Agintea legitimatzea helburu

Behe ganberarako bozak dituzte bihar Errusian. Guztiek jotzen dute ziurtzat Putin presidentearen Errusia Batua alderdiaren garaipena. Zalantza bakarra da zenbaterainoko aldeagatik irabaziko duen

Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoigu bozkatzeko unean, atzo, Moskun. EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Errusia Batuak, Vladimir Putin presidentearen alderdiak, ditu igandeko hauteskundeak irabazteko aukera guztiak. Zundaketek boto asmoaren %40 baino gehiago ematen diote gobernuan den alderdiari. Errusiako presidenteak abuztu amaieran hasi zuen kanpaina segurtasun indarrentzat eta erretiratuentzat onurak iragarriz, horiek baitira bere bozkatzaileetatik asko. Kanpaina honetako protagonista nagusia, hala ere, komunikabide independenteen eta oposizioaren aurkako jazarpena izan da.

Errusiar gehienek ez dute zalantzarik egiten Putinen alderdiak irabaziko duela, baina ikusteko dago zer-nolako aldea aterako duen. «Guztiek dakite emaitzak faltsututa daudela, baina garrantzitsua da sinesgarritasun itxura ematea», azaldu du Nazioarteko Gaietarako Finlandiako Institutuko ikertzaile Kriistina Silvanek. Haren iritziz, Errusia Batuak ez du irabaziko botoen %60 edo %70arekin, baina bai botoen erdiarekin baino gehiagorekin. Putinek boterean jarraitu ahal izateko —legez 2036ra arte jarrai dezake— garrantzitsua da Duman edo behe ganberan dituen aliatuek gehiengoa edukitzea.

Oposizio sistemikotzat —sistema erreformatzea helburu ez duen oposizioa, nahiz eta agintean egon ez— jo izan den arren, PKRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunista da boto gehien lortzeko aukerak dituena Errusia Batuaren ondoren. PKRFren nazioarteko arduradun Tatiana Disiatsovak dio zalantzarik egin gabe Alderdi Komunista dela «oposizioko benetako alderdi bakarra» Errusian. Arrangura da kanpaina egiteko zailtasunengatik, dio ez dagoela argo zertaz ari diren demokraziaz ari direnean: «Errusian oposizioko indarren aurkako errepresioa dago. Mota guztietako ekitaldiak debekatu dituzte, baita duela gutxi arte baimenduta zeudenak ere, esaterako, manifestazioak edota hitzaldiak». Vtsiom etxeak egindako zundaketen arabera, komunistek botoen %18 eta %22 artean lor ditzakete.

Disiatsovaren esanetan, politika neoliberalen ondorioz, okerrera egin dute pertsonen bizi baldintzek eta ekonomiaren adierazleek, eta demokraziaren garapenari laguntzen ez dioten aldaketa politiko garrantzitsuak gertatu dira. Gogorarazten du herrialdeak baduela esperientziarik sozialismoarekin, eta SESBeko Alderdi Komunistaren oinordeko gisa, orduko eta oraingo bizimoduak alderatu ditzaketela: «Horregatik diogu sozialismoaren alde eta neoliberalismoaren aurka gaudela».

Emaitza ia erabat ziurra denez, hauteskundeetako parte hartzea gakoa da erregimenarentzat, bere burua legitimatzeko modu bat delako. Silvanek uste du erretiratuei eta haur txikiak dituzten familiei eskainitako onurek ez dituztela horiek Errusia Batuaren alde bozkatzera bultzatuko, baina bai sinetsaraziko dietela bozkatzaile kritikoei gehiengoak Putinen alderdiaren alde egingo duela. Gainera, zozketak egiten dira modu telematikoan bozkatzen dutenen artean, ibilgailuak, apartamentuak edota 1.100 eurorainoko bonuak irabazteko aukera emanez. Parte hartzea bultzatzeko, zozketa horiek egin ziren iazko konstituzioari buruzko erreferendumean ere, edota COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainan. Zenbait eskualdetan hautetsontziak atzo zabaldu bazituzten ere, jende gehiena bihar espero dute.

Kritikaren aurka

«[Errepresioa dela eta] Gogorik eza eta politikarekiko interes falta handia dago herritarren artean. Askok bi edo hiru lanpostu dituzte, eta familiari jaten ematea da euren kezka nagusia», azaltzen du Disiatsovak. Antzeko diskurtsoa du Jabloko alderdiko hautagai Marina Litvinovitxek ere, zeinak ziurtatzen duen hauteskunde hauen arazo nagusia dela ez direla aurkeztuko 2020ko hauteskundeetan parte hartu zuten hautagai guztiak, asko espetxean edo erbestean, edo inhabilitatuta daudelako.

Errusiatik kanpo ezagunena den oposizioko kidea, Aleksei Navalni, ez da salbuespen bat. Egun espetxean dago, eta handik salatzen ditu bertako baldintza txarrak eta egunean zortzi orduz telebista ikustera behartzen dutela. Berak eta bere taldeak sortutako FBK Ustelkeriaren aurkako Fundazioa legez kanpo utzi zuten urte hasieran, «muturreko erakunde bat» izatea egotzita; titulu hori jaso zuten, besteak beste, Alderdi Nazional-Boltxebikeak eta EI Estatu Islamikoak ere. FBK debekatu eta gero, bertako kide guztiak, oraingoak nahiz iraganekoak, inhabilitatuta geratu dira edozein hauteskunde prozesutara aurkezteko. Hala ere, Errusia Batuaren zerrendari boto gehien zein hautagaik kenduko liokeen aurreikusteko sistemari eutsi zioten atzo arte. Atzo telegrameko kontua itxi zieten Googlek eta Applek, Moskuren presioen ondorioz. Moskuko hamabost barrutietatik 11tan Navalniren taldeak PKFRren aldeko botoa eskatu zuen.

Errusiako agintarien presioei amore eman behar izan diete komunikabide independenteek ere. Errusiako justiziak «atzerriko agentetzat» jo ditu oposizioko hainbat komunikabide, Gerra Hotzaren ondorioz errusiarren artean oso konnotazio ilunak dituen akusazioa. Horrek kalte handiak eragin dizkie Meduza, Dozdh edo Proyekt gisako komunikabideei. Azken horrek ez du izan ixtea beste aukerarik. Etiketa horrekin galdu egin zituzten iragarle asko, eta oraindik aurrera egiteko gai direnak ere egoera zailean geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.