Espainiako aurrekontuak. Mertxe Aizpurua. EH Bilduren eleduna Kongresuan

«Errespetu bat lortu dugula uste dut»

Koalizio subiranistak «gardentasunaren» zigilua duela irizten dio. «Orain aitzakiarik ez dago estatu hau demokratizazioaren bidean ez jartzeko». Koalizio gobernuari «ausardia» eskatu dio.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Sendo» daude, Mertxe Aizpurua (Usurbil, Gipuzkoa, 1960) EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramailearen esanetan. Hori iruditzen zaio, koalizio subiranistaren oinarriek ia-ia aho batez onartu baitute, mahai politikoak eskatu bezala, Espainiako Gobernuaren aurrekontu proposamenari baiezkoa ematea. «Aurrera begira irekiko diren aukera leiho berria aprobetxatzeko orduan, berebiziko garrantzia du lasaitasun horretatik abiatzeak».

Uste du «urte batzuetarako» gobernua dagoela Espainian. «Eta oxala urte horietan oinarriak jartzea beste [legegintzaldi] baterako, beste aldean dagoena ez baita ona guretzat».

Ibilbide luzeko kazetaria da Aizpurua, besteak beste Gara egunkariko zuzendaria izandakoa (1999-2004). Jaioterriko alkatea izan zen (2011-2015), Udalbiltzako presidentea (2012-2015) ere bai, eta urtarriletik da diputatua.

Nolako jarrera eduki du Espainiako Gobernuak zuekin aurrekontuen negoziazioetan? Zer nabaritu duzue azken urte guztian?

Gauzak asko aldatu direla uste dut. Hasieran, are hauteskunde kanpainan, esan genuen erabakigarriak izango ginela, eta erabakigarritasun hori hor dago. Bestetik, bidean beste faktore batzuk tartekatu dira. EH Bilduk beti eduki du, nolabait esateko, zigilu bat, estilo bat, eta hori da gardentasunarena. Gu ez gara ibiltzen bueltaka, edo atzetik, edo azpijokoekin, oso argiak gara hitz egiten dugunean. Uste dut errespetu bat lortu dugula. Gainera, talde parlamentario propioa edukitzeak ikusgarritasun handia ematen digu gure mezua zabaltzeko orduan. Zentraltasun hori ondo etorri da gure ildoa plazaratzeko.

Aurrerantzean gobernuarekin «zorrotzagoak» izango zaretela adierazi zenuen lehengo asteartean Kongresuan. Zer esan nahi zenuen?

Gobernuak aurrekontu berriak behar zituen legegintzaldi hau aurrera atera ahal izateko. Aurrekontuak badaude, eta orain aitzakiarik ez dago estatu hau beste norabide batean, demokratizazioaren bidean ez jartzeko. Estatu hau oso lotuta dago 1978an hartutako erabaki haiei, erregimen hori oraindik hemen dago, eta egitura guztietan nabaritzen da. Esaterako, Auzitegi Gorenak hirugarren gradua ukatu berri die Kataluniako presoei [herenegun egin zen elkarrizketa]. Adibide bat da. Gauza asko daude oraindik soluzio bidean jarri behar direnak.

Ez dago aitzakiarik: PSOEk etaUnidas Podemosek gehiengo handi bat dute kanpainan esandakoa egiteko. Lortu dugu, gainera, eskuinari berriro ateak ixtea.

Gobernuak gehiengoa du aipatzen duzun aldaketarako. Baina eskuak libre ditu hori egiteko?

Ausardia behar da, eta hori esan izan diogu Sanchezi [Pedro, Espainiako presidentea] aukera izan dugun bakoitzean. Egia da botere ekonomikoek, polizialak, juridikoak indar handia dutela; baita militarrak ere, azken egunotan ikusi den bezala. Beraz, presio horietatik guztietatik ihes egin behar da, eta ihes egitea ez da ezkutatzea edo beste aldera begiratzea, baizik eta aurre egitea eta neurriak hartzea.

Zer egonkortasun dute koalizio gobernuak eta Sanchezen inbestidurako blokeak?

