uztailaren 14ko Diario de Navarra-n, euskal herritarrei dei egiten zien, «etortzen diren tokitik etortzen direla, probokazioetan ez erortzeko».Egin-ek garaiko kontseiluko Herrizaingo sailburuTxiki Benegasek okupazio militar baten aukera aipatzen zuen: «Hondamendi bat litzateke», azpimarratu zuen Benegasek. «[Espainiako] Gobernuak euskal auziari aurre egin nahi badio, euskal polizia baten beharra aintzat hartu beharko du», zioen.

Egun horretan, Rodolfo Martin Villa Espainiako garaiko Barne ministroa elkarrizketatu zuen TVEk. «Errenterian gertatutakoa larria da eta erabat ulertezina», aipatu zuen, eta aipu hori nabarmendu zuen Diario de Navarra egunkariak. Egin-ek, berriz, 1978ko sanferminei buruzko esaldi ezaguna azpimarratu zuen: «Geurea akatsak dira, eurenak bai direla krimenak».

Sanferminak bertan behera geratuta, Iruñean, geratzen ziren zezenak Gaseko ukuiluetatik atera zituzten. Diario de Navarra-k azpimarratu zuen erabakiak kalte handiak eragin zizkiola zezenketen antolatzaileari, Misericordia etxeari.

Lizarran, pertsona batek «tentsio uneak» eragin zituen foruen plazan,«plastikozko pistola batekin mehatxu egin zuelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.