Migratzaileak. Lesbos

SOS dei bat Lesbostik

Lesbosko errefuxiatuei laguntzen jarraitzen du Zaporeak proiektuak. Urrian haiekin boluntario aritutako ataundar batek eman dio BERRIAri haien lanaren berri. Egoerak ez du hobera egin: 16.000 pertsona daude 3.000rentzat egokitutako tokian.

arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Udazken honetan Lesbos uhartean izan da Jesus Aizpurua ataundarra. Zaporeak proiektuarekin joan da hara, errefuxiatuen kanpamenduetan lagundu nahian. Argi du bi asteko egonaldiak ez duela konponduko arazoa. Baina haiek mugiarazteko lehen urratsa gizartea bera iratzartzea da, eta ulertaraztea mendez mende milioika izan direla arrazoi batengatik edo bestearengatik mugak zeharkatzea beste aukerarik izan ez dutenak, eta tartean direla euskaldunak ere, «guztiok baikara etorkin».

Goizean goiz hasten da eguna Lesbosen, eta lehen orduak baliatzen ditu Aizpuruak. Kostaldera joaten da, Turkiatik Lesbos aldera jo ohi duten errefuxiatu afganiar, siriar, irakiar, iraniar, yemendar, somaliar, kongotar, kurduen aztarnarik ba ote den arakatzeko. Itsaslasterren menpe dagoen bidaia bat da, ustezko eta ametsezko Europa desiratuarenbila.

Zazpi kilometroko tartea dago Lesbostik Turkiara. Lesbos iparraldetik, ordea, bost kilometrokoa soilik da tartea. Gandua da nagusi Turkia aldean, baina hango mendi lerroak erraz suma daitezke.

Aurreko gauean izan da mugimendurik. Flotagailu bat eta nahita txiki-txiki egindako patera zahar bat daude harkaitzetan. Iritsitakoak, agintaritzak identifikatuak izan ondoren, Moriako «kontzentrazio eremuan» daude jadanik. 16.000 pertsona dituzte 3.000 lagunentzat prestatutako lekuan. Haietatik %35 inguru adingabeak dira. Gainera, azken datuen arabera, iazko urriarekin alderatuta, %126 handitu da Lesbosera heldu den migratzaile kopurua. Iazko urrian 1.256 pertsona iritsi ziren; aurten, 3.075. Greziako uharteetan 35.700 migratzaile daude 9.209 lagunentzat prestatutako kanpalekuetan.

Goizeko hamar eta erdiak aldera, Zaporeak elkarteak Moriatik hurbil duen sukaldera joaten dira boluntarioak eguneroko otordua prestatzera. 1.235 anoa dira oraingo honetan. Bezperan erabakitzen dute biharamunekoa. Bidean Jalal balutxistandar errefuxiatua jaso dute; Team Humanity gobernuz kanpoko erakundeak lo egiteko lekua utzi dio, eta, trukean, sukaldean laguntzen die boluntarioei.

Jalalek ez daki zenbat urte dituen, baina bai sukaldari izan nahi duela. Balutxistango herri askotan —Pakistanen, Afganistanen eta Iranen menpe dago egun eskualdea— ez dago jaiotza erroldarik. Dena den, Jalalek uste du 27-30 urte dituela. Pozik dago. Biltegian aritu da lanean beste boluntarioekin batera, janaria antolatzen. Eltze erraldoi batzuetan ari da lanean, espezieak botaz, nahastuz eta dastatuz; gatz zalea da, eta ugari botatzen du lapikoetara. Gainontzeko errefuxiatuek ere oso gogoko dute. Hauxe eguneko menua: dilistak barazkiekin (tipula, piperra, azenarioa eta patata), pita ogi erdia eta sagar bana.

Ordu bietan da bazkalordua, eta otordua batera egiten dute errefuxiatuek eta boluntarioek. Bazkaldu ostean, elikagaiak banatzera joaten dira Zaporeak proiektuko kideak. Moriarako bidean, jende asko dabil errepide bazterretan, atzera eta aurrera noraezean. Eremu militar izandako gune bat da Moria. Ezin da barrura sartu. Polizia dago atarian, eta jende ugari inguruan, zain.

Boluntarioek hiru-lau lekutan banatu behar dute janaria. Bada gune bat gehienbat emakume eta haurrak bizi direna, eta hara joaten dira lehenik. Hormaren kontra emakumezko ilara luzea dago, gehienak buruko zapiarekin. Batzuek jaioberriak dituzte besoetan. Inguruan adin guztietako haurrak dabiltza jolasean. Furgoneta ikusi dutenenean, saltoka eta alai inguratu zaizkie haurrak.

Banaketa ez da arazorik gabea izaten. Errefuxiatu boluntarioen laguntzaz bideratzen dute guztia. Batzuk familiari dagokion anoa kopurua zehazten duen paper batekin gerturatzen zaizkie. Fruta nahi izaten dute gehienek; haurrek batez ere. Anoak, ordea, amaitu egiten dira, eta jendeak ilaran jarraitzen du. Azkenean, baina, moldatu dira boluntarioak, eta lortu dute denentzako adina jaki.

Lana amaituta, haurrekin jolasean ibili dira: harrapaketan, korruan eta kalejiran. Gero, berriz ilara osatzera, otorduen ostean arropa banaketaren txanda baitator.

Esker oneko keinuak dituzte aurpegietan, baina begietan besterik ere ikus daiteke: hotza, iluna eta ezina, bizi diren egoera gogorraren ondorio. Lesbosera heltzen direnean, migratzaileekaukera dute Europako herrialderen batean asiloa eskatzeko, eta hala egiten dute. Erantzuna, baina, ez da berehala heltzen, eta urteak ere igaro ditzakete zain. Eta, hala ere, haietako asko Turkiara kanporatzen dituzte prozesua amaitutakoan.

«Guk geurea egin dugu; ez dago gure esku arazoa konpontzea», dio Aizpuruak, baina ezin du burutik kendu ikusitakoa. «Zenbat jende igaro ote da lurralde honetatik gaur egungo Europarantz? Euskaldunon arbasoen arbasoak ere hemendik igarotakoak dira. Hala ere, oraindik bada jendea guztiok migratzaile eta etorkin garela ulertzen ez duena».

Kexu da ataundarra, komunikabideek oso urritan ematen dutelako arazoaren berri, nahiz eta guztiengan duen eragina. «Europaketa nazioarteak ezin diote uko egin giza eskubideen gaineko erantzukizunari interes ekonomiko eta estrategikoen aitzakian. Duintasuna beharrezkoa da, bai jaioterrian, bai beste edonon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.