AEBetako hauteskundeak. Biharamuna. Nevena Trajkov. FIUko Zientzia Politikoetako irakaslea

«AEBetan demokrazia oso ahula da»

Trajkovek uste du azken lau urteotan sistema demokratikoaren azpiegiturak kolpe gogorra hartu duela, eta horrek are nabarmenago utzi duela AEBetako gizartearen zatiketa.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Europa ekialdeko herrialdeetan maiz izan da Nevena Trajkov, FIU Floridako Nazioarteko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea, batez ere hauteskunde prozesuak aztertzeko. Hori dela eta, interes bereziarekin erreparatu die AEBetako presidentetzarako bozei, eta, prozeduraren nondik norakoek baino gehiago, Donald Trump presidenteak agertutako jarrerak kezkatzen du Trajkov: «Lau urteotan erakundeekiko sinesgarritasuna ahuldu du Trumpek, eta orain bidea egiten ari da hauteskundeak legez kanpokotzat jo ditzaten. Horrek guztiak ezegonkortasuna handituko du». Emaitza osoak jaso aurretik hitz egin du BERRIAk Trajkovekin.

Emaitza estuak espero ziren, baina ez dakit inork espero ote zuen horren tarte txikia izatea bi hautagaien artean.

Nik inoiz ez nuen uste izan [Joe] Bidenek erraz irabaziko zuenik. Inkestek zerbait aurreratu ziguten, baina oso interpretazio orokorra egin ohi dute komunikabideek. Zehatzago aztertuz gero, erraz ikus zitekeen zein barrutitan edo estatutan ibiliko zen hautagai bakoitza eroso, eta zeinetan estu. Barruti horietan hautesleak nolakoak diren begiratuz gero, nahiko erraz ikus daiteke lehia estua izango ote den edo bietako batek alde handiarekin irabaziko ote duen.

Adibidez, Floridan bazeuden aurretik ere Bidenen porrota iragartzen zuten aztarnak. Urrian, Floridako Nazioarteko Unibertsitateak inkesta bat egin zuen hautesle kubatar-amerikarren artean, eta niretzat oinarrizkoa izan zen argitzeko komunitate horiek Trumpen alde egingo zutela modu argian. Hala ere, demokratek kubatar-amerikarrak euren aldera erakartzera bideratu zituzten indarrak, eta azken unera arte ez zieten batere arretarik eskainibeste jatorrietako hispanoei, esaterako, puertorricarrei eta mexikarrei.

Bestetik, berandu erantzun zioten Bideni sozialista/komunista izatea egozten zion kanpainari, zeina izugarri zabaldu zen Florida hegoaldeko komunitate hispanoan, ez bakarrik kubatar-estatubatuarren artean, baita nikaraguar, venezuelar eta kolonbiarren artean ere, batez ere Whatsappen eta gaztelerazko irrati kateen bidez.

Floridatik kanpo, inkestek erakusten zuten Bidenek Pennsylvanian irabazi nahi bazuen emakumeen botoa behar zuela, baita latinoena (zehazki puertorricarrena) eta afro-amerikarrena ere; azken horiek hautesle leialak dira, baina, Trump babesten duten gizonezko zuriak bezala, gehiago kezkatzen dira ekonomiaz, legeaz eta ordenaz, COVID-19az baino. Baina Trumpek Bidenek baino hobeto egin du estatu horretan, koronabirusa ez beste auzi guztietan.

Motzean esateko, AEBetako hautesleria konplexua da, eta inkestak irakurtzeko modurik egokiena barrutietatik hastea da, ez estatu osoari begiratu orokor bat egitea.

Boz hauetan, Trumpek duela lau urte baino babes zabalagoa lortu du. Zergatik?

Arrazoi bat baino gehiago daude. Mezuak erasokorrak izan dira oso, baina baliagarriak bere helburua lortzeko. Demokratek sozialismoa/komunismoa ekarriko duten beldurrak boto asko bildu ditu Florida hegoaldean eta beste hainbat barrutitan. Bidenen buruko osasunari edo osasun orokorrari buruzko akusazioak jende askorengana heldu dira, eta askok sinetsi egin dituzte. Demokratak berandu ohartu dira horretaz.

Kudeaketarako gaitasuna ere onartu behar zaie. GOP Grand Old Partykoek [Alderdi Zahar Handia] gaitasun handia dute hautesleak antolatu eta haien beharrak ezagutzeko. Horrez gain, lan bikaina egin dute hautesle errepublikanoak erregistratzen bozak baino lehen. Harrigarria izan da.

