Murgiltzea eskatu dute ikastolek

Ikasle guzien euskalduntzea ziurtatzeko «ezinbestekoa» da, Ikastolen Elkartearen iritziz

Ikastolen ekitaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkartearen 2021-2022ko ikasturtearen hasiera ekitaldia egin zuten atzo, Mungian (Bizkaia). Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren ondoan, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak eta Ager Izagirre Mungiako alkateak hartu zuten parte. Azken urteetan ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak «behera» egin duela berretsi zuen Tellituk ISEIren ebaluazio diagnostikoen proben emaitzak oinarri hartuta, eta murgiltze eredua orokortzeko eskatu zuen ikastolen izenean, «ikasle guzien euskalduntzea ziurtatzeko». Tellituk adierazi zuen Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa egungo errealitatetik «egingarri» dela, eta ongietorria egin zien hezkuntza hitzarmenerako adostasuna lortzeko abian diren egitasmo guziei.

Urteak daramatzate ikastolek euskara mailaren apaltzeari buruz abisua ematen, eta azken urteetan egiten ari diren lanak gogoratu zituen Tellituk. Ikastolen Hizkuntza Proiektua berraztertzea da horietako bat, hainbat eragilerekin elkarlanean daramatena. Ikastolen Elkarteko lehendakariak ohartarazi zuen, dena den, hezkuntzatik bakarrik ere ezin dutela eragin, eta «euskalgintzak eta kulturgintzak ere» esku hartu behar dutela, erakundeek bezala.

Otsailean ikastolek aurkeztu zuten Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan idatzitakoa gogoratu zuen: «Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema bat behar dugu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo hizkuntza ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla».

Ekitaldia omenaldirako ere baliatu zuten, ohi bezala. Aurten, ikastolen komunitatea osatzen duten guziei egin nahi izan zieten aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.