Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Bilbo esentziala

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ene! Zingira kaletik pasatzean egin genituen barreak! Txalo eta dena egin zigun / balkoitik atso batek.



Halaxe hasten da, gaztelaniaz baina, euskarara hala-hola ekarri dudan bilbainada erako kantuen artean top one litekeena, Emiliano Arriagaren Lexicón Bilbaíno (1896) liburuan ageri dena. Hartan egileak idatzi zuenarekin bat, hitzak Juan Jose Moronati batek sortu zituen, 1852an, Alemaniatik ei zetorren bals halako baten gainean hain zuzen. Balsa Bilbora zelan iritsi zen, ezin erabat ziurtzat jo, baina, itsasoz etorri zelakoan nago. Egon ere, XIX. mende erdi aldera Zingira kalearen pareko ibarrean portuko nasetako bat zegoen. Litekeena da nasa harexetara iritsi izana Moronati apeliduko Bilboko lehena.

Beude bada balsa eta apelidu hori portuak Bilbori ekarri dizkion materiagabeko ondare deritzen horien artean sailkaturik. Hipotesien atalean, jakina.

Hipotesien alorrekoa ez dena da Bilboko portura ontziak ugari etorri ohi zirela, hiria fundatu zenez geroztik duela ordu laurden bat arte. Horrelaxe kontatu izan digute Kontsulatuaren historiarekin, Bizkaiaren aberastasunekin eta iragan loriatsuko ondare material dagoeneko galduarekin burua txinbo txoriz bete digutenek. Kontakizun horietako batzuk irakurrita aberastasunen ontziak eskifaiarik gabekoak zirela ematen duen arren, noiz edo noiz aipatuak izan diren kapitain ospetsuez gain, baziren ontziko gizonak eta mutilak, denak arima banarekin gutxienez, haiek ere materiagabeko ondarearen sailekoak. Arima, diot, behialako denbora zoriontsuetan esaten zen legez esanda. Esan gabe doa arimen habiak gorputzak direla, eta gorputza aldi berean beste materiagabeko batzuen azal, hezur eta haragizko gordelekua dela. Fantasiena, batik bat itsasoan; eta grinena eta desioena, lehorrean oina pausatutakoan horiek non aseko premian.

Natorren baina Zingirara. 1695ekora. Premia horretan ziren marinelak eskutik ekarriz. Asetasunen etxera hain zuzen.

Otsailak gaur hamasei, domeka, Juan Jose Ayasassakoa, Bilboko alkate eta juez dena, Zingirako auzunera etorri da, bertoko etxe jakin batekoez zurrumurruan dabiltzanak egiazkoak diren argitzera. Zera, ba ei dira etxe horretan andre libre batzuk —«mujeres libres», dio dokumentuak— gizonekin tratuak izaten ei dituztenak. Alkateak, ordura arte ei izan dena egia dela idatziz ipintzeko kausaz arduratzen den eskribaua ekarri du. Eta hiriko lau aguazilak ere etorri ere. Badaezpada ere. Horiez gain, beste jende batzuk agertu dira hara.

Etxe aurrera ailegaturik alkateak atean jo du. Emakumezko batek zabaldu dio eta, zer, jauna? Ba zurrumurruan zera eta zera dabilela eta begiratzera etorri gara. Holakorik ez hemen jauna, egun ona izan!

Alkateak aguazilei agindu die atea zabalarazteko.

Sartu eta horra hiru gizon, salan jesarrita, edanean. Alkateak Gaztela aldeko erdaraz egin galde, eta gizonak mutu; ez dira bertokoak, ez dute deus ulertzen.

Etxea arakatzen segiturik eskaileretan gora egin dute eta, horra hor ate bat barrutik giltzaz ondo itxita. Zabaldu! Indarrez egin dute barrura. Eta zera, emakumezko bat polito ostendurik. Kanpora atera dute, eta, berriro barrura sartuta, horra gizonezko bat, berau ere atzerritarra, planta onekoa, soinean jaka —azula dela dio dokumentuak—dagoeneko jantzita bai, baina, oraindio azpiko galtzak lotzen.

Domeka hura, 1695eko otsailaren 16koa, luzea izan zen. Arratsaldean ordenuaren jagoleak Zingira auzuneko Esperantza komentuaren ondoko beste etxe batera sartu ziren. Hartan emakumezko bat, Luisa de Vitoria, eta gizon atzerritar bi. Hirugarren gizon bat ere badago, Urrutia, zapataria. Denak hiriko kartzelara, azken hori izan ezik.

Eskribauak bere lana egin zuen. Emakumeak eta lehengo etxeko atzerritarrak auzipetu zituzten, besteak ez dakit. Aberriaren ontasuna flandestar ontzian etorriak ziren gizonak. Deklaratu zuen lehena, Theodoro Cas; 25 urtekoa, ezkongabea. Ez zekiela zer jazo zitzaion etxe hartatik kartzelarainoko bidean, hain zegoen mozkorrik. Ezta begiak lau eginda ere! Eta halakoa harrapatu zuten etxera sartzeko keinua, edatera!, emakumezko bik egin ei zietela; neskatxa bata, atsoa bestea. Hots, zereginerakoak eta estalgilea edo alkahueta.

Estalgilearen keinua zurrutarena izan zela onarturik, kasik unibertsala dena beste alde, zer beste egin zuen lehenago, lau gizon haien atentzioa deitzeko? Txalo, akaso?

Horretaz itzultzaile jarri zieten Frai Eugido de Santo Thomas izenekoari zer esan zioten, ez dakit.

«Ontzitik irtenda barre artean Zingira kalean sartu ginenean txaloka oihu egin atso batek, balkoitik, bere etxera edatera etortzeko».

Azken hitzak kenduta, ehun eta hamazazpi urte geroago Juan Jose Moronatik asmatu zuen kantuan bezalaxe da beste dena.

Nago, bada, Moronatik ez zuela lehenagoko kantu lizunagoko bateko zenbait hitzen ordezkatze lana baino egin. Umore onez egin ere.

Halaxe, XX. mendearen azken aldera, gau-txori bihurturik, Zingira kalean zegoen Umore-ona izenekora agertzen ginen. Biharamunean, Theodoro As haren pare, askotan habiara zelan itzuliak ginen akordatu ezinik izaten ginen.

Laurehun urteko Bilbo esentziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.