Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Beldurra ari du

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Izua hemen.

Espainian, azken hauteskundeak. Faxisten gorakadak beldurra barreiatu du bazterretan. Beldurra ari du, baita kontu hauetaz gehiegi kezkatzen ez direnen barne-muinetan ere. Nondik irten diren galdetzen du jendeak. Hainbeste. Hain fanfarroi eta zakar. Beren soak, ilun; keinuak, gordin; hizketa-modua, handios eta ziniko...

—Non dira beste zoro horiek, gudan nahi zutenak hasi? —galdetzen du Monzonen Alargun zoroarena poemako emakumeak.

Hemen zeuden. Hemen daude. Beren zirkuluetan bizi ziren labezomorroak toki epeletan nola; alderdi ustez demokratikoetan zebiltzan orain arte; milizian eta elizan zeuden, epaitegietan eta diruaren saloietan, gorrotoaren harpe-zuloetan. Baina pixkanaka, egoera politiko patetikoan eroso bezain indartsu sentiturik, beren maskarak kendu eta kultura-fobian oinarritutako fobia askoren abanikoa zabaldu dute. Ez, ez dute Madrileko Parlamentua tiroka hartu beharrik izan beren herra eta errabia erakusteko. Aski izan dituzte bozen ontziak. Tiroka baino arrakasta handiagoarekin. Horrelakoak dira, haien uste harroan, demokraziak: konplexuz beteak. Bozen pantomima asko, baina ez dira gai separatismoa errotik erauzteko, emakumeak bridatzeko, etorkinak ostikoka bidaltzeko.

'Bozka dezagun bozak kentzeko!', dute kontsigna.

Beldurra ari du, gogotik, eta beldurrak memoria baitu, oroitzapenek, haragi bizian, min egiten dute. Faxistak, bitartean, minean saka eta saka ari dira hedabideen bozgorailu guztietatik eta ondo bezatutako demokraziaren korridoreetan barrena pozoia barreiatzen. Orain laurogei urte bezain fanfarroi. Marxi sinestera, ordukoa tragedia zen, oraingoa fartsa. Gure memorian, ordea, minak gutxi du fartsatik, bizi-bizi oroitzen dugu 36ko gerraren ostean Elgetan izandako fusilamenduen lekuko batek esana: «Nola hil eta ehorzten zituzten begiratzeko agintzen zigun amak, ondorengoei kontatu ahal izateko».

Memoriak ekarri digu beste oroitzapen franko ere, tartean Anamari Martinez Urreiztietaren hitzak Egunkaria itxi zutenean: «Ez dut beldurrik, ez dudalako nahi beldurrak leku har dezan nigan». Martin Ugalderen emaztea ez zen orain laurogei urteko kontuez ari.

«Ez dut beldurrak leku har dezan nigan». Duintasuna da beldurraren kontrako antidotorik onena.

Beldur-iturriak.

A fost odata ca niciodata esanez hasten dituzte errumaniarrek beren ipuinak: «Izan zen behin inoiz gertatu gabea...».

Izan zen behin inoiz gertatu behar ez zuen gerra bat, izan zen behin inoiz gertatu behar ez zuen diktadura bat, izan zen behin bata eta bestea gainetik kendu ez zituen trantsizio bat. Baina gertatu ziren hiruak eta, laurogei urte eta gero, larriena da altxamenduaren oinordekoak ez direla gutxi, ez direla nostalgiko batzuk, faxismoa dutela oraindik bazka.

Etorkizuna, zeina ez baitakigu nolakoa izango den, beti da beldur-iturri. Gure kasuan, gainera, iraganak hipotekatuta dago. Alimalekoak dira faxismoaren iraganeko sarraskiak; ezin jakin, ordea, faxismo gaurkotuak zein bide hartuko duen, ezin jakin nola borroka egin haren kontra. Ultren diskurtso nagusiaren muina ezagutzen dugu: gorrotoa. Ezagutzen ditugu gorrotoak jo-puntuan dauzkan hiru giza-talde nagusiak ere: separatistak, gorriak, emakumeak, arabiarrak. Ezagutzen ditugu beren arma nagusiak: gezurra eta zinismoa. Baina nola egiten zaie aurre? Beren armekin? Nekez. Politika tradizionalaren ohiko diskurtsoek —elkarrizketa eta gisako aldarrikapen onkeriazkoek— ez dute fitsik balio, etsaia guztiz baztertzerainoko estrategiak baliatu behar omen dira gero eta aditu gehiagoren esanetan. Bo, animo eta kuraia! Baina sistemak —hau da, faszismoari aurre egin behar liokeen demokraziak— aspalditik dauzka bere-bere eginak gezurra zein zinismoa. Integratuak. Haiek baztertu baino, ez ote den eraginkorragoa da haien gezurtietatik urrutiratzea...

Krisiak ere, beste efektu askoren artean, beldurra ekarri zuen; beste krisi ekonomiko baten beldurrak bizi gaitu orain. Orduan bezala gaur ere ez zaigu egia esango, ez da herritarren ongizatea bilatuko, ez da interes soziala lehenetsiko.

Beldur-iturri dugu klima-aldaketa ere. Mundua gobernatzen dutenek, ordea, itsu, gor eta mutu segitzen dute, begi-bistakoari iskin eginez. Klima-aldaketari aurre egiteak derrigorrezkoa du gure bizi-parametroen aldaketa drastikoa. Nork gidatuko du ezer horrek guztiak eskatzen duen giza-baloreen eredu-aldaketarik gabe? Gordin esanda: botere politikoa ez baitago politikarien esku, erabakimena ez dago parlamentuetan, diruaren bulegoetan baizik.

Lehenbiziko aldiz historian, planetarioa da krisia, lehenbiziko aldiz historian, inoiz ez bezain nano eta ezgauzago sentitzen gara. Biluzik. Jaio berriak bagina baino babesgabeago. Ez omen dago-eta zereginik, burbuila batean biltzeko tentazioa nagusitzen ari da: gal dadila mundua, baina ni hil eta gero.

Balioan jarri.

Guztia eros daitekeela sinesten duen garaia bizi dugu, guztiak prezioa duen mundu bat egiten ari gara: sistemak ez omen du atzera bueltarik. Eta etsita gaude (konbentzituta, alegia) ezin dela horren kontra ezer egin. Maiatzeko hauteskundeetan euskal politikari batek —ez dago izenik eman beharrik, espektro politikoko hau zein hura izan liteke— euskal ekintzailetza-ekosistema balioan jartzeko premia aldarrikatu zuen, ekonomia «aurreratu eta indartsua» eraikitzeko.

Giza jardunen balioa termino ekonomikoetan neurtzen da beti. Ekonomiatik kanpo ez dago, nonbait, zaindu beharreko balore «aurreratu eta indartsurik». Faszismoa, hura ere dagoeneko planetarioa, txit eroso bizi da humus humanismorik gabeetan.

«Gizakia eta giza balioak gainontzeko guztien gainetik jartzen dituen jarrera filosofikoa», da humanismoa hiztegiaren esanetan. Hitz hori gabe, ezin da azken mendeotako Europaren alde eder aurrerakoiena ulertu. Tokitan daude hortik gure diskurtsoak eta praktika! Thomas Mannek bere editorearekin izandako solastxo bat datorkit gogora. 1928 urtea da eta garaiko politikari aleman peto-peto batez ari dira. Editoreak diotso: «Gizon hori ez da europarra». Esaldiari gupidagabeegia iritzirik, idazleak kargu hartzen dio. Editoreak, ordea, bere temari eusten dio: «Ez, ez da europarra, ez baitu ezer jakin nahi humanismoaz».

Zetorkienaz ari ziren, berek ez bazekiten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.