Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Errealitatea kubo bat da

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Orain hiru aste doi, iraganari arretaz begiratzearen aldeko artikulu interesgarri bat zekarren berripaper honek. Iñigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendi idazleek sinatzen zuten Basazabal eta historia izeneko testua, zeinak zorrotz kritikatzen baitzuen Azpeitiko Zurbano-Basazabal jauregi zaharberrituko panel informatiboetan hainbat jauntxori egindako hainbat gorazarre akritiko eta klasista. Handikietako bat —Martin Zurbano, Martin Azpeitiaere deitua— inkisidorea izan zen. Beste batek —Nicolas Sáenz Elola, Nikolas Azpeitia ere deitua— Pizarroren tropen kapitain jardun zuen Peruko Cajamarcako sarraski ezagunean.

Bat inkisidorea, bestea konkistatzailea. Ez ditut panelak ezagutzen, baina gisa bertsuko panel, horma-irudi, mentalitate asko gainezkatua dago konkistari buruzko informazio akritikoz eta topikoz, baina halako pertsonaiei humanista deitzea —ez dut imajinatzen Erasmo horrelakoak esaten— ez dator batere bat doitasun akademikoarekin, zorroztasun kritikoarekin, zehaztasun historikoarekin.

Ez, ezin da historia gaurko begiekin juzgatu, baina aski genituzke garai hartako humanismoaren begiak: historia ofizialak baino zehatzago juzgatuko genituzke inkisizioa zein konkista. Areago gaurko perspektibatik: ezin zaio itsuarena egin orduko bertsio inperial gaur ere berdinari, zeinak egun ere orduko interes berari eusten dion konkista ejemplar baten faltsiari amen esan eta men eginez.

Hona botoi txiki bat, ea nola kabitzen den ejenplaritatearen botoi-zuloan: bertsio baten arabera, bost mila inka hil omen ziren Cajamarcan, espainiar bakarra; beste bertsio batek dio hamar milatik gora inka hil zirela bertan eta, espainiarrak, ehun inguru.

Baina izatez, Aranberriren eta Otamendiren artikuluko lerro batek ekarri du nire gaurko Hiruko(h)itz hau. Ia oharkabean pasa zitekeen, halaxe gertatzen da sarriegi letra txikiz idatzitako historia ustez txikiekin. Aipatu jauntxoetako baten ertz bat, etxe barruko sexu-indarkeriarena, ematen digute artikuluaren egileek: Perutik Azpeitira itzuli eta gero, Sáenz Elola, Cajamarcako sarraskian kapitain jardundakoa, auzipetu egin omen zuten emaztea jotzeagatik. Jauntxo bat epailearen aurrera eraman baldin bazuten, jipoia nekez izango zen huskeria. Baina emakume bat jipoitzeagatik jauntxo bat juzgatu? Sinesgarri da orain bostehun urte emazteak senarra salatu izana, gaur egunero ikusten duguna ikusita? Ez dago fabulatzen hasi beharrik, agian ez dabil egiatik urruti leinuen arteko liskarren batek eragin zuela salaketa. Egon liteke, noski, arrazoi gehiago, baina guztiak emaztearen salaketarena baino sinesgarriagoak. Historia handiak apenas erreparatzen dion gizaki anonimoen mundualdiko ibilbide apalari, etxe barruko bizitzari, hitzaren pozoitzaileek indarkeria domestikoa deitzen diotenari.

Kuboa eta errealitatea

Martin Ugaldek zioen errealitatea kubo bat dela, sei alde karratu berdinez osaturiko poliedro bat. Sei aldeetatik, bi ez ditugu ikusten, azpikoa eta atzekoa; beste bi, ezker-eskuinekoak, soslai-doian; azkeneko biak bakarrik ikusten ditugu ondo, baina biak desberdin, hartzen dugun perspektiba da koska. Kuboa iraultzen badugu, bi alde soilik ikusten segitzen dugu.

Historialariak, kazetariak, idazleak errealitatea izeneko kubo bat daukate aurrean: ez dira profesional onak izango baldin, nork bere diziplinatik, bi aurpegi ikusgarriei begiratzen baldin badiete soilik, saiatu gabe gainerakoak ere kontuan hartzen. Saiatu gabe kuboa iraultzen, begiak hezten, begiradaren perspektiba berriak bilatzen.

Ez bainaiz emazte jipoituarekin ahaztu, natorren Ugalderen kubotik eremu itxuraz xalo batera, esaera zaharren perspektibara, ea zer kontatzen didan. Herri jakituriaren fruitu omen dira esaera zaharrok. Garaian garaiko ispilu. «Intxaurra, astoa eta emaztea bardin jo behar dira», dio Gotzon Garatek bildutako batek. «Alper da Maria makilatu, ez bada berez bihurtu», beste batek. Mundu ustez ondo egin baten kale jendetsuenetan metatutako zaborrak dira. Mundu ustez ondo egin bat, zeinak uste baitu gizartearen ordenamendua gizonezkoen egitekoa dela, kaos totala bizi nahi ez badugu. Gizonok irudikatutako kaos hori ere biribil definitzen du gure paremiologiak: mundua aldrebes non «emakumea baitzen nagusi: no zen to; emaztea gizon, oiloa oilar». Mundu aldrebes batera goaz asto-laster honen eskutik ere: «Si bou boules crede /aqueso qu'ey gertat,/ igantian diráte / astolasterrak. /Barda entzuten dit / berri triste bat,/ emaztek dutie /zaflatzen senharrak». Berri benetan tristea emazteek beren senarrak xaflatzearena! Senarrak emaztea xaflatzea, ordea, ez da nonbait berri triste bat. Usadioa da.

Ematen du emazteek jipoitutako gixon inutil xinxangreen kontrakoak direla halako esaera, asto-laster, xaribari eta abarrak. Zirien benetako biktimak, ordea, emakumeak dira ostera ere, gizonen tokian jartzeagatik: bulartsuak izateagatik, bibotea erakusteagatik, kuraia bildu eta indarra gobernatzeagatik. Bestalde, halako piezetako gizon jipoituak beti dira ahulak; alkoholak edo adimen faltak edo zoro-haizeek txotxolotutako gixagaixoak. Arbuiagarriak. Gizon ustean, gixonak.

Ahozko literaturaren entresaka horretatik ateratako giro hori ez zuen batere arrotza izango Nicolás Sáenz Elolak jipoitutako emakumeak, zeinaren izen-deiturak ez ditudan inon aurkitu.

Memoria handia.

Orain egun batzuk, Azpeitiko paneletan, historia ofiziala eta historia apala kontrakarrean. Gaurko egunak ere arrisku guztia du historia akritikoaren gorazarrea izateko Getariako partean Elkanoren ondran. Etxeparek «Euskara, jalgi hadi mundura» aldarrikatu baino hogeita bost urte lehenago, eguzkia sartzen ez zen Inperio zabaleko itsasoetan, Elkano eta bere eskifaia —tartean beste sei euskaldun— izan ziren munduari lehen jira eman ziotenak.

Euskarak eman ziola munduari lehendabiziko jira? Bo, bo, Inperioa ez dago mizkinkerietan entretenitzeko! Historia handia, historia inperiala, historia triunfala ez da euskaraz kontatu. Aukera genuen. Historia inperialaren parafernalia ez ahal da nagusituko —xaloa ni— Getariako ospakizunean, kaleetan, festa giroko pregoi eta salto-brinkoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.