Hor ditugu konspirazioak ere. Beldurgarria da egun oraindik QAnon bezalako taldeak zer lortzeko gai diren. Milaka laguni sinetsarazi diete Trump gerra sekretu baten biktima dela. Izugarria da, baita ere, berak eskuin muturreko taldeen mezuak birtxiotzea, eta inork ezer ez egitea. Alde horretatik, haren irudiak duen indarra ere kontuan izan behar dugu; askok dioen guztia sinesten dute, Trump delako.

Erlijioaz zer diozu?

Erlijioa ere oso aintzat hartu beharrekoa da. Ebanjelikoen babesa bereziki handia izan da, eta izan dira hainbat buruzagi ere iragarri dutenak estatuburuaren bigarren agintaldiak Jainkoaren etorrera ahalbidetuko duela. Fededun ez direnentzat erokeria dirudien arren, askok Jainkoaren tresna gisa ikusten dute buruzagi errepublikanoa. Beste batzuk ez dira horren urrun joaten, baina balio tradizionalen defendatzaile gisara ikusten dute, bizimodu erlijiosoa berrezarriko duen norbait balitz bezala —nahiz eta hori konstituzioaren aurkakoa izan—.

Eta, azkenik, hauteskundeen polarizazioak ere pisu handia izan du. Trumpek ez ezik, Bidenek berak ere orain arte hautagai batek jaso dituen boto kopuru guztiak gainditu ditu.

Bai, hori hala da. Baina, hala ere, ez da iritsi espero zituzten kopuruetara.

Lehenik, uste dut garrantzitsua dela ulertzea jende askok gutxietsi egin duela Trump. Askok agian bere agerraldiren bat entzungo zuten, eta zentzugabetzat joko, baina gaitasun handia du bere burua aldi berean biktima eta abertzale gisa aurkezteko, batez ere ikasketa gutxiko zurien aurrean, zeintzuek uste duten herrialde honetan gero eta aukera gutxiago daudela beraientzat. Talde horrek gizarteak aintzat hartzen dituela sentitu nahi du, eta duela lau urte Trumpek garrantzitsu sentiarazi zituen.

Baina gauza bat esan nezake ziur: Bidenek denbora behar izan du bere mezua kontuan hartu zedin. Alde batetik, moderatu gisara aurkeztu zuen bere burua, baina horretarako Bernie [Sanders senataria] eta aurrerakoien laguntza behar izan zuen. Zail da bi mutur horiek eskutik eramatea, baina, azkenean, uste dut arrakasta izan duela, batez ere osasun arreta hobetzeko, klima aldaketari aurre egiteko, nazioarteko komunitatearekiko harremanak berreskuratzeko eta aberatsenei zergak igotzeko proposamenetan.

Hala ere, lehen esan dudan moduan, talde jakinetan eragitea falta izan zaie. Errepublikanoak oso onak dira gizatalde zehatzen beharrak ezagutu eta horien araberako mezuak zabaltzen; demokratek ikasi beharko lukete haiengandik, eta arretaguneak azkar identifikatu.

Hala ere, Trumpek ez du ondo hartu Bidenen gorakada, eta leporatu dio botoak lapurtzen aritzea.

Ez du meriturik. Prozedura guztiak gardentasun osoz jarraitzen ari dira, eta emaitzak bitan gainbegiratzen dituzte bi aldeetako begiraleek. Militanteak mobilizatzeko estrategia bat besterik ez da hori, gerora hauteskundeak legez kanpokotzat jotzeko helburuarekin. Tamalez, amore ematen ez badu, eta alderdia bere aldera lerratzen bada, baliteke AEBetako egoera ezegonkortzea.

Zer gerta daiteke errepublikanoek Gorenera jotzea erabakitzen badute?

