Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Txinaren txanda

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kabul erori eta hurrengo egunean bertan hiriburuko enbaxadore txinatarra lider talibanekin bildu zen. Egun batzuk geroago, Pekinek, presioa egin ordez, negoziatzeko deia egin zion munduari. Eta irailaren hasieran 31 milioi dolarreko donazioa egin zion Kabuli, eraldaketa ondo hasteko.

Ez ninduen harritu mendebaldeko komunikabide eta sare sozialetan Txinaren oportunismoa azpimarratzen zuten titularrak ikusteak: Talibanen Afganistan: Txinarentzat aukeraz betetako lurra, Pekinek eskua eman die talibanei.

Pekinek ez du ukatzen negozioak ikusten dituela, eta argi dago Txinaren One Belt One Road proiektuan Afganistan klabea dela. Victor Gao adituak esan zidan bezalaxe, Txinak herrialde guztiekin egin nahi ditu negozioak, salbuespenik gabe. Hori bai, negozioak bi aldeentzat positibo direla azpimarratzen du eta, hala ere, epe luzerako helburua dira. Txinak orain benetan nahi duena egonkortasuna eta bakea dira.

75 kilometroko muga

Batzuetan ahaztu egiten dugu Txina eta Afganistanen arteko muga. Muga txikia da, baina gutxiengo etniko musulmana nagusi den Xinjiang eskualde gatazkatsuaren aldamenean dago.

Orain talibanak boterean egonda litekeena da herrialde bizilaguna Xinjiangeko uigurrentzat erradikalizazio foku bihurtzea. Eta Pekinek azken urteak erradikalizazioa errotik mozteko borrokatu du. Milioi bat uigur inolako epaiketarik gabe eta abokatu eta senideak ikusteko eskubiderik gabe sartu dituzte «heziketa kanpamentu» deitutako kartzeletan. Horrela amaitu dira 1992tik 2016. urtera arte izan ziren milaka atentatu terroristak. Hori bai giza eskubideen urraketak direla-eta kritika asko jaso ditu Pekinek, eta Neguko Olinpiar Jokoak boikotatzeko deia ere egin dute Mendebaldetik. Buruhauste nahiko ditu orain Txinak, ez du inola ere terrorismo jihadistarenarazoa gehitzerik nahi, eta horretarako agian hobe da talibanekin negoziatzea, presio egitea baino.

Ez esku hartzearenprintzipioa

Interes propioak eta bakea bermatzeko beharra izateaz gain, Pekinek ere baditu bere printzipioak: ez esku hartzearen printzipio ukiezina, batez ere. Duela gutxi Nazio Batuen Erakundearen bilkuran Xi Jinping presidenteak berriz esan du Txinak ez duela inoiz beste herrialde bat inbadituko.

Hemen Txinarentzat emaitza onak ekarri dituen sistema propioa dute, baina ez dute uste beste herrialdeetara esportatu behar den sistema perfektua denik. AEBek, aldiz, jarrera paternalista horrekin beste herrialdeak inbaditzeko duen tradizioa salatzen dute txinatarrek. Eta Pekinek azpimarratzen du Afganistanen porrotak argi utzi duela AEBetako demokrazia besteei inposatu nahiak ez duela ezer onik ekartzen. Ezer onik ez ekartzeaz gain gainera, askotan aitzakia besterik ez da.

Hala ere, Mendebaldean aitzakia bezala giza eskubideak erabiltzen direnean, sarritan gizarteak sinetsi egiten du guztia. Txinaz ari garenean, aldiz, ez esku-hartze hori axolagabekeria gisa ikusten da.

Giza eskubideak,bigarren planoan

Pekin bada batzuetan axolagabea, hala ere.

Victor Gao adituak esan zidan Txinak Afganistani presiorikez egiteko deialdiak ez duela esan nahi Pekinek bere jarrera aukeratu duenik. «Talibanek nola jokatuko duten ikusi, eta, ondoren, modu batean edo bestean erantzungo dugu. Emakumeen hezkuntza eskubidea urratuko balitz ez gara ezer esan gabe geratuko». Baina talibanek boterea hartu zutenetik orain arte argi geratu da emakumeen egoera ez dela batere ona izango. Hilabete geroago, berriz galdetu diot egoera ikusita zer egingo ote duten. Eta, disimulatu duen arren, haserretu egin da: «Konplikatua da guztia, baina erridikulua deritzot orain egoeraren erantzukizuna Txinari exijitu nahi izateari».

Beste modu bat

Luzaroan atzerriko potentzien borroka zelaia izan da Afganistan. Deng Xiaoping presidente zela SESBi behin eta berriz eskatu zion tropak erretiratzeko. Bederatzi urte geroago eman zuen Moskuk pausoa, baina segituan estatubatuarrak iritsi ziren 20 urte luzez geratzeko. Eta, orain, azkenean Txinari iritsi zaio txanda gauzak bere moduan egiteko. Ez du esan nahi Pekinek dena ondo egingo duenik. Agian modu guztiak txarrak dira, baina bata bestea baino zertxobait hobea izan liteke. Ikusteko dago gauzak Pekinen modura eginda zer-nolako emaitza emango duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.