Maite Elizondo.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Irrien onurak

2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Inork pentsa dezake bizitzen ari garen urte zail honetan barre egiteari buruz hitzegitea lekuz kanpo dagoela edo ez dela unerik aproposena umoreaz solasteko. Noski, gaia konplexua da, sufrimendu eta zailtasun askori egunez egun aurre egiten ari gara eta nekatuak gaude. Agian horregatik ere interesgarria iruditu zait umoreak eskeintzen dizkigun baliabide atseginen inguruan hausnartzea. Ikerketa asko egin dira barre algarek gure buru eta gorputzean eragiten duten eztanda zoragarriaz, pentsa Grezia garaian gaixotasun baten sendatze prozesuetako atal bat komikoen gela bisitatzea zela. Orduan ere jabetuak ziren barre egitearen onuraz.

Hala da: barre algarek sistema linbikoa eta hipokanpoa erraz aktibatzen dituzte, neurotransmisore serotoninergikoak, dopaminergikoak eta endorfinikoak deskargatuz. Honetaz gain, irri gogoz egiten dugunean sakonago arnasten dugu oxigeno gehiago barneratuz; mugimendu honekin bihotza, birikak, giharrak eta zirkulazio sistema estimulatzen ditugu. Barne mugimendu honek eragin zuzena dauka gure ongizatean, emozionalki arinago sentitzen gara eta sozializatzeko gogoak pizten zaizkigu. Tarteka barre gogoz egiteak loan onurak eragin ditzazke, baita sistema immunologikoa indartu ere.

Beraz, barre egitea estresak eragiten dizkigun kalteei aurre egiteko baliabide aparta da, analgesiko natural zoragarria. Dena dela, onurak eragin ditzan enpatia garatzea ezinbestekoa da; interakzioan gauden pertsonak kontutan izatea, zein momentutan gauden, nolakoak garen... Denoi ez digute gauza igualek barrea eragiten, ezta uneoro ere. Beste gozamenen moduan (musika, janaria, usainak...) umorea ere norberak berea dauka, baina denek lagun diezaguke pentsamendu ezkorretako zurrunbiloetatik askatzen, erronka gatazkatsuetan indartsuago sentituz.

Sigmund Freudek zioen umorea zailtasunei aurre egiteko tresna aparta dela, giza sufrimendua arintzeko giltza.

Barre algarek norberaren egoera psikosozialean ez dute miraririk eragingo, baina estresa eta gaizkiegona kanalizatzeko kontutan hartzeko aukera da. Filosofo eta matematikaria zen Bertrand Russellek aipatu zuen barre egitea medikuntza unibertsala zela, drogarik merke eta eraginkorrena.

Har ditzagun serio umoreak eskaintzen dizkigun onurak. Askotan aipatu dugu zein garrantzitsua den errutina osasuntsu bat proposatzea ongizatea zaintzeko: elikadura orekatua, aktibitate fisikoa, barne elkarrizketa eraikitzailea, harreman aberatsak... Txertatu ditzagun umore uneak ere, merezi duen garrantzia eman diezaiogun barre egiteari. Kutsatzeko beldurrez bizi garen garai hontan, kutsatu gaitezen irriz eta umorez, hau ere erraz transmititzen omen den erreakzio bat da eta.

Bihurtu ditzagun bateragarriak ardura, koherentzia eta umorea. Aurrera egiteko indarrak berraktibatzeko lagungarria izan daiteke, datozen etapa berrietan ziur eta gogotsuibiltzeko zapatak eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.