Koronabirusa munduan

Presoen askatze selektiboa

Pandemiak arrisku talde bilakatu ditu presoak. Espetxe askotan ezinezkoa da oinarrizko osasun baldintzak ezartzea. Ondorioz, herrialde ugarik baldintzapean aske utzi dituzte milaka preso. Horien artean ia ez dago preso politikorik; eta bai, aldiz, genozidioagatik zigortutakoak.

Brasilgo espetxe bat. Brasilek ere, beste estatu askok bezala, hainbat preso askatu ditu koronabirusa dela eta. FERNANDO BOZERRA JR. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Kolpe hotsek esnatu zituzten atzo Buenos Airesko kaleak. Nonahi entzun zitezkeen herritarrek haserrez astintzen zituzten makilen eta kazolen hotsak. Protestak ordu erdi ere iraun zuen zenbait auzotan. Izan ere, ehunka preso espetxeetatik ateratzeko proposatu du Alberto Fernandez Argentinako presidenteak, eta horrek asaldatu egin ditu asko; batez ere, jakinik espetxetik irten eta zigorra etxean beteko dutenen artean diktadura garaiko buruzagi bat dagoela. Carlos Capdevilla da bera. ESMA Argentinako Armadako Mekanika Eskolan aritu zen Capdevilla. Ofizialki, mediku lanetan, baina, lekukoen esanetan, torturatzaile lanetan Argentinako torturatze gune nagusia izan zen ESMA diktadurako urteetan. Hamasei urte daramatza espetxean, gizateriaren aurkako delituengatik. Egun, 74 urte ditu, eta auzitegiek baimena eman diote zigorra etxean betetzeko, pandemiaren testuinguruan, arrisku taldekoa dela iritzita.

Capdevillaren kasua ez da bakarra. H.I.J.O.S. erakundeak salatu duenez, genozidioagatik espetxeratutako 104 presok eskatu dute etxeko atxiloaldia, arrisku taldeko kideak direla argudiatuta. Eskari horietatik 41 atzera bota dituzte auzitegiek, eta beste 17 onartu. Legearen arabera, ordea, etxeko atxiloaldiari dagokionez, ez dago delituen araberako desberdintasunik. Capdevillaren kasuan, esaterako, mediku ohiaren defentsak baldintzapeko askatasuna eskatu zuen harentzat, osasun arazoak argudiatuta. Epaileak, ordea, atzera bota zuen esanez ez zituela betetzen «gizarteratua izateko baldintzak».

Argentinan, 1.700 preso inguruk jaso dute azken asteetan atxiloaldia etxean betetzeko onespena. Ez da hori egin duen herrialde bakarra izan. Iranek 85.000 preso askatu ditu, espetxeetan zeudenen %31 inguru; baldintzapeko askatasuna emanez batzuei, eta etxeko atxiloaldian besteei. Turkiak berak ere beste 90.000 preso askatzeko agindua emana zuen apirilaren erdialderako kartzeletako biztanleriaren %31 inguru. Baina nabarmentzekoa da bigarren kasu honetan aske utzi dituztenen edo zigorra etxean betetzeko baimena jaso dutenen artean ez dagoela preso politiko bakar batere. Abdullah Ocalanek, 71 urteko buruzagi kurduak, esaterako, 21 urte daramatza preso, eta haren gertukoek salatu dute osasun arazo larriak dituela. Turkiak, ordea, bizi guztiko espetxealdia ezarria dio «terrorismoagatik».

Presoak eta presoak

Maroko da COVID-19agatik presoak askatzea erabaki duten beste estatuetako bat. Rabaten kasuan, 5.000tik gora izan dira baldintzapean aske edo etxeko atxiloaldian jarri dituenak. Ordea, tartean ez dago preso politiko sahararrik. Equipe Media erakundeak salatu du 52 preso politiko saharar leudekeela arrisku taldearen barruan. «Marokoko kartzelak toki egokiak dira pandemia zabaltzeko, milaka preso dauzkatelako oso baldintza txarretan pilatuta», salatu du Ahmed Ettanjik, Equipe Mediako kideak. Preso politiko saharar gehienak Ludayan dauden arren, haietako bat Uarzazaten dago. Han, Maroko hegoaldean kokatutako espetxean, 60 preso kutsatu zirela baieztatu zuten apirilaren 21ean. Ettanjik gogora ekarri ditu Gdeim Izikeko kanpamentuko protestengatik atxilotutako sahararrak, eta ohartarazi osasun egoera txarrean daudela, jasandako torturengatik.

Apirilaren hasieratik kanpaina egiten ari dira Equipe Mediako kideak, 52 preso politiko sahararrak aska ditzaten. «Kontzientzia presoak dira. Zentzurik gabeko epaiketetan, eta maiz torturapean lortutako froga eta testigantzekin zigortuak izan direnak», salatu du erakundeak, eta leporatu dio Europako Batasunari 450 milioi euroko diru laguntza eman izana Marokori, presoen inguruko inolako baldintzarik jarri gabe. «Presoak akituta daude euren baldintzak salatzeko egindako gose greben ostean, eta senideekin ia harremanik ez izateak are gehiago ahultzen ditu», adierazi dute.

Filipinetakoak dira, hala ere, presoak gehien pilatuak dituzten espetxeak. 2018ko datuen arabera, 40.610 pertsonentzako tokia dute kartzeletan, baina iazko azaroan 215.000 lagun zituzten horietan; tartean, 609 preso politiko. 71 urteko Vicente Ladlad da haietako bat. Fronte Demokratiko Nazionaleko kidea zen Ladlad. Frontea ezkerreko alderdien koalizio bat da, eta azken hilabeteetan gerrilla maoistaren eta gobernuaren arteko bake elkarrizketetan ari zen parte hartzen. 2018ko bigarren erdialdean, ordea, Rodrigo Duterte presidenteak bertan behera utzi zituen negoziazioak, eta gerrillaren ordezkari lanetan ari zirenetako hainbat atxilotzeko agindu zuen. Haien artean zen Ladlad. Armak eta lehergailuak edukitzea leporatu zioten. Haren emaztearen esanetan, ordea, polizia bera izan zen horiek etxean sartu zituena. Geroztik preso dago, epaiketaren zain.

Erabakiak estatuen esku

Erakunde eta adituak bat datoz presoak direla pandemia egoeran talderik zaurgarrienetako bat, batez ere espetxeetan pilaketak dauden kasuetan. Horiek ez dira soilik Latinoamerikan edo Asian gertatzen, Europan bertan badira kasuak. Frantziak berak 72.000 preso zituen berez 61.000rentzako prestatutako kartzeletan. Pandemia dela eta, ordea, 10.000 inguru utzi ditu aske.

NBEko Giza Eskubideetarako goi mandatariak egin zuen preso kupurua murrizteko deia, baina askatu beharrekoak zeintzuk ziren zehaztu gabe, eta erabakia estatuen esku utzita. Emaitza zein izan den ikusita, ordea, zehatzago hitz egin zuen apiril hasieran haren eledunak, Rupert Colvillek: «Lege oinarri nahikorik gabe atxilotutakoak, preso politikoak, eta disidenteak dira aske utzi beharrekoak. Hainbat herrialde ari dira presoak askatzen, baina ez dute preso politiko edo disidente bakar bat ere aske utzi;horren adibide da Iran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.