Emilia Basabe. Getxoko bonbardaketen lekukoa

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Getxo
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hegazkin bonbardatzaileak entzutean sentitzen zuen beldurra, babeslekuko hodiaren hoztasuna, etxe ondoko zubitik sartu ziren italiarrak. 85 urte igaro dira Italia faxistako abiazioak Getxo (Bizkaia) hamalau aldiz bonbardatu zuenetik, baina Emilia Basabek (Getxo, 1931) bizi-bizi ditu oraindik ere garai hartan jazotakoak. Uste du bonbardaketoz ez dela egon interes handirik, baina ziur da aurrerantzean gehiago hitz egingo dela. Getxoko Udalak erasoen inguruko erakusketa bat antolatu du Punta Begoña galerietan; gaur itxiko dute, 14:00etan.

Nola gogoratzen dituzu bonbardaketak?

Jada bonbardatua zuten Areetako eliza [Getxo]. Gure etxetik pasatzen ziren hegazkinak, Galearantz zihoazelako. 6-7 urte nituen, baina oroitzen ditut hegazkinak igarotzen zirenean: ez zen bat pasatzen, baizik eta bi edo hiru. Gu babeslekura joaten ginen, ahizpa txikia eta biok. Uveetan [gerora kokatu ziren hormigoizko bi uve handi, Bizkaiko Etxebizitzak eraikuntza enpresaren logoa], hodi handi bat zegoen. Han egoten ginen bonbardaketak bukatzen ziren arte. Algortan [Getxo], etxeren bat bonbardatuko zuten, baina ez dut oroitzen. Baina oroitzen ditut italiarrak. Beldur handia pasatu nuen.

Hegazkinak zetozela jabetzea, nolakoa zen momentu hori?

Oihu egiten zuten; eta uiiii, sirena entzuten zen. Eta babeslekura joaten ginen. Gure etxetik, ortu batzuk zeuden, eta gero ibarra, txopoz beteta zegoena. Guk txopoak saltatzen genituen, eta Gobela ibaia zeharkatu; baina ez dakit nola saltatuko genuen, babeslekura blaituta heltzen baginen... Ahizpa altzoan eramaten nuen aterperaino; Gobela ibaira jaisten ginen, eta gero igo, ezkutuan. Uhal txiki bat eramaten nuen, eta esaten nion: «Miren, heldu uhala», eta igotzen ginen.

Nolakoa zen babeslekua?

Estolda bat zen. Algortako Portu Zaharrera zeraman hodi bat zen, oso hotza.

Eta nolakoak ziren babeslekuko uneak?

Ahizpa eta biok besarkatu egiten ginen. Esaten zidan: «Noiz joango gara etxera?».

Jende asko egoten zen?

Bai, bai. Eta denak egoten ziren horrela, nire ahizpa baino gazteagoak ere baitzeuden, eta nire ahizpak 4 urte zituen.

Umeak ziren, batez ere? Heldurik bazegoen?

Bazeuden. Batzuk etxean geratzen ziren, baina beti zegoen baten bat.

Zure gurasoak ere etxean geratzen ziren?

Nire aita ez, kanpoan zegoen. Garraioaren batzordetik bota zuten, eta menditik alde egin zuen.

Zergatik bota zuten beharretik?

Oso nazionalista zen. Eta ikurrina zuen balkoian zintzilik, bandera oso eder bat. Alderdiko liburu asko zituen; badakizu, lehengo gizonek zituzten gauzak. Azken Alderdi Eguneko liburuak zituen, oso ederrak: Jose Antonio Agirre zegoen, eta alderdiko printzipal guztiak. Azken urtean, Gorbeiako gurutzean egin zuten [Araba]. Dena gordetzen zuen. Nire aitari asko gustatzen zitzaion kultura. Guardia Zibila etorriko zen beldur, aitak eta amak hori dena erretzea erabaki zuten. Etorri ziren: gure etxe azpiko taberna miatu zuten; lehen solairuko etxebizitzak eta bigarren solairuko ezkerrekoa; baina eskuinekora ez ziren sartu, eta hor bizi ginen gu. Gero, nire amak disgustua hartu zuen: «Zer erre dugu!».

Zure ama ere nazionalista zen?

Nire ama, ez, ez asko; egia esan, etxean ez zen politikaz hitz egiten. Baina nire aita lanetik bota bazuten, zerbaitengatik izango zen. Franco hil zenean, nire aita hilda zegoen jada; amak esan zuen: «Orain eros dezakegu ikurrin bat, ez?». Eta esan nion: «Bai, ama, orain ahal dugu».

