Maria Blasco. Biologo molekularra

«Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da»

Gaitz askoren sorburua zahartze prozesua dela azaldu ohi du Blascok, eta prozesu horri begira erruz ikas daitekeela. Beste paradoxa honi so ere bai: tumoreen zelulak hilezkorrak dira.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
DIPC Donostia International Physics Center ikerketa zentroak gonbidatuta, joan den ostiralean, hilak 4 zituela, Donostian izan zen Maria Blasco ikertzailea (Alacant, Herrialde Katalanak, 1965). Minbiziaren Nazioarteko Eguna zen, eta, arloan sona handiko ikertzailea denez —minbizia ikertzeko Espainiako CNIO ikerketa zentroko zuzendaria da—, aparteko esanahia izan zuen hitzaldiak. Gaixotasunez aritu zen, pluralean, eta gaitz askoren sorburua beti bera dela adierazi zuen: «Gure zelulak zahartu egiten dira». Aditua da telomeroetan, eta ahalegintzen da zer diren modu errazean esplikatzen: «Zapaten lokarrien muturretan plastikotxo batzuk egoten dira; bada, horien antzeko zerbait direla esaten da, baina kromosometan daude». Zahartu ahala, laburtu egiten dira, eta hori gaitz askoren sorburua izaten da.

Urteak bete ahala minbizia izateko arriskua handitu egiten dela azaldu duzu. Zer gertatzen da?

Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da, urteak betetzea. Horrez gain, kanpoko hainbat faktorek ere bizkortudezakete prozesua: tabakoaren keak, kutsadurak... Beraz, zoriak eragina du minbizian, baina probabilitateak handitu egiten dira zaharragoa bazara eta kaltea egiten duten bizi ohiturak badituzu.

Minbizia, paradoxikoki, gertatzen da zelula zenbait kontrolik gabe hazten hasten direnean, zahartu gabe. Zer gertatzen da?

Normala zera izaten da, zelula horiek organismotik kanporatuak izatea. Zahartzearekin lotutako gaitz gehienen atzean horixe dago: zelulak, kaltetuta daudenean, ez dira ugaltzeko gai, eta desagertu egiten dira. Horrek dakar ehunak birsortu ezina, eta, ondorioz, zahartzearekin lotutako eritasun degeneratiboak agertzen dira. Zer gertatzen da minbizian? Kaltea duten zelulek, mutazioek ukitutako geneengatik, konbinazio horren ondorioz, bizirik irauteko gaitasuna dutela. Zelula horiek, nolabait ere, azeleratua dute ugaritzeko gaitasuna: azeleragailua zapalduta bezala doaz. Aldiz, galgak, kaltetutako zelulak desagerrarazteko prozesuak, zapaldu gabe daude. Eta minbizi guztietan gertatzen da: tumore zelulek era mugagabean birsortzeko gaitasuna dute. Hori lortzen dute telomeroak beti gazte egotea lortuta. Nolabait ere, hilezkortasuna nahi duten zelulak dira, eta, hain justu ere, hilezkorrak diren zelula bakarrak tumoreenak dira. Minbizi paziente batean bakartutako lehen zelulak, Henrietta Lacks gaixoari hartutakoak, aski ezagunak dira, eta birsortzen ari dira oraindik mundu osoko laborategietan.

Hilezkortasuna, hortxe. Zer ikas daiteke prozesu horretatik?

Bada, ikas dezakegu zergatik zahartzen garen. Zahartzen gara zelula osasuntsu arruntetan telomeroek ez dutelako irauten gazte eta luze: gero eta motzagoak dira. Aldiz, minbizia da hilezkorra denetsenplu bizi bakarra. Badira organismo batzuk, hidraren gisakoak, era mugagabean birsortzeko gaitasuna dutenak, baina ez dira tumoreak. Eta badakigu tumore zelula bat era mugagabean bizi daitekeela telomeroak luze mantentzea lortzen duelako. Telomerasa izeneko entzima bat aktibatuta gertatzen da hori. Beraz, zelula osasuntsu arrunt bati telomerasa jarriz gero, hilezkorra izatea lortzen da, tumorala izan gabe; 1998an egin zen lehenbizikoz hori. Beraz, minbiziari esker, ikasi behar dugu nola tratatu eritasun degeneratiboak...