Ikusten da PSOEko ministroen artean bi arima edo daudela. Batzuek nahiago zuten orain Ciudadanosekin akordioa lortu, haien interesak hortik zihoazelako. Eta sektore batzuek jarraituko dute akordio hori lortu nahian.

Eta zer ekarriko luke Ciudadanos ekuazioan sartzeak?

Beste norabide bateko politikak egingo zirela. Ciudadanos sartzen bada ekuazioan, horrek esan nahi du eskuina sartzen dela. Baina uste dut ez dela gertatuko.

EAJren ustez, zuek aurrekontuei jarritako zuzenketak eta haienak ez dira hain ezberdinak.

Haiek egiten dituzten gauza berak egiten baditugu guk ere, pozik egon beharko lukete, ez? Astearteko diskurtsoan eskerrak eman nizkien [EAJkoei], lortu dituzten gauza batzuk onak direlako herri honentzat. Haiek asko aldarrikatzen dute lehentasunezko bazkidearena, baina gu ez gara bataila horretan sartuko. Ez dugu lehentasunezko bazkidea izan nahi; ez goaz horretara, beste gauza batzuetara baizik. Beti luzatu diet eskua herri honen aldeko ekimenak egiteko.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarentzat, euskal errepublikaranzko urrats bat dira zuek babestutako aurrekontuak. Zertan?

Errepublika hori denok dugu buruan, eta hori da gure azken helburua. Baina kontziente gara ez dela egun batetik bestera egingo den zerbait. Kontziente izan behar dugu errealitatea nolakoa den, eta horri neurria hartu behar zaio une oro. Kontziente gara aukera honek ez duela nahikoa babesik momentu honetan. Momentu honetan dagokigu gure oinarri soziala zabaltzea, eta toki guztietannorabide horretan jarrita daude geure indarrak. Bide hori pixkanaka egiten da.

Madrilgo moldea, PSOE, UP eta EH Bildu ados jartzearena, zer neurritan jar daiteke praktikan Euskal Herrian? Badira hiruzpalau adibide; azkenekoa, Irungo Udalekoa.

Errenterian [Gipuzkoa] eta Durangon [Bizkaia] koalizioan gobernatzen dugu Podemosekin.Azken hamarkadetan ematen zuen EAJ gabe ezin zela inon gobernatu. Udaletan gauzak ondo egiteko gai izan gara, eta horrek erakusten du gauzak beste modu batera ere egin daitezkeela, ezkerretik. Bide bat da, agian egingo dena, eta nik, behintzat, aukera horri balio handia ematen diot.

Legebiltzarrean ere jorratu ahal izango da bide hori? Edo politika fikzioa egitea da?

Ez, ez zait politika fikzioa iruditzen. Ez dakit PSOEk nola jokatu nahi duen... Baina uste dut PSOEk ere ikusten duela aukera hori posible dela. Ikusten dute EAJrekin aspalditik edukitako akordio horiek ez dietela haiei mesede handirik egiten. Aukera guztiak daude irekita.

Bi gai zehatz, bukatzeko. Lan erreforma indargabetzea adostuz zenuten gobernuarekin, baina, PSOEren arabera, horren alderik kaltegarrienak soilik geratuko dira bertan behera. Nahikoa da zuentzako?

Nonbaitetik hastea da garrantzitsuena. Atalka egin behar bada, hala egin dadila, baina egitea da kontua. Guk PSOE, gobernua, presionatuko dugu, eta seguru nago lortuko dugula.

Presoen auzia. Euskal Herriratzeak, gerturatzeak; gobernuak esaten du legea betetzen ari dela. Sarerentzat eta Etxerat-entzat, ez da nahikoa.

Pausoak dira, baina gehiago egin behar da. Azken finean, hainbesterako ere ez da eskatzen dena: legeak ezarritakoa betetzea, besterik ez. Noski, ulertzen dut senideentzat, herritarrentzat, gutxi izatea... Pauso garrantzitsuak dira batzuk, orain arte eman ez direnak, baina gehiago behar dira. Zentzu horretan, estatuan gobernu hau edukitzea aukera bat da, eta aprobetxatu egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.