Pastor
DARWIN ETA GU

Nafarroako erreginak errana

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Sorioneku izango da, seguruenik, 2022ko hitza. Urteari kolorea eman diotenetako bat. Sorioneku eta berba horrek ekarri dituen adierazpen, iritzi eta teoria guztiak. Ez da txarra, urtea amaitzen ari den honetan. Aurkikuntzari lotutako ikuspegi positiboenak, euskararen aldekoak, Euskal Herrian izan ditugu, baina ez pentsa: hemen ere izan da kontuari barre egin eta garrantzia kendu dionik. Hala ere, gehienbat atzerriko prentsan —hau da, jabetza Espainian duten hedabideetan— azaldu dira zalantza eta burla gehienak, irakurleek egindako iruzkinetan.

Euskara antzinako espainiarren hizkuntza dela esan dute —eta antzinako frantsesena ez?—; euskaldunak eta berebereak antzekoak direla eta, beraz, mairuak garela —moroak behelaino artean?—; albisteak munduari ez diola axola; euskal kultura harriak jasotzea besterik ez dela, paradisu fiskaleko (sic) herritarrak puztuta daudela...

Ez naiz filologoa. Euskal Filologiako bigarren ikasturtea ozta-ozta bukatu nuen eta hirugarrenean ez nuen aurrera egin —Gasteizko gauek ez zidaten horretan lagundu—. Nahikoa izan nuen Kazetaritza bukatzearekin. Zertxobait ikasi nuen euskararen inguruan. Hala ere, ez haren sorreraz pontifikatzen hasteko beste. Beraz…

Egiari zor, ez dit buruhauste handirik eragiten hizkuntza nondik datorren ez jakiteak —Ipar Afrikatik? Georgia europarretik? Georgia amerikarretik?— edo haren sorreraren misterioa behingoz argitu eta munduan barrena neba-arrebarik edo lehengusu-lehengusinarik ba ote duen ezagutzeak. Euskalduna naizen heinean hizkuntzak aurrera egitea dut kezka bakarra. Normaltzea. Euskarak bizirik segitzea, gure herriak, Euskal Herriak, bizirik segi dezan.

Irulegiko Eskuaren afera ez dugula politizatu behar esan digute geure erakundeetatik. Hau da, euskara ez dela politizatu behar. Betiko kopla. Nik, printzipioz, ez dut ezer politizatu nahi, atzo bertan supermerkatuan erosi nituen lau royal gala sagarrak guztiz politizaturik daudela jakin arren. Alta, ezin eraman dezaket jendea iraintzen hasten denean: euskarak ez duela ezertarako balio eta hobe lukeela desagertzea; euskara inposatzen ari garela —nik dakidala, hemen, mugaz bi aldeetan, legez eta indarrez inposatzen den hizkuntza bakarra erdara da—; edo vasco edo euskara ez, navarro-a deitu beharko geniokeela geure hizkuntzari. Nor dira ezjakin horiek euskaldunok geure hizkuntza propioari betidanik deitu diogun modua aldatzeko eta zer izen eman behar diogun erabakitzeko? Erdarari castellano, español edo riojano deitu behar lioketela esaten diegu guk?

Duela lau urte Pablo Casado etorri zen gurera. Zertara eta «euskara ez da Nafarroako hizkuntza» esatera, besteak beste. Nor zen Pablo Casado orduan halako astakeriak botatzeko? Nor da orain bera edo beste inor? Zergatik ez zioten PPko buruari isilik egoteko esan gaur Irulegiko Eskuari txora-txora eginda begiratzen dioten batzuek? Zergatik ez zioten politikari eta ordezkari publiko unionista horiek esan Pablo Casadori eta Ana Beltrani Palentzian eta Zaragozan espainieraz hitz egin baino lehen —bertan latina bera hedatzen hasi baino lehen esan beharko nuke?— egiten zela euskaraz Nafarroan? Horri erantzutea eta inperialismo espainiarrari aurre egitea hizkuntza politizatzea da? Hala bada, nik euskara politizatzen dut. Nahita. Propio. Eta gustura asko, gainera.

Nafarroako erreginak erabilitako metafora bat aipatzen du Joaquim Maria Machado de Assis-ek Memórias póstumas de Brás Cubas liburuan. Disimuluan ibili arren, maitasun kontuetan lehenago edo geroago dena jakiten dela esan omen zuen gure agintariak: «Ez da hain zakur hezirik, azkenean zaunka egiten entzungo ez dugunik». Euskarari batzuek dioten gorrotoari buruz berdina esan genezake: ez da hain unionista hezirik, azkenean zaunka egiten entzungo ez dugunik. Disimuluan ibili arren.

Nafarroako erregina «dama handia» zela gehitu zuen idazle brasildarrak liburu horretako CXXXI atalean. «Espiritu finekoa». Sorioneku, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.