Izar bat gutxiago

Donostian 1947an jaioa. San Pedro bezperaren ondokoak poemarioarekin Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren saria irabazi zuen 70eko hamarkadan. Harrezkero narratiba idatzi du batez ere: Zergatik panpox (1979), Saturno (1987), Koaderno gorria (1998) eta 3 Mariak (2010) eleberriak dira haren libururik ezagunenak, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983) eta Aurten aldatuko da nire bizitza (1992) narrazio liburuekin batera.

2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Betidanik dakit memoria gutiziatsua dela, ez duela inoren aginduetara obeditzen, ez duela kanpoko legerik errespetatzen. Tematu eta ahalegin zintezke gogoko ez duzun zerbait ahanzten edo sekula santan ahaztu nahi ez duzun zerbait gogoratzen. Alferrik, memoriak nahi duena gordetzen du, ez zuk nahi duzuna. Gorde eta berehala desitxuratu, bestelakotu eta egia borobila balitz bezala sailkatu. Alderatu besterik ez dago gertakizun beraren bi lekukoren kontakizunak zenbat desberdintasun duen.

Unibertsitatean ikasi nuen gizakiaren burmuinak ehun mila miloi neurona dituela, gutxi gora behera bizileku dugun Esne Bideak dituen izarrak. Laborategiak irakatsi zidan garezurrak gordetzen duen altxorra sare bat dela, neurona guztiak daudela elkarri lotuak eta lotura berriak sortzea dela ikastea. Bat bere burmuinak erabakitzen duena dela.

Beti tentatu nau memoriaren inguruko lanak, baina beste norabide bat hartu zuen nire bizitzak fakultatetik irtendakoan. Lurretik hurbil egin dut hegan orain arte, lainoen azpitik eta askotan sasien azpitik ere bai.

Niretzat, joan den astetik, nire burmuina argi txikiz osatutako unibertsoa da, ikasitakoari esker konstelazio ezagunak dituena. Badakit hogeita hamar urtetatik aurrera gure burmuinak egunero ehun mila neurona galtzen duela, gero eta burmuin txikiagoa dugula. Nire adinerako, burmuinak galdu ditu hogeita hamar gramo inguru, baina galera horrek kaskoaren barruan uzten duen hutsuneak ez nau kezkatzen.

Kezkatzen nau jakiteak zerura begiratzen ari naizela argitxo horiek itzaliz doazela, banan bana baina etengabe. Hiltzen dira neuronak, eten egiten dira haien arteko loturak. Eta hiltzen den neurona bakoitzak nik bizitako zerbait darama berarekin, itzaltzen den argi bakoitzak hutsune bat uzten du neure barruan, zulo beltz baten indarra duen tartea.

Agian bihar bertan ahaztuko zait salbatu nuen lehen bizitza, ekiditen jakin ez nuen lehen heriotza. Agian gaur, eguna itzali baino lehen, urtuko zait ezerezean argazki baten laguntza ez duen oro. Ahaztu dezaket ispiluari begiratu eta bertan, nirearen ordez, gure amaren aurpegia ikusi nuen unea edo zerua nola iluntzen den ikusten dudan bitartean ahaztu dezaket gehien maite dudan bonsaiak, jangelako leihoaren koska edertzen duen pago zabal eta oparo horrek ura behar duela, gal dezaket neure burua pago horren azpian etzanda dagoela sentitzeko behar dudan irudimena.

Ez zait axola nola gogoratuko nauten maite izan ditudanek, jakinda ere horien oroitzapenak izango direla mundu honetan nire aztarna gordeko dutenak. Ez nau kezkatzen zer gertatuko den ni hil ondoren, bizirik nagoen bitartean gertatuko zaidana baizik.

Eta okerrena da ezin dudala prozesua kontrolatu, ez dudala ze oroimen zehatz gordetzen duen neurona itzalikoden erabakitzeko ahalmena. Gaixotasunak agintzen du, hark du boterea, hura da nire neuronak akabatzen ari dena.

Ezjakintasunak ez nau lagunduko, ez dit gezurrezko itxaropenik fabrikatzen utziko. Erremediorik gabe dakit nora noan, ez, ordea, ze abiaduran gertatuko den maldan behera. Nora noan, idatzi dut, doan hori noiz arte izango naizen ez badakit ere.

Alegia, zer ahaztutakoan hasiko naizen ni ez izaten, zer duen ezinbesteko niak. Askotan esan dut, gaixotu nintzela jakin baino lehen, ni ez naizela herritik hirira medikuntza ikastera joan zen neska hura, nire izen-abizen berak bazituen ere, ezta beldurraren eraginez aita atentatu batean galdu zuen adiskidearengandik urrutiratu zena. Beti penatu nau sortu zutenetik aldatu ez dela dioenak.

Idatzi gogoratu nahi duzun guztia, esan zidan nirekin batera ikasi zuen adiskideak, diagnostikoa adierazi ondoren. Errezatu, esan zidan izeba Mariak, begiak malkotan. Horrelaxe hil omen zen amona, nor zen ez zekiela. Honezkero ez dakit errezatzen eta ez dut nik idatzitakoa irakurtzerakoan beste norbaiten bizitzan sartzen ari naizela sentitu nahi.

Egia da oraindik ez dela iparrizarra urtu, oraindik ere errekonozitzen dudala neure gorputza, neure burua eta gauza bera gertatzen zaiela nirekin topo egiten dutenei, ez dutela antzematen nire burmuinari gertatzen ari zaiona, gertatzen ari zaidana, uste dutela betikoarekin ari direla hizketan, ez laster izango naizenarekin.

Gainera, jakin badakit ezer gutxitan aldatuko dela mundua nire neuronak hondatu ondoren eta pentsakizun hori kontsolagarria iruditzen zait. Baina adar horrek berehala narama oraingoz onartezin iruditzen zaidan irtenbidera. Oraindik ni neu naizelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.