Asad Haider. 'Viewpoint' aldizkariko editorea eta unibertsitate irakaslea

«Beltz gehiago daude goi postuetan orain, baina aginte klasea ez da aldatu»

'Arraza', 'identitatea' eta 'klasea' kontzeptuak ikertu ditu Haider irakasle estatubatuarrak 'Mistaken identities' liburuan. Haren ustez, jatorrian iraultzaileak ziren ideia eta kontzeptu ugari edukiz hustu eta bereganatu dituzte botere politiko eta ekonomikoek.

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
2001eko irailaren 11ko atentatuek arrasto sakona utzi zioten Asad Haiderri (State College, AEBak, 1987). Gogoan du zeharo aldatu zela herrikide askok bere familiarekin zuten tratua, haidertarrak pakistandar jatorrikoak baitira. Osama goitizena jarri zioten eskolan. «Bat-batean, nire identitatea nazio segurtasuneko kontu bat zen». Ordutik datorkio nortasun kolektiboari eta arrazari buruz ikertzeko interesa. Baita marxismoan eta arrazakeriaren aurkako mugimendu iraultzaileetan zaildutako ibilbide politiko eta sindikal joria ere.

Hogei urte geroago, 2021eko irailaren 11n, hegazkin bat hartu behar du Haiderrek, nora eta New Yorkera joateko. Iruñean izan da aste honetan, Katakrak liburu dendan Mistaken identities liburua aurkezten (Gaizki ulertutako identitateak). Han erantzun ditu BERRIAren galderak.

Urteurren berezia da?

Nire itxura duen edonorentzat bezala, niretzat arraroa izanen da irailaren 11n New Yorkera bidean den hegazkin batean egotea. Oso arraroa. Nirekin batera hegazkinean doan jendeak ez dakit zer pentsatuko duen, edo arraro begiratuko nauten.

Egoera ez da aldatu ordutik?

Batzuetan, arrazakeriari buruz hitz egitean, joera dugu esateko ezer ez dela aldatu hogei urtean, baina ez nator bat ikuspegi horrekin. Gauza asko aldatu dira ordutik, eta horietako asko, onerako.

Zure liburuan, azken urteetako fenomeno bati buruzko gogoeta egiten duzu: arrazan eta identitatean oinarrituriko politikak. Kritiko zara horiekin. Zergatik?

Arraza zapalkuntzaren aurkako mugimenduen historia luzea da AEBetan: esklabotzaren abolizioa, eskubide zibilen aldeko mugimendua, Black Power mugimendua... Masa mugimendu iraultzaileak izan ziren horiek, eta egitura sozial osoa aldatzea zuten xedetzat; gizartea eraldatzea. Orain, berriz, identitate politika gisa definitzen den horrek ez du ezbaian jartzen gizartearen mailakatzea. Ontzat jotzen du egungo sistema, baina, hori bai, talde eta arraza guztien nolakotasunak errespetatuz. Hortaz, lehengo goi klase bera daukagu agintean, hori ez da aldatu, baina emakume eta beltz gehiago daude goiko ardura postuetan. Identitatean oinarrituriko politika hutsal horrek bereganatu egin ditu arrazakeriaren aurkako mugimenduen hizkera eta ondarea, betiko desberdintasunei eta statu quo-ari eusteko. Hillary Clintonek Bernie Sandersi «pribilegio zuria» erabiltzea leporatu zionean bezala.

Politika identitarioen kontzeptuak mugimendu iraultzaileetan du jatorria. Nola urardotu zen?

Politika identitario kontzeptua proposamen iraultzaile gisara sortu zen, bai. Liburuan azaltzen dut Combahee River Collective ekintzaile beltz eta lesbianen taldeak erabili zuela bere diskurtso politikoan 1977tik aurrera. Horrekin erakutsi nahi dudana da gauzek ez dutela beti esanahi bera izan; posible dela beste era batera pentsatzea. Hala ere, ez dut uste kontzeptuaren jatorrizko esanahia berreskuratu beharko genukeenik. Ezin dugu atzera egin.

Zergatik ez?

Aldaketa historikoek ez dutelako horrela funtzionatzen. Aurrera egin behar dugu, eta edukiei erreparatu, hitzei bainoago. Ez gaitezen tematu kontzeptu batekin. Hasierako asmo iraultzaileei eutsi beharko genieke, baina politika identitario kontzeptua oztopo bihurtu zaigu jada, bai arrazari lotutako auziak ulertzeko, baita egungo egoerara egokitutako politika mota berriak sortzeko ere.

Zer politika mota? Liburuan, «unibertsaltasun matxinoa» aipatzen duzu. Zer da?

Massimiliano Tombari lapurtu nion terminoa, baina izenburu horrekin liburu bat argitaratu duenez, beste hitz bat erabili beharko dut aurrerantzean, kar-kar! Errealitate edo egoera jakin batetik abiatuta, unibertsala izan daitekeen aldarrikapen politiko bat egitea da, finean. Mugimendu emantzipatzaileak izan daitezke horren adibide, emantzipazioak nolabaiteko unibertsaltasuna baitakar ezinbestean. Kontua ez da esatea «nik aske izan behar dut», baizik guztion askatasuna aldarrikatzea eta hori bermatzeko moduak planteatzea.

Kategoria horren barruan sartuko litzateke Black Lives Matter-en gisako mugimendu bat?

Egoera konkretu batetik abiatuta aldarrikapen unibertsalak egiten dituen mugimendu gisara ulertzen badugu, bai. AEBetan, errealitate ukaezina da estatuaren eta Poliziaren indarkeriak beltzei eragiten diela nagusiki, eta BLM mugimenduak horri erantzuten dio zuzenean. Horren gibelean, ordea, badira aldarrikapen politiko inplizituak, unibertsalak direnak.

Zeintzuk?

Besteak beste, buka daitezela Poliziaren gehiegikeriak; Poliziak ez dezala inor hil; ez dezatela inor kaiola batean giltzapetuta eduki... Banandu ezinak dira helburu agerikoak eta aldarrikapen inplizituak. Zein da arazoa? Bada, zenbaitek kamustu egin nahi dutela BLMren izaera emantzipatzailea, eta identitate kontu soil batera murriztu. Hori gertatzen da, adibidez, Amazonen gisako multinazional batek esaten duenean bere irabazien portzentaje txiki bat BLMri emango diola; edo pizza bat eskatzen duzunean eta kutxan mezu hau dagoenean: «Babestu beltzen negozioak». Edo, are, Washingtongo kongresukideek belauna lurrean jartzeko keinua egiten dutenean... Mugimenduari bere izaera askatzailea erauztea da hori.

Eskuin muturra goranzkoan damundu osoan, eta askok «identitate politikei» egozten diete horren erantzule izatea, ezkerraren noraezaren seinale direlakoan. Ez al da azalpen sinplista samarra?

Bai. Errazkeria da pentsatzea arrazoi edo kausa bakar bat dagoela edozein fenomenoren atzean. Eskuin muturrarekin eta nazionalismo zuriarekin gauza bera gertatzen da: inor gutxik pentsa dezake generoan, arrazan eta identitatean oinarritutako politikak sortu eta, bat-batean, gizon zuri pila bati bururatu zitzaiela politika faxistak egiten hastea. Analisi zabalagoak behar ditugu, fenomeno bakoitzaren atzean egon daitezkeen kausak bere konplexutasun osoan ulertzeko.

Zuk zalantzan jartzen duzu arrazaren kontzeptua bera. Sailkatu zen lehen arraza, hain zuzen, zuriena izan zela diozu. Zer esan nahi du horrek?

Liburua orain idatzi beharko banu, apur bat finduko nuke baieztapen hori. Oso zaila da zehaztea noiz sortu zen arrazaren kontzeptua. Caste, class and race liburuan (1948), Oliver Cox soziologoak azaldu zuen antagonismo mota asko daudela gizartean: erlijiosoak, zibilizazioen arteko desberdintasunetan oinarritutakoak, kasten arteko hierarkiak... Arraza da horietako bat, baina arrazaren kontzeptua ez da beti berdina izan. Esklaboak salerosten zituzten garaian, adibidez, ideologia ugari zeuden belztasunaren ezaugarrien inguruan, baina, era berean, tartean sartzen zen erlijioa ere: kristaututako beltzek, adibidez, beste estatus bat zuten, eta baita juduek ere. Hortaz, berdinak al dira garai hartako arraza kontzeptua eta gaur egun darabilguna? Ez dezagun pentsatu arraza zer den dakigunik, ezta arraza gauza erreal benetako bat denik ere.

Zer da, bada?

Konbentzio bat. Arraza betidanik izan da sozialki eraikitako ideia bat. Ezberdina, garai eta egoera historikoaren arabera. Arrazaren kontzeptu modernoa ulertzeko, adibidez, AEBetara jo behar dugu. Han hasi zen erabiltzen arraza hitza... zuriak ez diren guztiak izendatzeko. Adiera horren arabera, zuriak ez garenok soilik gara arraza batekoak. Zuria neutroa da, jatorrizkoa. Gaur egun, jendeak terminologia politikoki zuzenagoa erabiltzen du, eta «arrazializatuta» gaudela esaten du. Baina zuriak ere arrazializatuta daude! Hartu Euskal Herriko pertsona bat, Eskoziako bat eta Mendebaldeko Virginiako bat [AEBak]. Berdinak al dira? Ez. Asmatutako kontzeptu bat da. Ulertu behar dugu arraza dela, berez, berdinak ez diren pertsonak sailkatzeko sistema bat, ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.