HIRUKO (H)ITZA

Euskararen borrokarako armak

EIDER EIBAR

Anjel Lertxundi -

2019ko martxoak 3
Misterio baten mistela.

Barojaren «La novela es un saco donde cabe todo» aipuarekin hasi nuen idazle donostiarraren obrari buruzko hitzaldia. Bukaeran, euskararen eta Barojaren arteko harremanen gaiari ekin nion (ustez) haren aipu batekin hasita: «El vascuence tiene escasas armas para la lucha». Borrokarako aukeren bahiketa historikoaz aritu nintzen. Aritu nintzen escasas hitzaren polisemiaz ere (gutxi eta pobre), eta aritu nintzen, halaber, azken urteotan euskarak emandako pauso garrantzitsuez.

Galderen txanda. Entzule batek jaso zuen eskua. Ezaguna nuen bistaz. Baroja-zale amorratua zela nekien. Atezuan jarri nintzen, hitzaldian ezer okerrik esan ote nuen baino, nik baino gehiago zekielakoan Barojaren obra. Zapla bota zidan galdera: ea nondik atera nuen euskararen armei buruzko aipua. Berak ez zuela ezagutzen. Inoiz irakurri izan balu, baita behin bakarrik izanda ere, gogoan iltzatuta geratuko zitzaiola esaldia. Pentsatu nuen armas eta euskara lotu izanaz hasiko zitzaidala, garaiak ziren halakoak. «Es una buena síntesis de lo que Baroja pensaba sobre el euskera», esan zuen ordea. Bere hitzek pixka bat lasaitu baninduten ere, nire motzean pot gelditu nintzen publikoaren aurrean.

Behin etxean, esaldiaren bila hasi nintzen Barojak euskarari eskainitako testuetan eta bestelakoetan. Alferrik. Sarean saiatu nintzen. Alferretan. Gerta zitekeen nik hitzen bat edo beste aldatu izana aipuari. Euskara jarri ordez, vascuence eta lengua vasca idatzi nuen sareko bilaketa-leihoan. Alfer gaiztoan berriro. Débiles armas, pocas armas eta antzeko aldegaiak markatu nituen. Alfer-bidaia enegarren aldiz. Etsitzeko trantzean, Dialneten aurkitu nuen esaldi dontsua. Baina nik neuk aipatua, urte batzuk lehenagoko beste jardun batean.

Burutik pasatu zitzaidan ez ote zen neuk asmatua eta Barojari egotzia ote. Denboraren eta memoriaren hari luzeek obratzen dituzte halako amarruak: geuk ere egiak direla sinesteraino. Lagun letra-jale bati eman nion peskiza obsesiboen berri. «Eta aipuaren jatorria euskaraz emana balitz? Barojak ez, noski», bota zidan brastakoan.

Sentitu nuen hurbiltzen ari nintzela misterioaren mistelara.

Iskiluen eskasia.

Koldo Mitxelenak Pío Barojari egindako elkarrizketa bat dakar Egan aldizkariaren 1955. urteko bigarren aleak. Bertan, Mitxelenak euskaraz ematen ditu Pío Barojak gaztelaniaz esan zizkionak, tartean bost hitzeko esaldi labur fermu bat: «Iskilu eskasak ditu euskerak borrokarako».

Ez dakigu zeintzuk izan ziren Barojak Mitxelenari gaztelaniaz esandako hitz zehatzak, baina aski ezagunak dira Barojak euskarari buruz han-hemen esandako asko. Betor lekuko gisa haren aipu bat, edonon ageri dena: euskara atzeraka doa «ez inork gerra egiten diolako, baizik balio ez duelako bizitza modernorako» (Momentum catastrophicum, 1901). Gerra ukatzen du aipu batean, iskiluen eskasia Mitxelenak egindako elkarrizketan. Inork ez dio gerrarik egin euskarari, euskarak ez dauka armarik borrokarako. Eta hori dio Bizitzarako borroka trilogia idatzi zuen Darwin-zale amorratuak.

Mitxelenak itzulitako esaldiari ondo erreparatzen bazaio, bertako hitz giltzarriek —iskilu eta borroka— darwinismoaren geruza seinalatzen dute: idazle donostiarrak Darwinen lenteekin ikusten zuen gizakion mundualdia, eta «Bizitzaren borroka» gisa izendatu zuen bere trilogia ezagunena. Gizon-emakumeek lehiatu beharra dute aurrera egingo badute, eta hizkuntzek ere ez dute lehiatu beste biderik bizirik iraungo badute. Energiarik eta botererik gabe, gizakia ahula da borrokarako; halatsu hizkuntza bat ere, baldin ez badu armarik —botererik, alegia— hizkuntzen arteko lehiaren plazan. Botererik gabe, hiztun gutxirekin, euskalkietan sakabanatuta eta ia elkar ulertu ezinik, tradizio literariorik gabe, La Fontaine eta Esopo itzuliz behin eta berriro... Panorama horrekin euskarak ez du lehiatzeko balio, laster emango du azken hatsa.

Horra bada non Koldo Mitxelenaren itzulpen laburrak oso zorrotz kontestualizatzen duen Barojaren jarrera.

Ez zubirik, ez zurubirik.

Mitxelenak Baroja elkarrizketatu zuenetik hirurogeitaka urtera, euskarak batasun pragmatiko bat lortu du eta Barojak sinetsiko ez lukeen maila artistikoa erakusten ari da emaitza literario asko, Joyceren Bloom eta Prousten pertsonaiak euskaraz mintzo dira, irakurleak eskura du Barojari hainbeste eragin zion Charles Darwinen Espezien jatorriaz saioa irakurtzeko aukera Alberto Gabikagojeaskoaren itzulpenean, eta, bide batez, irakurleak badu halaber Barojaren beraren hemeretzi obra euskaraz irakurtzeko aukera ere, tartean Jakintzaren arbola eta Zalakain abenturazalea Josu Zabaletaren eta Koro Nabarroren itzulpenen eskutik hurrenez hurren. Borrokarako armarik ez omen duen hizkuntza baten justizia poetiko-ironikoa ote den...

Iskilu eskasak ditu euskarak borrokarako. «El euskara tiene débiles armas para la lucha». Trabes egingo nuke: euskaraz ez dakiten Baroja-zaleen arteko ilustratuenak ere ez du Mitxelenak Barojari egindako elkarrizketa ezagutzen. Sarean ez dago Mitxelenaren elkarrizketaren aipamenik ez erdarazko jardun akademikoetan ez bestelakoetan (Barojak eman zuen azkeneko edo azkenetako elkarrizketaz ari gara; nori, eta Mitxelenari). Gauza bera gertatzen da Mitxelenak Escuderori edo Oteizari egin zizkien elkarrizketa mamitsuekin ere.

Euskal kulturaz (arteaz, musikaz, literaturaz...) ari den katedratiko, tesi-zuzendari eta doktoregai, komisario, arte-kritikari erdaldunen bibliografietan oilo bat pixa egiten topatzea baino nekezagoa da ikustea euskaraz ari diren aditu eta kritikarien aipamenik. Ez dizute deus esango Juan San Martin edo Martin Ugalderen ekarpenez, Haizea Barcenillak edo Xabier Gantzarainek idatzitakoez, Leire Lopez Ziluagaren edo Ismael Manterolaren kritikez, beste hainbat aditu euskaldunen ekarpenez, liburuez, artikuluez, katalogoez.

Isiltasun akademikoa, nagikeria intelektuala, menoste endemikoa, hain hurbil daukatenaren aurrean beren buruak dituztelarik horma, beren zentzumenak dauzkatelarik itsu, mutu eta gor.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna