Albistea entzun

HIRUKO (H)ITZA

Segurtasunaren konformitate antzuaz

EIDER EIBAR Tamaina handiagoan ikusi

Anjel Lertxundi -

2020ko otsailak 2

Konformitatean goxorik ez.

Idoia Santamariak itzuli eta argitaratu berria du Ingerborg Bachmannen Aldibereko ipuin-bilduma (ertz askotariko bost narrazio, bost protagonista, bostak emakumeak). Liburua zabaldu eta aurki asko, itzultzaileak idatzitako hitzaurrearen bigarren orrialdean, irakurleak exigentzia artistiko handiko Bachmannen aipu batekin astindu ditu nagiak: «Arriskurik gabe idaztea baliorik gabeko literatura batekin aseguru-kontratu bat sinatzea da».

Bachmann idazle austriarrak (1926-1973) kazetari bati esandako hitzak dira. Haren esanetan, arriskurik ez dagoen lekuan ez dago arterik, idazkuntzarik, berrikuntzarik. Kontzesiorik gabe, idazteak porrota du arrisku, baina ez porrotaren masokismoz, oso kontrara baizik: porrot gaiztoenetik —errutinaren sitsetatik— libratzeko arriskatzen da artista. Ez du paseo beti berdina egiten segitu nahi, are gutxiago pauso beti berdinekin, eta inondik ere ez pasealeku beti beretik.

Idazkuntzarekin zeukan aseguru-kontratua hautsi orduko sentitzen du artistak bertigoa, bai baitaki bidea iluna eta estropezuz betea izango dela; nondik jo asmatu ezinik ibili beharko duela aldi luzean; ezingo du etsi esan nahi duenari forma egokiena lortzeko; ez du onik izango hizkuntzak kontakizunarekin bat egin arte...

Obsesio askotariko hori izango du idazleak bidaide bakar. Eta, okerrena da ondo dakiela pauso horiek guztiak segituta ere, seguruagoa dela porrota arrakasta baino, eraikin sortu berriak aise jo dezakeela hondoa. Edo gerta daiteke berak jasotakoa uralitaz estalitako adreilu-pilaketa baldar baten kalamastra izatea... Baina idazleak badu kontsolatzeko motiborik: jaso duen eraikina ez da, behintzat, milaka etxe nahiko berdinen beste etxe nahiko berdin bat. Ezta bere aurreko liburuen berdina ere.

Eraikin aparta da Bachmannen liburua, ohi ez bezalakoa. Irakurleak gozatu egingo du emaitza; txundituta ere geratuko da hainbat ziaboga eta torloju-estutze narratzailerekin; alditan deseroso ere sentituko da bertako pertsonaien dilemekin, haien baitako giroarekin: pertsonaiak benetakoak dira, irakurlearen hainbat bizipen eta sentimenduren ispilu. Halaber, irakurleak gozatu egingo du, baita pasarte konplexuenetan ere, euskarari darion jardun gardena, zeinak naturaltasunez e(ra)maten baititu pasarte bihurrienak ere. Eta hara non, gorabehera guztion eta beste hainbaten ondorioz, liburua irakurri izanak ez duen irakurlea indiferente utziko: ez daki zer, baina zerbait gertatu eta geratu zaio urdailean, bihotzetik hurbil.

Errezeloaren sasoia.

Ingerberg Bachmannen narrazioak —eta haren poesia— Bigarren Mundu Gerra osteko literatura dira, gerra suzkoari segitu zion gerra hotzekoak: inor inorekin fidatzen ez den tentsioa bizi du munduak. Nathalie Sarrauteren saiakera literario baten izenburuak ezin zorrotzago izendatzen du pesimismoaren eta goragalearen garai hura: L'Ère du soupçon edo Errezeloaren garaia. Literaturaren eta irakurlearen arteko errezeloaz ari da Sarrauteren liburua, baina, hedaduraz, saiakera ari da mundutarron eta munduaren martxaren arteko harremanez ere. Eta Bachmannen liburuko azken ipuin luzea irakurri eta gero, esan liteke errezelo horretan bete-betean kabitzen direla gizon-emakumeen arteko harremanetan ere.

Hala dio Elisabeth Matreik, Aintzirarako hiru bide azken ipuineko protagonistak:

«[...] eta gizon berri hori existitzen ez den bitartean, aukera bakarra zuten gizon-emakumeek: elkarrekin adeitsu eta zintzo jokatzea. Ezin zen espero ezer hoberik [...] hobe zuten gizon-emakumeek distantzia gordetzea [...] gaizki-ulertuetatik ateratzeko bidea aurkitu arte biek ere».

Ramon Saizarbitoriaren Martuteneko pasarte batekin oroitu nintzen. Bertan W. pertsonaia maskulino batek dio jasanezina egiten zaiola «horrenbesterainoko jakite filosofikoa zuen neska ezin interesgarriago batek bizitza Max gizajoa bezalako batekin konpartitzea». Neska filosofo ezin interesgarriagoa Bachmann da. Max, aldiz, Max Frisch idazlea.

«Gizon berri hori existitzen ez den bitartean [...] hobe distantziak mantentzea» dio Elisabeht Materik. Nola ez lotu Aldibereko eta Martuteneko bi pasarteak? Nola ez lotu Elisabeth Matreik eskatzen duen gizon berriaren premia Martuteneko W.ri hain jasanezina egiten zaion bikote-ereduarekin, emakume intelektualki potente baten eta idazle gizajo baten arteko harremanekin?

Biziak dira literaturen lurrazpitako ur-korronteak, haietan arriskatu behar gardenak ere izan daitezen. Nagore Tolosak itzulitako Bachmannen poema batek dio: «Neba maitea, noiz eraikiko dugu baltsa bat /eta zeruan behera nabigatuko?».

Baltsa batean zeruan behera.

Ez da itsasontzi bat egiten moilan gordeta edukitzeko, ez dago nabigatzailerik itotzeko arriskurik ez duenik.

Artea ere bizitza da, Ingeborg Bachmannen esaldiak balio du bizitzan aplikatzeko ere: «Arriskurik gabe bizitzea baliorik gabeko mundualdi batekin aseguru-kontratu bat sinatzea da». Halakoak esatea alferretan ibiltzea ematen du esperantzarako aukerarik eskaintzen ez duen mundu gero eta izutuago batean: arnasa nekatu diogu munduari, ozentzen eta ozentzen ari dira iragarpen ilunenen alarmak, geure buruaz egiten dugu errezelo...

Egunotan lan-oposizio askoren berri izan dugu. Hedabideek elkarrizketatzen dituzten oposiziogile gutxi entzuten da esaten «betidanik nahi nuen izan erizain», «irakasle izatea da nire bokazioa», «zerbitu publikoaren zale amorratua naiz»... Aitzitik, entzuten dena da bizitza segurtatua nahi dutelako izan nahi dutela, ez irakasle edo erizain, baizik funtzionario. Beldurra nagusi, trenpua ez daukagu ausardietarako, kikilduta gaude, gure baitak gorabeherarik gabeko segurtasuna du amets.

Ai, baina! Segurtasunak konformitatea dakar. Konformitateak, munduari begiratzeko modu etsi edo bezatu edo konplizea. Batera zein bestera, mundua aldatzeko borondaterik eza.

Kontrara: eskalatzaileak —muturrera daramat metafora— istripu bat izateko beldurrez biziko balira, hurbilago leudeke hormatik erortzetik, porrotetik. Hala da. Baina bizitzaren alor guztietan mundua hobetzeko benetako konpromisoaren parte inportantea da arriskuaren kontzientzia sortzailea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.