Bonbardaketez gain, baduzu gerrako beste oroitzapenik?

Barrikara [Bizkaia] joan ginen, mendietatik, oinez.

Zenbat denbora egon zineten Barrikan?

Ez asko. Hemendik irten zirenean, itzuli egin ginen. Gogoan dut jende askorekin batera joan ginela Barrikara.

Eta italiarrak sartu ziren unea, nola gogoratzen duzu?

Nik dena gogoratzen dut: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen. Nire etxea zubiaren ondoan zegoen. Eta denak ginen beldur. Nahi zutena egin zuten. Nire etxearen azpian taberna bat zegoen; hara sartu, eta oilategira joan ziren: oiloak eta untxiak genituen, eta horiek nahi zituzten. Eta amak ezetz esan zien, seme-alabei jaten emateko behar zituela. Ez, ez, ez. Gose handia zegoen. Eta beharra. Erosiko zituztela esan zuten, baina ez zen posible; beheko tabernan ogitarteko bat jan zuten, baina ordaindu gabe joan ziren.

Eta zure amak ezetz...

Ezetz esan zien. Ez jateko behar genituelako, patatak bagenituen eta. Indabak eta dilistak ere jaten ziren. Bilbora joaten ginen erostera, baina Algortan fielato bat zegoen [udalerri batzuetan zegoen aduana antzeko bat], eta ordaindu egin behar zen Bilbotik ekarritako gauzengatik. Oilo bat jan nahi bazenuen, ezin zenuen; saldu beharra zegoen erosteko zapatak, galtzerdiak... Bost neska ginen, eta mutil bat: sei, guztira. Nire aita soldatarik gabe geratu zen, ez genekien ezer hari buruz, nire amak ez zuen haren berri. Nire ama defendatu egin zen. Ze inoiz ez zaigu faltatu ez arroparik, ez zapatarik. Hori bai, mendira joan izan gara, Arrigunaga hondartzara egur bila, eta ikatz bila Ereaga hondartzara —Arrigunaga txikia deitzen genion guk—. Negu betean, sare batekin, hagatxo batekin eta makila luze batekin joaten ginen, eta, olatua zetorrenean, sare hori sartu, eta ikatza hartzen genuen. Ama pozik egon zedin. Esaten genion: «Amatxu, zu ez kezkatu». Beti izan naiz ahizpak baino indartsuagoa lan egiteko.

Behin gerra bukatuta, nolakoa izan zen frankismoan haztea?

Ba, pena bat, eskolan ez baitziguten ezer uzten eurek ematen zutenetik aparte. Eskua jaso, eskua jaso... Bandera zuten [Espainiakoa], eta beti joan behar zenuen eskua goian. Aitak esaten zuen: «Ez jaso eskua ez baduzue nahi». [ahotsa aldatuta:] «Baina, aita, ez badugu jasotzen, andereñoak erregela batekin joko gaitu». Nahi genuenean, joaten ginen, eta ez genuenean nahi, ez ginen joaten. Katiuska batzuk erosi zizkiguten behin, eta kuadrilla osoak erabaki zuen piper egitea, ibaira joateko karramarroak harrapatzera. Karramarroak ez ziren jaten; goian lasterketak egiteko ateratzen genituen, ez zegoelako autorik. Katiuskak luzeak ziren, baina ura sartzen zen. Nire gaztaroa gogorra izan zen.

Eta, hala ere, izan zenuen une zoriontsurik?

A, bai, asko. Amak dena egiten irakatsi zigun: josten, harrikoa egiten, erratza pasatzen... Den-dena egiten. Nik gaur dena egiten dakit: badakit botoi bat ipintzen, arropatxoa konpontzen. Apur bat, e? Ez asko.

Noiz hasi zinen etxetik kanpo lan egiten?

Nagusia nintzen. Ni ezkongabea naiz, beti bizi izan naiz gurasoekin. Aita hil zenean, 1975ean, amarekin geratu nintzen; eta ama hil zenean, 1983an edo 1984an, lanera atera nintzen, umeak zaintzera. Ia 70 urtera arte egin dut behar umeak zaintzen.

Etxean ez zela politikaz berba egiten. Eta bonbardaketez?

Horietaz bai. Baina politikaz, aita zenaz, ez. Guk bagenekien, baina inoiz ez ziguten esan zer gertatzen zen. Ez zituen gorroto lanetik bota zutenak. Denbora asko egon zen lan egin gabe.

