Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Maleta handiaren gainean eseri da. Ondo hago?, galde egin dio senarrak, harrera mahairako bidean. Baietz esan dio. Azkenean ere! Arnasa hartu du.

Gaua bada ere hor kanpoan ez dago erabat ilun. Plazan ikusi dituen argiek eta jende ero-airekoek hotelean antzematen duen joan-etorriekin zerikusia ote daukan galdetzen dio bere buruari.

Ohea deseatzen dago, zazpi hileko dago, ez daki senarra jabetzen den. Hor ari da frantses-gurako batean harrerako emakumearekin, errietan kasik. Gero eta haserreago igartzen du.

Emakumeak ez du frantsesez senarrak baino hobeto egiten, ez horixe. Tarteka-tarteka beste hizkuntza batekoak behar duten hitzak askatzen ditu. Spanish Basque.

Dena dela usmatzen du emakumeak auzia zertan den, senarrak baino frantses hobea dauka eta; unibertsitatekoa.

Erreserbaturik zeukaten logela emanda dago.

Arraioa!

Parisen bueltan senarrak idatzi zuen artikuluan zioen spanishbasque hitzena, Navarre eta Basque Country aipatuz; zazpi egunez belarriak zulatu zizkion Riau-Riau kantua ere, Basque. Eskertu zuen artikulu hartan aipatu izana emaztearekin, Ms. Hemingwayrekin zela, eta maletan eseri zela. Izena, Hadley, eta hala esertzeko motiboa, izorra zela alegia, ez zituen aipatu.

Izorra zela esan zionean ez zuen goxo hartu. Haurrak txori arruntez bete behar ziolako burua, eta ordura arte buruan zituen asmoak, hau da, txori miresgarriak, uxatu.

Nondik nora haurdun? Ez al dugu zera ondo kontuz egin beti?

Bai.

Eta?

Nola esango dio zein gogoko izan duen haren apetak betetzea zein gogoko jolasak. Bietako zeinek jardun emakume eta zeinek gizon, hori ausaz hautatzearena, esaterako. Bien sekretua da hori. Bikotekideen arteko konfiantzaren berme-zigilua. Gutun bidez esan zion, ezkontaurrekoetan. Lagun bat irakurtzen ari zen sexu-gida baten harira.

«Ez dugu guk halakoen beharrik, gure artean dagoeneko dugun konfiantzak erakutsiko digu noraino zertu zereko zerak», Hadleyren gutuna ganoraz ulertzeko ingeles hobea jakin behar nik dakidana baino.

Ausarta zen gero emakumea, gizona baino zortzi urte nagusiago bera.

Gizonarena egiten ari zen batean gertatu bide zen eta, nondik nora ez zen jolasaren gako-aldaketaz jabetu, ba?

Alpeetan izan zen. Kanpoan elurra mara-mara ari zuelarik.

Harrez gero neguaren hondarrak eta udaberri osoa liskartsuak izan dira.

Zezenetarako plana egin ostean, berriz, baketurik da gizona.

Zoazte zezenetara, aholkatu izan zieten lagunetako askok. Batik bat Pariseko emakume bi haiek, elkarrekin bizi zirenak. Beste bikote ezkondu bezalaxe. Liskar eta guzti. Alice eta Gertrude.

Zezenen sakrifizioaren lekuko izateak Minotauroaren indar mitikoa emanen dio etortzekoa denari, ziotseten, mutila izango zela ziurtzat jota.

Horiek baino, gogokoago ditu Shakespeare & Company liburu dendako beste biak. Sylvia eta Monni. Hartara joan ohi senarrarentzako liburuak maileguz hartzera.

Hadleyk jolas egiten imajinatzen ditu. Nahi gaberik izorra izatearen aukera zitalik gabe.

Maletatik altxatzeko eta etortzeko keinua egin dio senarrak. Joan da.

Voilà, esan die emakumeak, atetxo bar zabaldu eta batera.

Hemen lo egitea baino hobe edozein zerritokitan, haserretu zaio gizona.

Hoteleko emakumeak Hadleyri begiratu dio. Sabelaldera, zehazki.

Zatozte, pardon, venez.

Plazan festaren aparretan dira.

San Fermin, esan die emakumeak.

Hadleyri gogoko egin zaio haren ahots jada baretua, zer esan begietako dirdira eta irri argia.

Kale labirintoan barna ibiliz beste atari batera iritsi dira.

Ez du zenbat solairu izan diren zenbatu, eskaileretan gora zirkinak igarri ditu umontzian, horixe dena.

Voila, esan du berriz emakumeak, lehenagoko zeremonia errepikatuz.

Merci beaucoup.

Senarrak diru bat eman dio eskura.

Balkoia zabalik dago.

Toilletteekoak egin ostean haraxe joan da.

Hatsa arnastu dio hiriari.

Eder eta berri iritzi dio.

Goiza argitu aitzin itzartu dira.

Hash!, esan dio senarrak; ez dio inori izenaz esaten, beti goitizenez, jolasaren parte diren halakoak ez ditu orain gogoratu nahi.

Balkoira joan dira.

Jendetza hori, Ernest?

Goazen!

Parisen abiatu zirenetik lehengo aldiz ez du senarrari bidaia onartu izanaz damurik sentitu. Esan izan ziokeen. Ez, Ernest, ni neu ez noa, nagoen egoeran ere. Eta agur orduan indar mitikoak, zereko Minotauro eta ipuin guztiak.

Uztailak zazpi zituen, urtea 1923koa zen. Haren ostean beste sanfermin batzuk etorri ziren. Eta halako baten hirian kasik inork irakurri ez duen liburu ospetsua. Gero gerra eta urte zenbaiten buruan zakukadak gezur, irain eta doilorkeriak.

Sanferminak hondatu zituen aztia, Vade retro, Satan!

Zer izan zitekeen hiriaren historiara idazle handitzat pasatu den gizonari ezetz esan bazenio. Onartu egin zenion, eta hona zinezko miraria: ehungarreneko honetan gogoratuko ote den inor zurekin, zazpi hileko zeunden eta maletaren gainean eseri zen Elizabeth Hadley Richardson harekin. Harrez geroko guztiaren errua ez al dauka ba senarrarenganako zure maitasunak, Iruñerako zure baietzak?

Ehungarrenean, 2023ko honetan, hotelean eseri zineneko maleta hura bezain ahazturik segituko duzula konbentziturik, zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley, beste harentzat Hash.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.