Denek dute zerbait jokoan

Italian luze gabe eta luzera begira politikan eragin esanguratsua izango duten bi ekinbide izango dira gaur eta bihar: galdeketa bat parlamentari kopurua murrizteaz, eta hauteskundeak zazpi eskualdetan

Denek dute zerbait jokoan.
ander perez zala
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa pozik itzuli zen Bruselatik iragan uztailean, Europako Batasuneko (EB) estatu kideek pandemiaren ondorioei aurre egiteko elkarrekin zorpetuko zirela adostu zutenean. Ez zen gutxiagorako izan: euroeszeptizismoa hazten ari zen Europako Batzordeak hasiera batean emandako erantzunengatik, eta topaketa horretan akordiorik ez lortzeak are gehiago zailduko zizkion Conteri urte amaierara arteko hilabeteak. Finean, oposizioarentzat beste aitzakia bat izango zen koalizio gobernuaren aurka egin eta EBtik atera behar denaren ideia berpizteko. Testuinguru hori oraingoz alboratuta dagoen arren, inork ez du esan agintean bizirik irautea gauza erraza denik, are Italian, gobernuek oso gutxi irauten duten herrialdean; oraingoan, bada, estatu horretako politikan eragin esanguratsua izango dituzten bi gertaerari egin beharko diote aurre alderdiek. Koalizio gobernuak eta oposizioko indarrek, denek dute zerbait jokoan gaur eta bihar egingo dituzten parlamentari kopurua murrizteko erreferendumean eta zazpi eskualdetako hauteskundeetan. Pandemia garaiko lehen azterketa da.

5 Izar Mugimenduak (M5S), Alderdi Demokratikoak (PD) eta Italia Bizirik-ek osatzen duten exekutiboa eta Legaren, Italiako Anaiak-en eta Forza Italiaren blokea aurrez aurre izango dira berriz ere egunotan, 2018ko bozetatik ateratako paisaia politikoari eutsi ala are gehiago iraultzeko ahaleginetan. Hori bai, desadostasunak desadostasun, ordezkari politikoen kopurua aldatzearen inguruan denak ados agertu dira: Diputatuen Ganbera 630 eserlekutik 400era pasatzea, eta Senatua 320tik 200era —horietako bost mantenduko dituzte, bizi osorako senatariak baitira—. Galdeketa bera egitea garaipena bat da M5Srentzat, duela bi urteko bozen kanpainan proposaturiko neurrietako bat baita.

Hortaz, erreferendumean baiezkoak irabaziz gero, alderdi horren ospearen eta erakargarritasunaren seinale izango da; mugimendua beheranzko joera etengabean dago 2018ko garaipenetik, eta pozarren hartuko du galdeketa arrakastatsua izatea. Orain arte inkestek baiezkoaren garaipena aurreikusi dute, eta, bozketa eguna hurbildu ahala ezezkoarekiko tartea txikitu den arren, ez dute sorpresarik espero; hori bai, abstentzioa handia izan liteke, %40 pasatxo.

Gianfranco Pasquino Bolognako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle emeritoaren arabera, parlamentari kopurua murriztuta M5Sk erakutsi nahi du herritarren eskariekin bat egiten duela, argudiatuta ordezkaritza politikoa hobea izango dela, eta diru publiko gutxiago gastatuko dutela —100 milioi euro urtero—: «Parlamentuaren eta parlamentarien rola berriz pentsarazi nahi dute, demokrazia zuzenean sinesten dutelako. [2018an] Irabazi zuten kanpainaren parte da, casta-ren aurkakoa; casta parlamentariekin lotu zuten, guztiz zuzena ez den arren».

Hauteskunde legea

Galdeketak mahai gainean jarri du berriz hauteskunde legea moldatu beharra: «Egungoa txarra da. Aldatu beharra dago. Emaitza edozein dela ere egin behar da; gainera, baiezkoak irabaziz gero, barrutiak berriz definitu beharko dira», uste du Pasquinok. Legea Matteo Renzi eta Silvio Berlusconi lehen ministro ohien babesarekin onartu zuten, biek ala biek uste baitzuten2018ko bozetan mesede egingo ziela; azkenean ez, mesede M5Sri egin zion.

Parlamentari kopurua murriztearekin batera hauteskunde legea aldatzen badute —badirudi hala egingo dutela—, Italiako paisaia politikoa erabat aldatzeko atea zabaldu egingo dute. Laburbilduta, hiru dira orain arte proposaturiko aldaketak: botoen %5eko langa gainditzea ordezkaritza eskuratzeko; %3koa gainditzea, baina alderdi txikiak kopuru horretara ez iristea; eta %3koa finkatzea, eta alderdi txikiek kopuru hori gainditzea. Zergatik dira garrantzitsuak kopuru horiek? Egungo koalizioak soilik hirugarren testuinguruan errepikatuko lukeelako egungo gehiengoa, indar txikien babesari esker irauten baitu; besteetan, eskuindarrek gehiengo osoa eskuratuko lukete.

Halere, hauteskunde legea aldatu gabe ere, inkestek aukera handiak ematen dizkiote Legari, Italiako Anaiak-i eta Forza Italiari gehiengoa lortzeko. Horren ondorioz, hiru alderdi horiek begi onez ikusiko lukete erreferendumean ezezkoak irabazteak, herritarrek botoa eman behar duten aldi bakoitza koalizio gobernuaren jardunaren plebiszitu gisa aurkezten saiatzen baitira.

