EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestiduran

EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela. PPko presidentegaiak ez du gehiengo osoaren babesik lortu

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta EAJko eledun Aitor Esteban, Espainiako Diputatuen Kongresuko tribunan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Diputatuen Kongresuan Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura saioa egin zuten atzo, eta lehen bozketan ez zuen gehiengo osorik lortu. Aldeko 172 boto eta aurkako 178 jaso zituen. Bihar egingo dute bigarren bozketa, eta orduan nahikoa izango du baiezko boto gehiago lortzea ezezkoak baino. Alderdien hitzaldietatik ondoriozta daitekeenez, ordea, ez dirudi lortuko duenik. Feijook berak, eta PSOEk, Sumarrek eta Kataluniako alderdiek hartu zuten hitza herenegun, eta euskal alderdien txanda izan zen atzo. EH Bilduk eta EAJk berretsi zuten ez dutela Feijoo Espainiako Gobernuko presidente bihurtzearen alde bozkatuko. Nazio auziari heldu zioten bi indar politikoek. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman zion lehentasuna, eta EAJk esan zuen «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.

Euskaraz eta gazteleraz hartu zuten hitza EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak etaEAJko eledun Aitor Estebanek. Aizpurua izan zen Kongresuko tribunara igotzen lehena, eta «ezezko borobila» eman zion Feijoori: «Koherenteak gara geure printzipioekin. Gure esku badago, ez da egongo gobernu erreakzionariorik, ez Euskal Herrian, ez beste inon».

Esan zuen PPk eta Vox alderdi ultraeskuindarrak «proiektu erreakzionario eta autoritario bera» dutela: «Gure nazioaren existentzia ukatzen du. Ez ditu errespetatzen gure hizkuntza (euskara), gure kultura, gure sentimenduak eta gure balioak. Zuen proiektuak matxismoa ukatzen du, eta feminismoari eraso egiten dio. Pluraltasuna eta aniztasuna ukatzen ditu. Lan eskubideak, pobrezia eta prekaritatea ukatzen ditu. Azken finean, gure nazioetako gehiengoak eskuratu nahi duen etorkizun politiko eta soziala ukatzen duzue».

Nabarmendu zuen Euskal Herriak eta Kataluniak eragotziko dutela «bloke atzerakoia» Moncloako jauregira iristea, eta Espainiako Estatuan ez dela posible «gobernu progresistarik» Euskal Herriko eta Kataluniako ezker subiranistaren konkurrentziarik gabe. Bide horretatik, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezi mintzatu zitzaion: «Espero dugu inbestidura aurrera ateratzeko asmoa duenak aldi historiko honen garrantzia ulertzea. Agenda plurinazionala eta soziala aintzat hartu ezean, ez da posible izango ultraeskuinaren agenda erreakzionarioa gelditzea; soilik atzeratzea lortuko litzateke. Egiturazko aldaketa demokratikoak eta egungo eredua eraldatuko duten politika sozial aurrerakoiak beharko ditugu».

Aizpuruak uste du «ziklo politiko berri bat» has daitekeela, eta «estaturik gabeko nazioen lurralde gatazkari» erantzun beharko liokeela. «Bide demokratiko berriak zabaldu nahi ditugu, hitza errespetatzean eta gure herriaren erabakian oinarrituta», adierazi zuen Aizpuruak.

Zehazki, trantsizio politiko bat abiatzearen alde azaldu zen Aizpurua: «Benetako trantsizio sakon eta konprometitu batez ari gara, estatu hau XXI. mendeko demokrazia aurreratu bihurtu ahalko duen batez». Horretarako, Aizpuruak azaldu zuen «beharrezkoa» izango dela nazio zapalduen eta gizartearen gehiengoaren gainean dauden «hipotekak» kentzea. «Hori da espero dugun aldaketa, eta espero dugu ahal bezain azkar ekin ahal izatea bide horri».

Erantsi du legealdi honek «aurrerapenarena» izan beharko duela, «hizki larriz». Esan du «orain» dela «aspalditik ezeztatuak izan diren eztabaidak parez pare irekitzeko garaia».