Zahartzearekin lotzen duzu minbizia. Haurrak ere eritzen dira...

Bai, baina minbizi ezberdinak dira. Ume eta nerabeek izaten dituzten minbiziak helduenen ezberdinak dira; normalean ez dute izaten pankrean, biriketan, prostatan, bularretan... Oso azkar hazten diren tumoreak izaten dira, aberrazio edo istripuren baten ondorioa. Enbrioiaren garapenean bertan bi kromosoma itsatsi egin dira, adibidez, eta horrek zelulen ugaritze aberrante bat ekar dezake: leuzemia bat, linfoma bat.

Oraindik zahartu gabeko pertsonetan ere agertzen da...

40 urtetik aurrera, gure organismoa dagoeneko ez da gaztea...

Engainatu nahi bat badago hor...

40 urtetik aurrera bihotzeko bat izan dezakegu, hipertentsioa, gaitz degeneratiboak, baita minbizia ere. Urteak bete ahala, frekuentzia handitu egiten da. Izan dezakezu minbizi bat 30 urterekin, baina 50-60 urterekin izateko probabilitatea handiagoa da.

COVID-19ari begira egon behar izan da. Moteldu al ditu horrek minbiziaren arloko ikerketak?

Maila gorenean jarraitu dugu; areago, gure ikertzaileek ikerketa lerro berriak ere ireki dituzte.

Zein ikerketa lerro nagusitzen ari dira orain, bereziki?

Orain arte minbizia ikertzen jardun dugu genez gene; gene bakoitzak minbizietan duen eragina ulertu nahian. Orain ikusi dugu, ordea, tumore batek ehunka alterazio izan ditzakeela. Genez gene egindako hurbilketa hori ia ezinezkoa da. Orain, aldea da biologo konputazionalak, adimen artifizialean aditu direnak, eta fisikariak-eta ere minbizia aztertzen ari direla: minbizia bere konplexutasunean ulertzeko. Minbizian, erraza zen guztia egina dugu ja. Zaila den hori geratzen da orain egiteko. Eta, horretarako, diziplina anitzeko ikuspegia behar dugu

Zein dira erronka nagusiak?

Finantzaketa handiagoa balitz, dena azkarrago joango litzateke, eta tratamendu gehiago egongo lirateke. Hortxe daude COVID-19aren kontrako txertoak; ja hortxe zeuden teknologiak erabili dira, baina inbertsioari esker saiakuntza klinikoak berehala egin ahal izan dira, eta pazienteengana ere iritsi ahal izan da. Bada, minbiziari buruz dakizkigun gauza asko oraindik ez dira eraman medikamentu bat garatzeko prozesuetara. Finantzaketa giltzarria da.

Minbizian eragina duten kanpo faktoreez ikas daiteke gehiago?

Badira urte batzuk OME Osasunaren Mundu Erakundeak, adibidez, haragi gorri eta prozesatuez ohartarazi zuela. Eta agian ez dago horren inguruan tabakoaren adinako kontzientziarik, baina ikusita dago haragi gorrien kontsumoa lotuta dagoela minbiziaren ugaritze batekin. Kutsadura ere hor dago; gutxi erreparatu zaio orain arte, baina, OMEren arabera, minbizi bat garatzeko bosgarren arrisku faktorea da.

Margarita Salasek zuzendu zuen zure doktore tesia. Hura gaztea zenean, bakanak ziren andreak zientzian. Egun, ez. Zer falta da?

Noiz sortzen da arazoa? Erabakiak hartzeko orduan zure taldea izatean. Nik nire taldea dut: nik erabakitzen dut zertan ikertu, nola ikertu, eta finantzaketa ere lortzen dut. Hori da zuzentzea. Eta hor andreak ez dira oraindik %50. Eragin egin behar da hor. Hor erdian dauden arazoetako bat zaintzarena da; erraztu egin behar da denok, andrazkook eta gizonek, aukera izatea lanaz apartekoetarako astia izateko: seme-alabentzat, zaindu beharreko adineko pertsonentzat, edo, besterik gabe, bizitzako beste gauza hainbatez gozatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.