Albistea entzun

Memoria historikoa

Hegoaldeko bi gobernuek batera aritu nahi dute memoriaren arloan

Gerraren eta frankismoaren biktimen erroldei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte elkarrekin. «Egiarako eskubidea» gauzatzeko datu baseek duten garrantzia nabarmendu dute adituek
Aranzadi elkarteko Lourdes Herrasti eta EHUko Jon Penche, atzoko jardunaldietan, Bilbon.
Aranzadi elkarteko Lourdes Herrasti eta EHUko Jon Penche, atzoko jardunaldietan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko irailak 23 - Bilbo

Aspaldikoa da 1936ko gerraren eta frankismoaren biktimak zerrendatzeko ahalegina. Hasieran memoriaren aldeko elkarteen eta zenbait historialariren lana izan zena apurka-apurka osatuz eta sistematizatuz joan da, eta azken urteotan erakunde publikoen eta unibertsitateen esku gelditu da batez ere. Gogora institutuak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak jardunaldi batzuk antolatu dituzte, Gerra Zibil eta frankismoaren biktimen erroldak izenekoa, eta hor aletu dituzte esparru horretan egindako ahaleginak eta egiteko dauden lanak. Bi institutuek batera antolatutako lehen ekinbidea izan da, eta, azaldu dutenez, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak esparru honetan garatu nahi duten elkarlanaren adibide ere bada.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek eta Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martin Zabalzak parte hartu dute jardunaldietan. Rodriguez Ranzek gogorarazi du joan den maiatzaren 26an bi gobernuek lankidetza hitzarmena izenpetu zutela memoria, giza eskubide eta aniztasunaren arloan elkarrekin aritzeko, eta jardunaldiak direla elkarlan horren lehenengo emaitza: «Guretzat pozgarria da jardunaldi hauetan Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren logoak elkarrekin ikustea. Gure memoria politiken oinarri diren printzipioak eta balioak partekatzen ditugu».

Antzeko mezua eman du Zabalzak. Esan du haien lanaren osagai garrantzitsua dela «loturak sortzea», eta Jaurlaritzarekin ere horretan ari direla. Aukera baliatu du Espainiako Gobernuak prestaturiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen proiektua defendatzeko: «Memoriaren arloan hipokrisia apur bat ere badago, nik ez daukat arazorik ozen esateko lege bikaina dela, eta espero dut laster onartzea».

Aranzadi zientzia elkarteko Lourdes Herrastik eta EHUko Unesco katedrako Jon Penchek azaldu dute zertan den Gogora institutuaren eskariz atondutako Euskadin gerra zibilean hildako biktimak izeneko webgunea, joan den otsailean aurkeztu zutena, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Fernando Mendiolak Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentala izeneko egitasmoa aurkeztu du. Horiez gain, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako zenbait autonomia erkidegotako ordezkariek ere parte hartu dute jardunaldietan, nor bere esparruan errolden inguruan egiten ari den lana azaltzeko.

21.000 lagunen datuak

Gogora institutuarentzat prestaturiko datu basean, 1936tik 1945era gerraren eta errepresioaren ondorioz hildakoen zerrenda agertzen da, Herrastik eta Penchek azaldu dutenez: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoak, haien jatorria edozein delarik ere, eta, beste aldetik, hiru herrialdeetako herritarrak, kanpoan hil zirenak. Orotara, 21.000 pertsonaren datuak agertzen dira webgunean. Gehienak faxistek hilak izan ziren, 13.283; errepublikanoek hildakoak 7.687 izan ziren, eta horietatik gehienak gerra frontean hil ziren, 5.922.

Zenbait multzotan sailkatu dituzte erroldan agertzen direnak: frontean hildako borrokalariak, bonbardaketetan hildako herritarrak, espetxean zendutakoak, auzibide baten ondorioz fusilatutakoak, eta auzibiderik gabe hil zituztenak. Hildako gehienak gizonezkoak izan ziren; %5 inguru baino ez ziren emakumezkoak izan. Baina kartzelan hil zirenak aintzat hartzen baditugu, emakumeen portzentaje hori %10era emendatzen da, andrazkoek gerraostean pairatutako jazarpen bereziaren adierazgarri.

Herrastik eta Penchek esan dutenez, errolda hori fintzen eta osatzen jarraitzen dute, eta hurrengo pausoa izango da gerraostean espetxean egondako herritarren zerrenda sareratzea.

Mendiolak azaldu duenez, Nafarroako proiektua desberdina da, ez baititu soilik hildakoak zerrendatzen, «eskubideen urraketak» baizik: «Pertsona bat eskubide urraketa baten baino gehiagoren biktima izan daiteke. Gerta daiteke hil duten pertsona bat fusilatu aurretik preso atxiki izana, edo preso egon den bati ondasunak kentzea, eta gero erbestera jo behar izatea». Orotara, hamalau kategoriatan sailkatu dituzte eskubide urraketak, eta 25.972 «gertaera errepresibo» zenbatu dituzte.

Jazarpen hori pairatu zuten herritarren kopuruari dagokionez, 22.328 biktima zenbatu dituzte; beste 3.672 pertsonaren inguruan, berriz, zalantzak daude edo ez dute informazio guztia egiaztatzerik izan.

Lanerako oztopoak

Lan egiteko orduan aurkituriko zailtasunak ere aipatu ditu Mendiolak. Esan duenez, Sekretu Ofizialen Legea «oztopo handia» da zenbait gertaera argitzeko, eta, adibidez, deitoratu egin du oraindik ere Iruñeko probintzia espetxearen agiritegia aztertzeko modurik eduki ez izana.

«Ezin dugu ahaztu lan honen azken xedea dela biktimek eta gizarte osoak egiarako, justiziarako, aitortzarako eta berriro ez errepikatzeko bermeetarako duten eskubidea gauzatzen laguntzea», gogorarazi du Mendiolak.

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Queralt Solek errolden arloan izandako bilakaera aztertu du: «Liburutik sarera pasatu gara. Orain ezinbestekoa da teknologia berriek eskura jarri dizkiguten tresnak erabiltzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Ipar Euskal Heriko hautetsiak, mahai inguruan ©Bob Edme

Brian Currin: «Presoen egoera barkaezina da; ez dago aitzakiarik»

Ekhi Erremundegi Beloki

Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurreneko jardunaldien azken saioa izan da Baionan. Iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu dira bertako eta nazioarteko eragileak. Nazioartearen pisu politikoa erabiliz presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu du Brian Currin Hego Afrikako abokatuak.

Egitasmoa babesten duten zenbait kide, gaur, Nafarroako Jauregiaren aurrean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroa XXI dinamika sortu dute, Foru Hobekuntzaren inguruko «herri kontakizun bat» sortzeko

Ane Eslava

Nafarroaren «autogobernu galerarekin larrituta», herrialdearen orainaren eta etorkizunari buruzko eztabaida «plural eta parte hartzailea» sustatu nahi dute.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.