Obara eta Barron jazzaldietan

Gasteizko 44. Jazz Jaialdiak eta Donostiako 56. Jazzaldiak aurkeztu dituzte beren egitarauak. Uztailaren 14 eta 18 bitartean izango da Gasteizkoa, eta segidan Donostiakoa, uztailaren 21etik 25era

Cecile McLorin Salvant abeslaria. DONOSTIAKO JAZZALDIA.
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Uztaileko jazz jaialdi batzuen egitarauak ezagutarazten eta txarteldegiak zabaltzen hasi dira. Atzo aurkeztu zituzten Gasteizko 44. Jazz Jaialdia eta Donostiako 56. Jazzaldia.

Gasteizen, hauek izango dira protagonista nagusiak: Anne Paceo eta Antonio Sanchez (bateriak), Itamar Borochov (tronpeta), Kathrine Windfeld (pianoa), eta Thumbscrew eta Maciej Obara Quartet taldeak. Uztailaren 14an hasi eta 18an buka, Iradier Arena eraikinean eta Principal antzokian egingo dira kontzertuak, eguerdiz eta arratsaldez.

Donostian, hauek izango dira emanaldirik garrantzitsuenetan: Cecile McLorin Salvant (abeslaria), Franco D'Andrea (pianoa), Dave Douglas (tronpeta), Gonzalo Rubalcaba (pianoa), Mulatu Astatke (perkusioa), Kenny Barron (pianoa), Noa (abeslaria), Marc Ribot (gitarra), Silvia Perez Cruz (abeslaria), Bill Frisell (gitarra), Brad Mehldau (pianoa) eta Arlo Parks (abeslaria). Uztailaren 21 eta 25 bitartean egingo dira kontzertuak, Trinitate plazan, Kursaal auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian, San Telmo museoan eta Txillida Leku museoan (Hernani).

Gasteizko txarteldegia datorren astean zabalduko dute, ekainaren 15ean, jazzvitoria.com gunean. Eta Donostiakoa irekita dago jadanik, tickets.donostiakultura.eus gunean.

Gasteizko Iradier Arena

Iaz Gasteizko jaialdia bertan behera utzi behar izan zenez gero, 44. aldia izango da aurtengoa. Iradier Arenako agertokiaz baliatuko dira: eguerdietan, 12:00etan, eta arratsaldetan, 19:30ean. Bazkalondoko kontzertuak, berriz, Principal antzokian izango dira, 17:30ean hasita.

LetterOne Rising Stars jazz sarien Europako lehiaketaren garailea etorri ohi da urtero Gasteizera; hala, azken sarietako irabazleak izango dira aurten: batetik, Itamar Borochov tronpetista israeldarra (uztailaren 14an); bestetik, Kathrine Windfeld piano jotzaile daniarra (hilaren 16an).

Gasteizko jazzaldiari Maciej Obara saxofonistaren laukoteak emango dio amaiera, uztailaren 18an, Principal antzokian. Dagoeneko hamar disko plazaratuta dauzka 39 urteko musikari poloniar horrek; azkenekoa, Three Crowns. Obarak lagun izango ditu Dominik Wania pianoan, Ole Morten Vagan kontrabaxuan eta Gard Nilssen baterian.

Bost egunetan aukera izango da entzuteko, adibidez: bateriaren bi birtuoso, Anne Paceo frantsesa eta bost Grammy sariren irabazle Antonio Sanchez mexikarra (uztailaren 17an); eta Thumbscrew hirukote estatubatuarra (hilaren 15ean), Mary Halvorsonen gitarra abangoardistarekin.

Jazza gazteengana hurbiltzeko prestatu dituzte Iradier Arenako goizeko saioak, interpreteak ere gazteak izaki: hala nola Fran Serrano kontrabaxu jotzailea, Daniel Lopez de Pariza bateria jotzaile gasteiztarra Dan in a Box taldearekin eta The Sey Sisters hirukotearen ahots beltzak.

Donostiako Trinitate plaza

Egitarau zabala dauka Donostiako Jazzaldiak, eta horregatik ditu bost kontzertu leku. Nolanahi ere, ohi bezala, Trinitate plaza izango da nagusia bederatzietan ilunabarrero: saio bi izango dira.

Lehen egunean, uztailaren 21ean, Dave Douglas tronpetistaren eta Franco D'Andrea piano jotzailearen ostean, Cecile McLorin Salvant abeslaria etorriko da, Sullivan Fortner pianista ondoan duela. Hilaren 22an, Aymee Nuviola eta Gonzalo Rubalcaba kubatarrak hasiko dira, eta Mulatu Astatke perkusionista etiopiarraren taldea izango da gero.

Bi piano jotzailek hartuko dute txanda uztailaren 23an: Marco Mezquida kataluniarrak aurrena, eta maisuen maisu den Kenny Barron estatubatuarrak gero, Dizzy Gillespieren bandakoa izandakoak. Barronekin batera ariko dira Steve Nelson (bibrafonoa), Peter Washington (baxua) eta Jonathan Blake (bateria).

Ekialdera begiratuko du uztailaren 24ko saioak. Naissam Jalal flautista siriarrak joko du bere boskotearekin. Gero, Noa israeldarraren txanda izango da, Gil D'Or gitarrista eta IƱaki Salvador pianista donostiarra lagun.

Amaitzeko, hilaren 25ean, bi musikari estatubatuar gailen: Brad Mehldau pianista, Larry Grenadier baxuarekin eta Jeff Ballard bateriarekin; eta, ondoren, Bill Frisell gitarrista, Thomas Morgan baxuarekin eta Rudy Royston bateriarekin.

Marc Ribot gitarra jotzailearen kontzertua Txillida Lekun izango da (24an). Eta Kursaal auditoriumera datoz arratsaldeetan Arlo Parks kantari britainiarra (21ean), Concha Buika abeslari kataluniarra (22an), Giovanni Guidi pianista italiarra (24an), eta, Farsa Circus bandarekin, Silvia Perez Cruz kataluniarra (25ean).

Doako kontzertuak Kursaal kanpoko terrazetan antolatu dituzte. Han ariko dira Sara Azurza, Paul San Martin, Alberto Arteta, Asier Ardaiz eta Hutsun taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.