Akordiorik ez

Aizpurua tribunatik jaitsi zenean, Esteban igo zen. PPko diputatuen eserlekuen aurretik igarotzean, «berdinak zarete», esan zion diputatu batek. «Ez gara hala, ez. Zorionez», esan zion EAJren eledunak. Hain zuzen, EH Bilduri mintzatu zitzaion hasieran: «Bildu kanpainan zehar etengabe zabaltzen aritu zen EAJkakordioa eginda zeukala PPrekin eta Voxekin. Bildurentzat, zilegi da gezurra tresna politiko gisa erabiltzea; EAJrentzat, ez. Ez da akordiorik egon».

Feijoori esan zion EAJk ez duelababestuko haren inbestidura, Vox ekuazioaren parte delako, besteak beste: «Gure bost botoak gehitzeko, 33 kendu beharko zenituzke lehenago [Voxenak]». Esan zuen Voxekoak ez direla «demokratak», eta hau aitortu: «Euskal gizarteak ez luke ulertuko guk PPren eta Voxen alternatibari bide ematea, hitza jango baikenuke hori eginda, eta legealdia kudeatzeko ezinezkoa izango litzateke, gainera. Hori nahikoa da gure botoa erabakitzeko; EAJk hitza betetzen du». Estebanen ustez, ez litzateke «ona» izango ultraeskuina normalizatzea: «Espainiako Gobernua Voxen menpe egotea seinale negargarria izango litzateke Europarentzat».

Gaineratu zuen PPren diskurtsoa «kezkagarria» dela, «bide judiziala eta gizarte konfrontazioa» baliatzen dituelako Euskal Herriko eta Kataluniako «errealitate nazionalei» erantzuteko. «Euskal nazio bat dago, existitzen segitu nahi duena. Gure hizkuntzak eta eskubide historikoek frogatzen dute hori», jakinarazi zion Feijoori. «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela esan zuen Estebanek: «Adostu beharko da, gobernu zentralak eta Euskadik eta Kataluniak datozen hamarkadei eroso aurre egin ahal izateko. Egonkortasun ortzi-muga bat marraztu behar da».

Euskal Herriaren iraupena

Estebanek, bukatzeko, esan du EAJren iparra «Euskal Herriaren iraupena eta askatasuna» direla: «EAJk erabakiak hartzen ditu; gure historian, batzuk egoera oso zailetan. Begirada luzearekin hartzen ditugu, orainean pentsatzen, eta, bereziki, etorkizunean. Geure herriarekin hartutako konpromisoa betetzen dugu, eta hark eskatzen duenari adi gaude. Inori kalte egin gabe».

Feijook aldi berean erantzun zien EH Bilduri eta EAJri, baina nabarmendu zuen ez direla gauza bera: «EAJ errespetatzen dut; EH Bildu, ez. EAJ alderdi instituzional bat izan da luzaroan, eta kudeaketa gaietan bat etorri gara. Bildu da Espainian babes hesia jarri beharko litzaiokeen alderdi bakarra. PSOEren estrategia da Bildu zuritzea, eta aitortu behar da lortzen ari dela».

Batetik, esan zuen «kezka» eragingo liokeela EH Bilduk haren alde bozkatzeak: «EH Bilduren botoak Sanchezi utziko dizkiot. Nik ez ditut nahi». Koalizio «erreakzionariotzat» jo zuen, eta esan ezin dela «adiskidetzerik» egon «alde batek barkatu diezaiotela nahi badu barkamenik eskatu gabe».

Bestetik, Estebani gogorarazi zion PPren babesari esker izendatu ahal izan zutela Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi. «Kontuz ibiltzeko» esan zion: «EH Bildu lasterketa irabazten hasi zaizue».

Bihar egingo dute azken bozketa, gehiengo soilez, eta, egoera politikoa deskribatzeko, Estebanek Maratongo gudua ekarri zuen gogora. Feijook erreferentziari heldu zion: «Ez nuen aurreikusia politika nazionalaren maratoian parte hartzea, baina egin dudan lehen lasterketan lehena izan naiz». Dena den, aurreikuspen guztien arabera, ez du aldeko boto nahikorik izango gehiengo soilez ere, eta ez du lortuko presidente bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.