SERIEA 'Prestige'-ren hondoratzeak 20 urte (II). Maria do Carme Garcia Negro.

«Hondamendia arrazoi teknikoengatik eta politikoengatik gertatu zen»

Prestige-ren hondamendiak Galiziako arrantza sektorean eragin zuen kaltea aztertua du ekonomialariak. Haren esanetan, Galiziak ez du nahikoa neurri hartu halako istripuen arriskuari aurre egiteko, iraganean hainbat ezbehar jasan arren.

ARXINA.
Xose Ramon Ermida
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Maria do Carme Garcia Negro (Lugo, Galizia, 1950) erreferentzia bat da, dudarik gabe, Galiziako arrantza ikerketetan. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoretza egin zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean (USC), eta Ekonomia Aplikatuko irakaslea da unibertsitate horretan. Urteetan USCko Arrantza Ekonomiako Ikerketa Taldea zuzendu zuen. Prestige-k Galiziako ekonomian izan zuen eraginari buruz aritu da, eta gaur egun Galiziako arrantzaren sektorea zertan den aztertu du.

Prestige ez zen izan Galiziako kostaren aurrean gertatutako lehen itsas hondamendia; lehendik halako ezbehar gehiago izan ziren aurreko hamarkadetan. Nolanahi ere, Prestige-k zer ekarri zuen, eta zer ondorio azpimarratuko zenituzke?

Lehenik eta behin, gure kosta Fisterrako korridoreko igarobide bat denez, eta Europako ekonomia osoa eta munduko ekonomiaren zati bat energiaren eta erregaien garraioaren mende dagoenez, ia etengabeak dira istripuak, naufragioak, isuriak eta hondamendiak. XIX. mendetik hasita, maiz gertatu dira Fisterrari zuzenean eragin dioten ezbeharrak, eta hondoratze asko ikatza garraiatzen zuten ontzienak izan dira, funtsezko ondasun energetikoa baitzen ekonomiarako.

Pasabidea garenez gero, ia sistematikoki jasan behar izaten ditugu itsas garraioarekin istripuz gertatzen diren ezbeharrak. Hau da, istripu asko ditugu, mundu osoan garraiatzen diren ondasun batzuen pasabidean gaudelako; ondasun horiek energia industriarako erabiltzen dira, Europako alde honetan bereziki. Beste ontzi batzuek ez dute horretan jarduten: edozein tokitatik etortzen dira, eta hemen aurretik pasatzen zaizkigu erosoagoa delako eta neguan izaten diren arrisku guztietatik urrunago dagoelako.

Bide batez, lehen aipatu ditudan ondasun energetikoen hondoratze horietako asko eta asko denboralerik gogorrenen garaian gertatzen dira: bereziki, udazkenaren bukaeran eta neguaren hasieran. Orduan, ez da kasualitatea; joera iraunkor bat dela esan genezake, eta agintariei pentsarazi beharko lieke oso arriskutsua dela urteko garai jakin batzuetan baimena ematea salgai arriskutsu jakin batzuk garraiatzeko. Gainera, ordurako esanda geneukan ekaitza eta olatu handiak izateko arriskua dagoen garaietan derrigortu egin beharko litzatekeela salgai arriskutsuen garraioa gelditzea.

Gogoan ditugu lehenagoko ezbehar batzuk ere: Aegean Sea-rena, Cason-ena eta Urquiola-rena. Prestige-ren istripuaren ondoren zer gertatu zen ikusita, ordea, argi dago ez zela asko ikasi lehengo istripuetatik, eta hartutako neurriak ez ziren izan arrisku handiko garraioan kontu handiz ibiltzeko.

Efemerideek gogoratzeko eta eztabaidatzeko balio izaten dute. Gaur egun, jende askok galdetzen dio bere buruari ea Galizia hobeto prestatuta dagoen horrelako egoera bati aurre egiteko. Zer deritzozu zuk?

Nire ustez, Prestige-ren hondamendia alde batetik arrazoi teknikoengatik gertatu zen —eragotzi edo konpon zitezkeenak—, eta, bestetik, arrazoi politikoengatik, eta horiek erabakigarriak dira. Lehenengoei dagokienez, erdizka bakarrik izan dezakegu konfiantza; izan ere, ez da bete itsasontzi monoblokeei zirkulatzeko ezarritako debekua: oraindik ere badabiltza. Coruñako eta Ferrolgo portuak babesleku izateak ez du behartzen arazoak daudenean horiek erabiltzera: arriskuan den ontzi bat urruntzeko agindua eman daiteke, Prestige-rekin egin zen bezala. Azkenik, ibilbidea Fisterrako korridoretik urruntzeak ez du trafikoa eragozten. Orain ondasun energetikoek munduan duten prezioen ondorioz petroliontzien, gasontzien eta halakoen trafikoa ugarituko balitz —eta gorantz ari da—, nik ez dut uste duela hogei urte baino arazo gutxiago izango genukeenik.

Hogei urte bete dira Prestige-ren hondamendia gertatu zenetik. Denborak ematen duen ikuspegiarekin, zer eragin izan zuen itsas industrian eta orokorrean Galiziako ekonomian?

USCko arrantza ekonomiako taldeak —garai hartan nik zuzentzen nuen— ikerketa bat egin zuen Prestige-k Galiziako arrantzan izan zuen eragina aztertzeko. Ikusi genuen hasieran deskargak ez zirela asko gutxitu, itxuraz behintzat, baina arrantza ahalegin handiagoa egin zela deskarga horiek lortzeko; horrek gainkarga eragin zuen baliabideetan, eta ondorio negatiboak izan zituen. Gainera, kaltetutako espezieen jokabideak ez dira denak berdinak; hau da, arrantzatzen diren espezieen ekosistemak konplexuak dira, eta horrek zaildu egiten du analisi ekonomikoa ere.

Baiezta dezakeguna zera da: hasieran, merkatuan aurreko urtekoa bezalako erantzuna izan ez zuten espezieen balioak 8,3 milioi euroren galerak ekarri zituela 2003tik 2005era, aztertutako espezieetan; Costa da Morten eta Vigoko itsasadarrean bakarrik egin ziren azterketak. Baina halako hondamendi batek ez du ondorio hori bakarrik ekartzen; esaterako, urte horietatik aurrera espezieen bizitzan izandako zeharkako ondorioak ez genituen aztertu. Eta, halaber, ezin dugu esan merkatuak normal jokatu zuela halako batetik aurrera, Galiziako merkatuan arrantzaren sektorea gai baita ekoizpen propioa inportatutako produktu baliokideekin ordezkatzeko.

Erreakzio horrek agerian uzten duenez, sektoreak badu ekonomikoki suspertzeko gaitasuna, baina kanpoko ezbeharren ondorioz nahasmenduak izaten dira, arrantzako azpisektore batzuk desagerrarazteko modukoak.

Itsas industria sektore produktibo estrategikoa da Galiziarentzat. Berriki aurkeztutako Táboas input-output pesca-conserva galega 2019 (Galiziako arrantza kontserbaren sarrera-irteeren 2019ko taulak) txostenean jasotzen denez, sektoreko ekoizpena %50 handitu zen 2011tik. Zein dira arrakasta hori ulertzeko funtsezko elementuak?

Iraganeko ikuspegia da pentsatzea erauzketa hutsa dela arrantza. Galiziako arrantzaren sarrera-irteera taulek honela definitzen dute arrantza: arraina ekoizten duen jarduera ekonomikoaren sektorea, aurkezten den moduan aurkezten dela. Hazten ari den sektore industrial, lehiakor eta esportatzaile baten egitura ekonomikoaren definizioa da hori, eta barnean hartzen ditu, erauzketa arrantzaz gain, baita itsaski bilketa, muskuilu hazkuntza, kontserba klasikoa eta produktu eraldaketa berriak, arrain hazkuntza, eta arraina kontsumo merkatura eramateko beharrezkoak diren jarduera guztiak ere. Denen artean talde bat sortzen dute, Galizian edo kanpoan kokatutakoa. Galiziako arraina bertako eta barnealdeko merkatura joaten da, eta baita Espainiako merkatura eta mundukora ere.

Gainera, arraina modu askotara aurkez daiteke. Itsaski freskoa izan daiteke, arrain freskoa, arrain hoztua, izoztua edo kontserbakoa. Hor daude Galiziako ehun produktibotik pasatzen diren inportatutako produktu baliokide guztiak ere: halakoak hemendik saldu eta eramaten dira beste merkatu batzuetara, Galiziako markarekin; horrek erakusten du inportatzeko gaitasunak zer garrantzi duen, esportatzeko gaitasunaren gisako aldagai ekonomiko bat baita. Pentsa zenbat hegaluze jakina denez, inportatu egiten da jartzen den kontserban Galizian, eta hori hemendik saltzen da: 280.000 tona gure kontserba sektoretik, zeina Europako garrantzitsuena baita. Europako arrantza sektorerik garrantzitsuena ere bada, eta hori, kontuan hartuta gure nazioak zer tamaina duen.

Arrantzan badago ekoizpena ixten duen sektore industrial eraldatzaile bat, baina beste jarduera ekonomiko batzuetan ez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan esaterako. Zergatik?

Prozesu historiko baten ondorio da, eta ekonomian izandako zorte onarena. Galizian izan ziren elikagaiak eraldatzeko beste sektore batzuk ere, baina ez zuten lortu zikloa bukatzea, eta unitate ekonomiko horien jabeek ez zuten nahikoa kemen izan babes politikoa eta finantzarioa lortzeko. Esnearen sektorea daukat buruan.

Kontserbarekin kontrakoa gertatu zen. Hor zeuden taldeek ikuspegi enpresariala izan zuten, eta nahikoa kemen aktibo mantentzeko eta negoziorako aukerak zeudela jabetzeko. Behar zen guztia zeukaten: jakinduria, lan indarra, nagusiki emakumezkoena ondo trebatuta zeuden, eta kapitala.

Behin baino gehiagotan esan izan duzu arrantza dela Galiziako ekonomian sektore benetan esportatzaile bakarra. Zer esan nahi duzu horrekin?

Galiziako kanpo merkataritzaren azken bi hamarkadetako estatistiketan, bi esportaziok datu harrigarriak ematen dituzte: Repsolenak eta Stellantis-Vigorenak. Sistematikoki, arrantzaren sektorea da hirugarrena. Horrek esan nahi du petrolio gordinaren inportatzaile handia dela Repsol, eta erregaien esportatzaile handia, baina produkzio unitate bakarra da. Stellantisi beste hainbeste gertatzen zaio: ibilgailuak muntatzeko enpresa bat da, eta piezen inportazioaren mende dago, eta Parisko enpresari obeditu behar dio.

Arrantza sektoreak bere ekoizpen ehun osotik esportatzen du, munduko edozein tokitara. Esportazio eta inportazio horien titular den enpresa multzo baten bidez egiten du hori. Horregatik esaten dugu sektore esportatzaileetan lehena dela, sektore ekonomikoaren ikuspegitik begiratuta, eta ez konpainia multinazionalen ikuspegitik.

Itsasoko energia eolikoak ere kezka sortzen du sektorean, eta, zehazki, arrantzaleku tradizionaletan zenbait parke eoliko jartzeko asmoak. Nola ikusten duzu prozesu hori?

Itsasoko energia eolikoarekin lehorrean erabilitako irizpide bera aplikatzen baldin badute, alegia, konpainia multinazionalek nahi duten tokian jartzen badituzte, gureak egin du. Itsasoak jateko produktuak eman izan dizkigu bizitza guztian, eta defendatu egin behar da, itsasoan egin daitezkeen jarduera guztiak ez baitira arrantzarekin bateratzeko modukoak. Ilusio hutsa da pentsatzea arrantza jasangarria izan dadin bermatzea nahikoa dela arrantzaren etorkizuna bermatzeko.

Begi onez ikusten dut itsasoko energia eolikoa kontrolatzeko plataforma sortu duten erakunde eta norbanakoen zuhurtzia, lehen jasandako eraginak aurreikustea baita. Toki batzuetan posible izango da haize errotak jartzea, eta beste batzuetan, bereziki arrantzarako tokietan, sekula ez lirateke jarri beharko.

Bihar:Prestige Euskal Herritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.