Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Gandhi

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Tabernako paretetan argazki erakusketa paratu dute. Gehienak ohiko irudiak dira, zera, herriko lekuak eta txokoak, iluntzez zein egunsentiz, inor gabe, ustezko edertasun betean; huts-hutsik ageri diren lekuok, guk geuk, gizakiok, sortu ez bagenitu bezala. Argazkien artean bada bat horietakoa ez dena, niretzat deigarria. Ezin esan argazkia zuri-beltzekoa denik, ez eta koloretakoa ere. Lehen planoan gizaki bi ageri dira, elkarren ondoan zutik, goitik behera harpilera zakuz eginak diruditenak soinean. Tola edo marmita bana daukate eskuetan. Erakusten dituzten bizarrei begiratuta gizonezkoak direla esango nuke. Non egina den ez dago esaterik.

Hori argazkiaren egileak lekike. Nor da, baina?

Galderak hortxe iraun dit, asteetan, harik eta norbaitek argazkiaren egilea nor den esan didan arte. Bada, berak, Begoña Aldekoak azaldu didanez, argazkia Rajastango Pushkar hiri sakratuan atera zuen, 2017an.

Etxera bidean argazkiari egindako azken begi-bisitak miraria obratu du.

Orain taberna den toki hori berori denda izan zeneko garaia etorri zait gogora.

Nire burua ikusi dut, amaren gerria baino gorago ezin begiak, dendariaren eta amaren arteko elkarrizketari adi. Gandhi zela eta ari ziren.

Ez ziren Mah?tm? Gandhi historikoaz ari, sorterrian Gandhi ezizena zeraman Eugenioz baino. Bestea ni jaio baino lau urte lehenago hil zuten. 1948ko urtarrilaren 30ean, 78 urte zituela.

Gandhi historikoaren irudia sorterrira nondik iritsi zen, zein hedabidek ekarri zuen, ez dakit. Espainiako Estatuko zine areto guztietan derrigorrez proiektatzen zen No-Do izeneko asteroko propaganda-emanaldiak, hari buruzko erreportajea eman zuen, Gandhi Bengalako ekialdean barrena titulupean, 1947ko otsailaren 17ko dataz.

«Gandhik», zioen off-eko ahotsak, «hinduen eta musulmanen aldeko bakea bilatzen du, zeregin hori hobeki betetze aldera bengaliar dialektoa ikasi du; egunean hamazortzi orduz ibiltzen da predikuetan, bidez bide, atsedenik gabe».

Arestian esan bezala urtebete igaro baino lehen hil zuten.

La Gaceta del Norte bilbotarrak, hilketaren biharamunean eman zuen haren berri, irudirik gabe eta heriotzaren zergatia aipatu gabe.

«Ha muerto... hil da... aitalehen hindua, gizon leun eta fin hori, Indiako poeta txit handia, hinduismoaren poeta ekintzailea...».

Martxoaren 1eko emanaldian asteroko frankistak minutu eta erdiko tartea eskaini zion haren hiletari. Irudietan, Gandhiren gorpua jendetzek inguratua; hileta segizio ofiziala eta horren aurretik itxuraz estatubatuar marineak direnak; halako batean gorpuaren multzoa geldi; gero sua. Doinu bakarra, off-eko musika.

Ez Espainia ofizialaren asterokoak ez Bilboko egunkari hiperklerikalak argitu zuten nork, zergatik eman zion heriotza Gandhiri.

Bilboko egunkariak, erakutsiz irakurleek bazutela Gandhiren irudiaren hola edo nola bat, haren itxurari eta hazpegiei egin zien erreferentzia, aipatuz «jantzi ohi zuen izaratxo zuri txiroa, aurpegi zorrotz ebakia eta irribarre adiskidetsua». «Izan ere batere fotogenikoak ez zirenak», borobildu zuen oharraren egileak.

Erretratua bat dator sorterriko Gandhiren itxurarekin. Fotogenikoa ez izatearen horretan batik bat.

«Gandhi etorriko da, gero!», mehatxu egiten ziguten umetan.

Bada, aspaldi denda eta aspaldirago gozotegia izana zen hartan ama eta hango alaba gure Gandhiz ari ziren. Dendakoak halaxe esaten zion. Gure.

Gizona iluntze hartan, ze ama iluntzeetan joaten zen hara, han barruan gozotegiko txaparen gainean lo zegoela esan zion dendakoak, Mariterek, eta neguko gau hotzetan halaxe nahiago izaten zuela, nahiz eta gero goiz-goiz jaiki behar. Horrek ez zion ardura. Egiten zituen lanak askotarikoak izaten ziren, ez zeukan ugazaba finkorik ez eta ordutegirik ere. Halaxe, bazirudien iluntze hartakoaren hurrengo goizeangozogileak sua piztearekin batera jaikitzekoa zela. Bestela gozogilearen beraren ikaztegian lo egiten zuen. Edo Goiko talan. Azken horretan bazkalosteetan, eguzkia lagun.

Behin, umezaroa eta amaren gonari oratuta denda-gozategira aspaldi joateari utzita, Talako bere txokotik jagiten ikusi nuen.

Hura izan zen miraria. Gizona, guk noizbait izatea amesten genuena zen, hots, izaki librea, arauei men egin gabe bizi zena. Ez jainkorik eta ez ugazabarik, aberriaz ez dakit zer esan.

Irudia barne muinetako artxiboren batean atxiki nuen, handik urte batzuetara, toki hartan eguzkitan etzanda lo egitearen plazera bizi nuelarik berriro gogora etorri baitzitzaidan. Oraingoan bezalaxe. Gutxirekin baina libre eta aske.

Argazkia dagoen tabernara orain urte batzuk plazetan Bakea! aldarrikatzeko haren ustezko pentsaera aipatzen zutenetako batzuk etortzen dira. Pentsaera abstraktua, horietako bakarra ere ez baitut inoiz ezagutu Gandhiren lunpen bizimodua egiten, ezta aldarrikatzen ere.

Amaitu ziren plazako elkarretaratzeak eta akabo Gandhi.

«Hurrengo batean berriro haren mamuaren premia izan arte», idatzi nuen honen zirriborroan. Eta hara, iraganekoen zirriborroak baliatuz bezalaxe, gerra Europan!

Ei! Eta Gandhi orain, zer?

Gaiak tonaka bildurik, harantz bidali dituzte.

Bakea!

Gure Gandhi, Eugenio, 1964an hil zen, 38 urte zituela.

Bilbao Bilbao zen.

Bilboko Uritik ekarritako biren semea, antza.

Bego!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.