Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Dama Azula

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Hogeita hamarren bat urte direla idazten hasita nengoen nobelaren karpeta agertu zait. Bilatu gabe agertu ere. Gero egunak eman ditut hartan begiratu ez begiratu, baiez batean. Harik eta hartako pertsonaietako batek bisita egin didan arte.

Gogoratzen? Trenean imajinatu ninduzun. Begiratu zure paperen artean. Zabal hartu, Gabon zaharra da, ez dago presarik.

Eztandek eta argi artifizialek hamabiak direla diostate. Agorrileko hogeita hamar egun nobela amaitu gabeko lehen orrialdeak irakurtzeari ekin diot.

«(Treneko) jagolearen atzean nire bizi guztian ene bizi guzian ikusi dudan umerik zoragarrienak agertu du burua. Lehenengo eta behin, haren ezpain mardo, haragitsu, biribil eta moreak —ubelak esango nuke— gezien moduan sartu zaizkit begietan. Mutikoa? Neskatoa? (...) Buruaren atzean, gorontza antzeko jakak estuturik, ihiaren taxuko gorputza. Bernei itsatsita prakak, txarolezko oinetakoak eta galtzerdi zuriak, hegaz egiteko jantzita dago».

Lerro bi beherago joan naiz.

«Umearen lepoan eskua ikusi dut. Sarezko guanteaz, erpuruak guantetik kanpo, esku luzea, zuri zurbila. Beltza guantea, beltza gero agertu den besoa eta pamiela beltz batez estalita burua, emakume argala, arteza, liraina, wagoiko atearen bestekoa. Pamielan behera, aurpegia estaltzen dion sarezko beloa, kubritxet arina. Puntillisten tekniken alderantzizkoa erabiltzea izan da emakumearen hazpegia igartzea hesi sentsual haren atzean».

Ezpain mardoak? Kubritxeta? Puntillistak? Norentzat idazten ari zinen? Zeure ego-arentzat? Zergura idatz zenezakeen, beka zeneukan eta. Esadazu gehiago nitaz. Erabat erditu gabe utzi ninduzun emakume argalaz.

Gogoa eman dit esateko, zera, zein den mardo hitzaren esangura gurean, kubritxet hitza Jose Agustin Arrieta maisuak erabili zuela, Puntillismoa, edo Neoinpresionismoa, zeri deritzon azaltzeko. Azken batean nobelako pertsonaia nagusia, lehen pertsonan ari den Aureliano, pintorea da. Tira, amore eman dut.

«Emakumea eta nerabea wagoiko atean agertu dira. Umeak behera jauzi egin eta emaztea astiro jarraitu zaio, esker eskuaz barandari eutsiz eta eskuinaz arropa-barrena gorantz, agerian geratu zaizkio botatxo txarolezkoak».

Guanteak eta txarolezko botatxoak. Bikaina! Zure fetitxismoaren mendeko asmatu gintuzun, barkatuta, ez baitzara gutaz inoiz erabat erditu, baina, zera, egidazu laburpena, eta zabaldu balkoiko atea, otoi.

Memoriaren sarrerako beste ataltxo bat irakurri diot. «Ingurune historikoa» alegia.

«1912ko abuztuaren l2an, Santa Klara, galarren ikaragarriak jo zuen Kantauri aldean. Laburra iraupenez, ondorio luzeak izan zituen. Bermeon bertan, ehun eta hamazazpi lagunen bizia eroan zuen ekaitzak. Etxe bereko hiru eta lau lagun ere hil ziren itsasoan. Aita-semeak. ezkontzekotan ziren asko, gehienak kale batekoak izan ziren desagertuak».

Beti ondoratzeei buruz idazten? Ez zaizkizu begiak lau egingo gero beste gairen baten bila.

Ez dira itsasoak eroan dituenen kontuak oraino egin.

Eta? Zeuk egin behar dituzu, ala?

Horien tamaina ezagutu ezean ez dago emigrazioa ulertzerik. Emigrazioren akuilu nagusietako bat horixe izan zen. Zure familia, esaterako, Kubara joan zen. Jakin nahi duzu nobelaren Memoriak zutaz dioena? Entzun!

«Aurelianok trenean ikusi zuen emakumea. Kubatik etorri berria, hantxe ezagutu zuen Paredes. Emakumeak iragan iluna du. Insurrekzioaren ostean hango buruzagietako batekin bizi izan omen zen. Harreman horren fruitu, Morez Jantzitako umea du».

Nor da Paredes? Ez diozu edozein izen eman.

Anarkista, Alfonso XIII.ari heriotza ematen saiatuko da. Nobelan. Beste batzuk errealitatean saiatu ziren bezalaxe. Huts eginez.

Eta zergatik nahi izan zezakeen Paredes hark Erregeri heriotza eman?

Alfonso XIII. haren ezkontzarako tarta Ingalaterratik ekarri zuten, Bilbora itsasontziz eta handik Madrilera. Penintsulan ezagutu zen lehenengo Wedding-cake-a, 300 kilokoa. Pentsa ahalegina, pentsa handikeria. Paredes itsasontzi hartan lanean ari zen eta, horixe berori pentsatu zuen. Gutako zenbaten bizitza balio zuen gizon haren bizitzak? 300 kiloko tarta zati... zenbat goseti? Ez da ariketa erreza, tartaren balioa bai, bazekien; gosetiak zenbat ziren, ez. Gosetien ordez, itsasoan itotakoen ordez esaterako, heriotza erregeri! Bermeon egin zen hileta ikuskizunaren ostean, ze hura ikuskizun hutsa izan zen, Bizkaiko finantza eta industria gizonekin bildu zen, Txatxarramendin.

Eta ni han?

Bai. Paredesen bizia salbatzeko.

Besterik ez? Eta zure fetitxismoa? Ez ote ninduzun Aureliano haren ondoan biluzirik ikusi nahi izango, ezta? Eta, zera, zein da nire izena nobelan?

Beltzez jantzitako emakumea.

Zoaz mikak ferratzera! Hurreratu zaitez eta begira nazazu ondo. Azul jantzita nago, eta azula naiz, ez al duzu ikusten? Eta, arren, ez nahastu azula eta urdina.

Ez dit beste ezertarako astirik eman.

Mikak, pentsatu dut! Horien lumetako batzuk beltzak direla eman arren azulak dira, azul metalkarak. Duela hogeita hamar urteko nobela amaitu gabeko emakumea bezala. Inoiz idazten amaitzen badut Dama Azula izena emango diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.