Logika horretan, 2016ko erreformen galdeketan gertatu zenarekin konparaketa egitea saihetsezina bilaka liteke: ezezkoak irabazi, eta Renzik dimisioa eman zuen. Pasquinorentzat, ordea, ez da egokia bi erreferendumak konparatzea: «Renzik pertsonalizatu egin zuen galdeketa hori, eta iradoki boterea utziko zuela. Plebiszitu gisa aurkeztu zuen. Egungoa ez da gauza bera: parlamentuak onarturiko neurria da, eta ez luke eraginik izan behar exekutiboan. Emaitza onartu behar du, edozein dela ere».

Eskuinaren helburuak

Eskuineko alderdientzat, gobernua estu hartzeko beste aukera erreferendumaren egun berean egingo dituzten zazpi eskualdetako hauteskundeak dira: Campanian, Ligurian, Markaken, Apulian, Toscanan, Aostako haranean eta Veneton.

Eskualdeetako bozen emaitzak maila nazionalean aztertzeko ohitura dute Italian. Hortaz, horri jarraiki, herrialdea are eskuinerago egiteko atarian legoke: Legaren, Italiako Anaiak-en eta Forza Italiaren blokeak zailtasunak izango ditu hegoaldeko Campanian gailentzeko, baina lehia betean da Apulian, Marchen eta Toscanan. Testuingururik baikorrenean, eskuinak bost eskualderen presidentetza lortuko luke, eta PD buru duen blokeak, bakarra; paisaia horretan, herrialde mailako koalizio gobernuak babesa galdu duenaren diskurtsoa itzul liteke oposiziokoen artean. Izan ere, eskuineko blokeak azken bederatzi hauteskundeetako zortzitan agintea kendu dio ezkerrekoari.

Bolognako Unibertsitateko irakasle emeritoaren iritziz, exekutiboa osatzen duten alderdiek emaitza txarrak lortzeak asko zailduko dizkio datozen hilabeteak, baina bizirik irauteko nahia gailenduko da, barne desadostasunak dituzten arren: «Bizirik iraun behar du. Eskualdeetako bozetan emaitza txarrak lortzen badituzte, horrek esan nahi du estatu mailakoetan okerragoak izango dituztela».

M5Srentzat eta PDrentzat, batez ere Liguriako hitzordua izango da erabakigarria, soilik eskualde horretan aurkezten baitira elkarrekin. Emaitza txarra lortuz gero, datozen bozetan bien arteko aliantza ez errepikatzeko jarrera gailen liteke bi indar politikoetan; iaz Umbrian zerrenda bakarra aurkeztu zuten, baina ez zuten arrakasta handirik izan —presidentetza kendu zion eskuinak—.

Koalizio gobernuaz gain, Matteo Salvini Legaren idazkari federal eta herrialdeko Barne ministro ohiak ere baditu kezkatzeko arrazoiak. Batetik, alderdi barruan, geroz eta gehiago dira bere estrategiaren aurka agertu direnak; urtebetean hamar puntu galdu ditu inkestetan, eta ez du joera aldatzeko zantzurik eman. Barne desadostasunak erakutsi dituztenen artean daude batez ere iparraldeko alderdikideak, Legaren nazionalizazioa eta migrazioa estrategiaren erdigunean jartzearen aurka agertu zirenak —alderdia iparraldeko Padaniaren independentzia lortzeko sortu zuten—.

Zaia eta Meloni

Testuinguru horretan, kritikoek Venetoko presidente Luca Zaian dute jarria itxaropena. Pandemiaren kudeaketari esker, bere ospea are gehiago handitu da, eta inkestek botoen %70 inguru aurreikusi diote. Hori gertatuz gero, Zaia Salviniri aurre egiteko zilegitasuna lukeen politikaria izango litzateke, nahiz eta orain arte ez duen horretarako asmorik agertu; Pasquinoren iritziz, ordea, Venetoko presidentea ez da aurkari bat, oraingoz: «Ospetsua da, baina soilik Veneton. Salvini ospetsua da Italia osoan. Ez dut uste Legarentzat lidergo aldaketarako garaia denik. Zaiak ez dio erronka botako, ez modu honetara, ezta orain ere».

Bestetik, Salvinik badu bigarren erronka bere eskuinean: Giorgia Meloniren Italiako Anaiak-en gorakada. Legaren inkestetako beherakada Meloniren alderdiak jaso du, eta gaurko hauteskundeek agerian utziko dute zenbaiterainoko mehatxu den Legaren idazkariarentzat. Italiako Anaiak-en buruak lortu du bere bi alderdikide eskuinaren Apuliako eta Markak-eko hautagaiak izatea, eta horietan garaipena lortzeak balantza alde batera edo bestera mugiarazi dezake; gauza bera Salviniren hautagaiak Toscana lortzen ez badu. Txanponaren beste aldean, Nicola Zingaretti PDren idazkariak bere burua dimisioa ematera behartuta ikus lezake eskualde hori galduz gero.

Gaurko hitzorduez haratago, koalizio gobernuak hilabete zailak ditu aurretik: Europako Batzordeak iragarri du ItaliarenBPGa %11 jaitsiko dela aurten, eta zor publikoak %160aren kopurua gainditu lezakeela. Duela gutxi itzuli dira ikasleak eskolara, eta koronabirusaren bigarren olatuak udazken zaila aurreikusten dio osasungintzari. Aurreko exekutiboak urte eta hilabete gutxi iraun zuen boterean; egungoak urtebete egin du, oraingoz. Zailtasunak zailtasun, 2023ko bozetara arte irauteko helburua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.