«Piztia totalitario bat dago, ez bi indarkeria parekagarri»

«Estatuaren biktimez» galdetuta, «gezurretan» aritzea leporatu dio Amaiurri Espainiako Justizia ministroak

Erredakzioa
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
ETArena da «herri honen historia osoko indarkeriarik handiena eta gogorrena». Hala uste du Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak, edo hala erantzun dio, behintzat, Amaiurrek egindako eskaerari. «Estatu terrorismoak» eragindako biktimez galdetu zion Jon Iñarrituk Diputatuen Kongresuan: Joxean Lasaz, Joxi Zabalaz, Mikel Zabalzaz, Joxe Arregiz, eta Santi Brouard eta Josu Muguruzari buruz, besteak beste. «Gezurra» zabaldu nahi izatea leporatu zion Ruiz Gallardonek Iñarrituri: «Espainian eta Euskadin ez dira egon bi indarkeria parekagarri, piztia totalitario bat baizik: ETA».

Amaiurrek «biktima guztientzako» egian, aitorpenean eta erreparazioan pausoak emateko eskatu nahi zion Justizia ministroari. Atzoko egunez ETAk hildako Benigno Sancho eta Jose Sanchez ere gogoan izan zituen Iñarrituk. ETAri eskatzeko esan zien hark: behin betiko eta «baldintzarik gabe» desegiteko, eta «biktimei» barkamena eskatzeko.

«Terrorezko proiektua»

PPko kidearen esanetan, «erabateko indarkeriazko eta terrorezko proiektu bat justifikatzeko» erabili nahi ditu Amaiurrek Espainiako konstituzioaren «bermeak». Mezu argia bidali zien ministroak Amaiurreko diputatuei: «Zuek ez duzue irabazi, garaituak izan zarete. Galdu egin duzue demokrazia espainiarraren aurka. Gaur, zorionez, Euskadi autonomia erkidego demokratiko bat da, eta ez langileriaren diktadura bat, ETAren bidez lortu nahi zenuten bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.