Finlandiak esan du «nabarmen» mugatuko duela errusiarren sarrera

Igor Susaeta.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Errusiatik alde egiten ari dira herritar ugari. Vladimir Putin presidenteak iragarri zuen asteazkenean 300.000 erreserbista mobilizatuko dituela, eta Errusiarekin muga egiten duten zenbait herrialdek jakinarazi zuten herenegun ohi baino ibilgailu gehiago iristen ari direla handik ordutik. Albiste agentzia batzuek ere horren berri eman zuten. Bada, Finlandiako eta Kazakhstango mugazainek informazio horiek berretsi zituzten atzo. Finlandiakoek grafiko bat ere kaleratu zuten. Horren arabera, irailaren 19an 3.000 bat pertsona sartu ziren Finlandiara Errusiatik; 20an, 3.000-3.500 artean; 21ean, Putinek iragarpena egin zuenean, 5.000 bat; eta atzo, ia 7.000. Horiek horrela, Finlandiako Gobernuak iragarri zuen atzo «nabarmen» mugatuko duela errusiarren sarrera. Finlandia da errusiarrei turista bisarekin sartzen uzten dien EB Europako Batasuneko herrialde bakarra.

Errusiari «histerikoa» iruditzen zaio herritarren parte baten erreakzioa. Hala adierazi zuen atzo, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. Azken egunetako informazio askok diotenez, Errusiatik ateratzeko hegaldiak, trenak eta itsasontziak bete egin dira.

Bestalde, atzo, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen informazioen teknologietan, finantzetan eta komunikazioan lan egiten dutenak ez dituztela mobilizatzera deituko. Baza Telegrameko kanalak dioenez, entrenamendu militarrerako zenbait zentro erre dituzte Errusiaren luze-zabalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.