Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Hutsaren bahea

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Isiltasuna lanbro.

«Gure aitona-amonen [...] hizkuntzaren laurdenik ere ez da ondokoetara pasatu [...] Bizimodu bat, hizkera modu bat, mila oroigarri eta ohituren berri, dena amilduko da betiko hutsaren bahean, ahal diren puskak jasotzen saiatzen ez bagara», dio Luis Villasantek Graziano Anduagaren ipuin eta bertsoekin osatutako Aitonaren uzta liburuko Sarbidea-n. 1961ekoa da Villasanteren testua, panoraman ez zegoen poz-kanpaiak entzuteko motiborik. Ikuspegi beltz horretatik abiatu nahi nuke, baina ez Villasanteri zor dioguna aipatu gabe.

Gure garaian euskal literaturaz ikasi genuen guztia motu proprio, ez eskolan Mitxelenaren eta Villasanteren literatura historietan dago. Mitxelenaz asko hitz egin da, hitz egiten da eta hitz egingo da. Villasanteri buruz, aldiz, inoiz gutxitan topa daiteke haren aipamenik. Gehienera ere, haren Literaturaren historiatik ateratako informazioren bat. Hortik aurrera, isiltasuna lanbro.

Arrazoia ezin izan, ordea, meritu falta. Asko zekien euskarari buruz, sakon ezagutzen zituen bizkaiera, lapurtera eta gipuzkera. Euskaltzaindiko buru hautatu zuten euskara batuaren prozesua hasi berritan (1970-1986). Instituzio zale, oso zen moderatua, eta garai hartan, batuaren inguruko liskar betean, batek baino gehiagok harrigarritzat har dezake bera hautatu izana Euskaltzaindiko buru. Esango nuke, ordea, haren jakituria eta trenpu lasaia probidentzialak izan zirela baretasuna sustatzeko batuaren auzian. Protagonista baino, zerbitzari izan zen.

Villasantek bazuen, ordea, protagonista izateko motiborik: euskal gramatika ikertu zuen garai hartan inor gutxik bezala, oparo pentsatu zuen euskarari buruz eta idatzi ere oparo, sakon eta prosa garden batekin. Inork ez bezala aztertu zuen Axular, eta hura estimatzen irakatsi zigun. Erants dezadan, garrantzitsua baita: Villasanteren idazketa, lapurtera klasikoan oinarritua, komeni zaio ezagutzea gaur euskaraz txukun jardun nahi duenari: Euskararen auziaz edo Axular. Mendea. Gizona.Liburua, lan interesgarriak izateaz gainera, eredugarriak dira saiakera literarioa edo kazetaritza landu nahi dituen edonorentzat.

Hori bera zioen Edorta Jimenezek ere, baina ikuspegi literariotik, Angeles Sorazu. Bizia eta mezua biografiari egin zion kritikan: nahiz liburua moja baten biografia den, Jimenezek dio, garbi utzi eta gero bera ateoa dela: «Behingoan doaz begiak orrialdez orrialde, hain da erosoa [Angeles Sorazu-ko] prosabide hau».

Axularren prosaren zale eta ikerle, Gero-ren egilearen prosa erreibindikatu zuen Villasantek, bere jardunarekin frogatuz zenbat balio zuen XX. menderako eta zenbat balio duen mende honetan. Baina aipatu meritu guztiak eta gehiago dituen arren, atarian esandakoa: (ia) ahanzturaren ganbaran daukagu Luis Villasante.

Puskak jasotzen.

«[...] Hizkuntzaren laurdenik ere ez da ondokoetara pasatu [...] Dena amilduko da betiko hutsaren bahean, ahal diren puskak jasotzen saiatzen ez bagara». Villasanteren hitzek zentzu betea zuten 1961ean. Egun sargori eta euri langar asko izan da ordutik. Klima aldatzeraino.

Villasantek Aitonaren uzta-ko Sarbidea idatzi zuenetik, euskararen panorama nabarmen aldatu da literaturan, itzulpengintzan, gizartearen eta kulturaren arlo guztietan. Puskak jasotzea baino gehiago egin da: gure aitona-amonen uztak dira Orotariko hiztegia, Ahotsak ekimenari esker bildutako euskararen hots ugariak, hainbat alorretako datu baseak —bertsolaritza, musika, dantza...—, belaunaldi berrien formazioarekin lotutako ikasketak, kazetaritzaren eguneratzea eta hedabideetako hizkera, hizkera administratiboa, eta baita beste askotik asko ere...

Hutsaren bahean hausten eta galtzen utzi ez diogun espiritua eta materiala izateaz gainera, hortik abiatuta idatzi dugu eta itzuli. Gure zaharren oinordetzarik gabe, ez genukeen ekarriko ahozko hizkeratik idatzira ekarri duguna; ez genukeen itzuliko euskarak mundu osoko hizkuntzetatik jaso duen guztia; ez genukeen hainbat etorkin erakarriko gure mundura. Ez genukeen hainbat hitz zahar egoera berrietara egokituko; bi edo hiru hitzen konposizioetatik hitz berririk sortuko; imajinazioaren erraietatik sabel-hiztunik edo elezurtzik biziaraziko. Ez genukeen barre egingo edo hiztegia aberastuko hitzekin disfrutatu gabe Zakilixut modo...

Nora jorik ez duenerreka?

Villasanteren hitzek garaiko giroa eta beldurra islatzen dute. Hori baino sei urte lehenago, 1955ean, Pío Barojak esaten dio Koldo Mitxelenari Egan aldizkarian:«Euskara atzera dabil nora jorik ez duen errekaren gisa [...] Euskarak ez du ezertarako balio. Gauza bitxi bat bezala da, etxean gorde eta datozenei erakusten zaien horietakoa». Hori zen giro nagusia baita euskaldunen artean ere, batez ere maila sozial jasoenean.

Hitz horiek Barojari entzun eta handik hogei urtera doi «denbora ttipian urrats handiegiak egitera behartu omen dugu [euskara]», dio Koldo Mitxelenak Argia-k egin zion elkarrizketa batean. Eta ondo segidan: «Orduko geldiak dakar oraingo lehia. Zenbat falta zaigun ikusten duenak, nola esan urrutiegi joan garenik?» (Argia, 1972). Berrogeita hamar urte pasatu dira hitzok esan zituenetik. Asko egin dugu aurrera. Baina zenbat falta zaigun ikusita, nola esan urrutiegi joan garela, nola ez dugu esango are gehiago urrutiratu beharko genukeela Villasantek hutsaren bahea deitu zuenetik?

Norbere pertzepzioak eta trenpu psikologikoak zerikusi handia du euskarari buruzko gure jarreretan, baina hartutako bideak martxan segitzen du, egindakoa egina dago, objektiboa da. Baina arriskuak eta euskararen kontrako jarduerak ere asko dira. Objektiboak. Indartsuak. Esaterako, eta larria da: epaitegietatik aspalditik dator uholde gero eta sarriagoa, han kosk eta hemen kask, euskara auzi bihurtu nahi gero eta setatsuagoan, bide batez Barojari arrazoia emanez: ezer izatekotan, etxean gordetzeko bitxi bat da euskara, kapritxo bat. Atzo Barojak bezala gaur hainbat epailek: «hizkuntza unibertsalaren izaera da euskarari ukatu nahi diotena», hala zioen Angel Errok joan zen osteguneko berripaper honetan.

Korolario bat: euskararen unibertsal izaerarik gabe, hutsaren bahean, nola lortu Constitución izango ez litzatekeen Konstituzio propioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.