Noiz hasi zen berriro lanean?

Gizon batek esan zion Firestonekoekin hitz egingo zuela, eta hartu zuten, galdaretan lan egiteko. Ohiko etxe bat geneukan; asko ginen, gosea pasatu dugu. Gainera, nire aitak osaba bat zuen jasoa; Bilbokoa zen, baina oso gaixo zegoen, eta gurera etorri zen.

Noiz arte iraun zuen goseak?

Guztira, zazpi-zortzi gose urte izan ziren. 1941. eta 1942. urteak oso txarrak izan ziren.

Aurrekoak baino gehiago?

Niretzat, okerrenak. Baina denak izan ziren gogorrak.

Zuretzat gogorra da urte horiek gogoratzea?

Bai, gogorra da. Baina gerrak indartsuagoa egiten zaitu, igartzen duzu.

Zertan?

Gauza askotan. Ni umea nintzenez garai hartan, nik umeak hartzen ditut aintzat.

Solidarioagoa egin zaitu?

Bai, batez ere umeekiko. Umeengatik, eskean jarriko nintzateke. Ukrainako gerrak asko gogorarazten dit garai hura. Haur horiek ez dutelako ezer, guk bezala. Guk maleta egina genuen Frantziara edo beste nonbaitera joateko, Bilboko portutik [Santurtzi, Bizkaia] irtengo zen ontzi batean. Aitak ezetz esan zuen, handik ez zela inor irtengo; hil behar bagenuen, denok batera hilko ginela.

Zuk nahiko zenukeen alde egin?

Ba, momentu hartan, ez dakit nahi izango nukeen. Hiru ahizpa eta anaia joango ginen, lau. Nola moldatuko ginen laurok bakarrik? Bi ahizpa nagusiak hemen geratuko ziren. Nik 6 urte nituen; ahizpa txikienak, 4; nire anaiak, 8; eta beste ahizpak, 12.

Zure ahizpa nagusiek euskara ikasi ahal izan zuten, ezta? Zuk, ordea, ez.

Euskara ere asko zigortu zen garai hartan: nire ahizpa nagusiak euskal eskoletara joan ziren, Algortan, eta euskaraz zekiten, edo behintzat apur bat ulertzen zuten. Baina 1936rako dena galdu zen; hutsetik hasi behar izan da. Nire iloba denek dakite euskaraz; ni naiz ez dakien bakarra. Euskarazko liburuak erosi izan ditut, euskaraz irakurtzen jakin gabe ere. Ilobari eman dizkiot.

Pena ematen dizu?

Horixe ematen didala. Pena da ez jakitea zure jaioterriko hizkuntza.

Desadostasunak egon dira bertsio ofizialaren eta zuek bizi izandakoaren artean?

Ez, ez zelako horretaz hitz egiten ofizialki. Getxoko bonbardaketaz ez da hitz egin orain arte.

Zer iruditzen zaizu memoria berreskuratzen hasi izana?

Bikain dago. Gazteek jakin dezatela nola pasatu genuen. Bizitza osoan eraman behar da gerran bizi izandakoa. Ibarretik arrastaka joan behar izatea ikus ez zaitzaten... Hori ez litzateke berriro bizi behar. Ez nuke nahi.

Punta Begoñako erakusketa zer iruditu zaizu?

Oso ederra da.

Zurekin jarri ziren harremanetan testigantza jasotzeko?

Iloba batek esan zidan galderak egin nahi zizkidatela [erakusketaren aurkezpenean]; eta ni ados, egiarekin edonora bainoa.

Eta egun horretara arte, inor ez da interesatu?

Ez.

Uste duzu hemendik aurrera jendea gehiago interesatuko dela Getxoko bonbardaketez?

Bai, nik uste baietz. Jendea gehiago interesatzen ari da. Algorta puntu esanguratsu bat izan da preso politikoei dagokienez eta hori guztia. Eta Guardia Zibila, zeramatzaten kapa horiekin... Ze lehen ez zihoazen orain bezala: kapa berde batekin joaten ziren, eta kapela handi horrekin. Horietako bat ikusten zenuen, eta lur jota geratzen zinen. Nik ez dut jaso, ez nintzelako manifestazioetara joaten, baina nire ahizpa nagusia eta haren senarra askotara joan izan dira. Eta jaso zuten... Eta nire ahizpak bezala, beste askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.