Zail da esatea. Lehenik, salaketa jartzeko oinarri bat behar du, eta oraingoz, ez du, baina bat asmatzen ahalegintzen ari da. Pennsylvanian, noski, lehen aldiz erabili dituzte posta bidezko botoak, eta han arduradunek jakinarazi zuten gaur arte jasotako guztiak zenbatuko zituztela [betiere postetxera hauteskunde eguna baino lehen heldu badira]. Trumpen taldeak dio iruzurra egingo dutela han, hauteskunde egunaren ostean bidalitako botoak zenbatuko dituztela. Ez dauka hori frogatzeko ezer, baina hori iradokitze hutsak alderdiaren oinarriak mobilizatu ditu, eta kontakizun bat sortzea ahalbidetu dio, gero Gorenera jo ahal izateko. Hala ere, zail izango du Auzitegi Gorenak salaketa onartu eta boz horiek zenbaketatik kanpo uztea, hauteskundeetako arauak estatu bakoitzak ezartzen baititu, eta presidentearen lege aholkulariek ezin diote agindu estatu bati nola egin behar dituen gauzak.

Bestetik, garrantzitsua da nabarmentzea Gorenak ez dituela gustuko auzi politikoak, eta saihestu egiten dituela. Dena den, AEBetako Konstituzioa urratu den zantzurik ikusten ez badute, atzera bota dezakete salaketa, eta erabakia estatuaren esku utzi. Baina, salaketa onartuko balu, galdera litzateke ea Amy Coney Barret epaileak bere burua errekusatuko ote duen, kontuan izanik estatubatuarrak bozkatzen ari zirela hura izendatu zutenerako.

Zer ondorio izan ditzake boterea eskuratzeko borroka honek?

Lehendik ere instituzioekiko sinesgarritasuna kolokan dago, eta baita gizartearekikoa ere. Egoera hau zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta kalte handiagoa egingo die instituzioei, eta handiagoa izango da istiluak pizteko arriskua.

Trumpek galtzen badu, zer bide hartuko dute errepublikanoek?

Galtzen badu, zail da esatea zer gertatuko den. Pentsatu nahi dut errepublikanoek «balio» duen eredu batera itzuliko direla, [Ronald] Reaganen garaian egin zuten moduan. Baina Ordezkarien Ganberako eta Senatuko errepublikano askorentzat zail izango da atzera egitea, Trumpen politikak babesten dituztela esan ondoren.

Eta Bidenek irabazten badu?

Demokratei, itxuraz, ez die emaitzak axola. Hala ere, Florida galtzearekin, eta kontuan izanik hemen xahutu dituzten indar eta diru kopuruak, itxaropena dut ikasiko zutela behin betiko kendu behar dutela hautesleria latinoaren ideia, eta ohartu latinoen artean herritartasun eta behar desberdinetako pertsonak daudela.

Aurten argi ikusi dugu ez direla berdinak Texasko mexikarren kezkak edo Filadelfiako puertorricarrenak, eta, beraz, pertsona horiek erakartzeko mezuek ere desberdinak behar dutela izan. Latinoak dira bigarren hautesle talde handiena, eta azkarren azten ari dena. Demokratek ez dute haiengana heltzeko estrategia aldatu beste aukerarik.

Baina gizon zuriak ere bereganatzen ahalegindu behar dute, batez ere ikasketa titulurik ez duten horiek. Errepublikanoentzako erregaia dira horiek, eta oso hautesleria leiala. Hori kontuan izanik, demokratek zail izango dute horiek bereganatzea.

Hauteskundeetako emaitzak ikusita, zer irakurketa egin beharko genuke? Zer aldatu da lau urteotan?

Lehenik, eta garrantzitsuena,AEBetako gizarteak ez duela immunitaterik eredu populista eta diskurtso autoritarioen aurka. Alderantziz, Trumpen alde egiten jarraitu duten milaka hautesle horiei ez zaie axola zenbatetan urratzen diren arau demokratikoak.

Bigarrenik, demokrazia oso ahula dela hemen; ez dio axola zenbat denboran egon den indarrean sistema demokratikoa.AEBetako boterearen azpiegitura oso konplexua da, baina, lau urtez instituzio horien aurka aritu ondoren, Trump gai izan da historiako beste edozein presidente baino botere gehiago bereganatzeko.

Azkenik, gero eta argiago dago AEBetan zatiketa kulturala dagoela, zerbait kendu diguten susmoan oinarritua; hau da, norberak bestea ikusi eta pentsatzea: «Zergatik ezin dut nik hori bera eduki?».Talde handi batek uste du AEBetan bere ikuspegia, bere ahotsa eta sinesmenak baztertu egin dituztela. Eta horiek beti aurkitzen dute errua nori egotzi. Azken urte hauek erakutsi digute zatiketak aurpegi asko dituela. Ikusi dugu, baita ere, arrazakeria hor dagoela, eta uste genuen baino sustrai sakonagoak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.