Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

HIRUKO (H)ITZA

Denboraren labirintoan

EIDER EIBAR

Anjel Lertxundi -

2021eko urriak 3

Ordu txikiak.

Pluralean beti. Bi hitzok entzun eta ordu txikiak parrandarekin lotzea, bat. Laket zaigu espresioa. Gau-giro semantiko berean sartzen dira pekatu txikiak, neska txikiak, bizio txikiak, dosi txikiak...

Badira, ordea, txiki-laburretik gutxi duten orduak. Ospitalekoak, esate baterako. Txiki-laburretik gutxi dute gaixo baten eta hura zaintzen ari den senidearen orduek, gauaren erdian haur-minetan dagoen amarenek, azken ainenetan dagoen hil-hurrenarenek.

Oinazeak luzatu eta luzatu egiten baititu orduak, nor ez da errukitzen? Ordu txikiak deituko diegu halako zirkunstantzietako orduei ere? 'Ordu txikitan hil zitzaigun osaba' esango dugu?

Ordua labur da poz giroan, luze da oinazean. Ederra da galegoek esaten dutena sufritzen ari denarengatik oro har eta hiltzeko zorian dagoenarengatik bereziki:

Oxalá que teña unha hora pequena...

Doakiola labur azken ordua, samina ere labur gerta dakion.

Euskal espresioaren pluralak ordu txikiak parrandaren luzamendua du helburu. Galegoak, berriz, singularrean hartzen du indarra unha hora pequena, oinazearentzat aski eta sobera baita ordu bakarra.

Esku-huts, bihotz-biluz.

Presaka bizi ginen, kabitu-ezin hiperaktibo batek harrapatuta, guztira iritsi beharrez ezertara iritsi ezinik. Ordurik gabeko denbora erretzen genuen lanean, autoan, telefonoan, sare sozialetan; ordu doiak egiten genituen etxean eta etxekoak atenditzen. Denbora faltak estutu egiten gintuen eta lanak ito. Denbora librea nahi omen genuen, baina denbora estutzen, lotzen, korapilatzen aritzen ginen denboraren esklabo ginela ohartu gabe. Bizi-poz urriena ematen duen jardun tristean ahitzen genuen bizitza, egunak eta urteak galtzen genituen sosen truke, baina denbora eta sosegua irabazten ez. Eta denbora lortzen genuen urrietan, sosegua erretzen genuen asteburuetako carpe diem ordu txiki ahalik luzeenetan...

Bat-batean, ordea, pandemia. Bat-batean, konfinamendua. Bat-batean, birus ikusezin batek denbora gelditu zigun eta esku-huts eta bihotz-biluz utzi gintuen. Ordu arte ezertarako astirik ez zuen askok munduko denbora guztia zeukan eskura; denbora malgu-malgua, denbora eskuzabala, Daliren erlojuetako denbora bigun belaxka, orduen gurpil presarik gabea. Baina denboraren malgutzea ez zen bide-saririk gabea: egunero zoramen betean bizitzetik, gure baitako kobazuloaren erdian jarri gintuen pandemiak. Bakarrik, ordu zehatz gabeko denbora baten erdian. Bakoitza bere baitarekin.

Gure etorkizun pertsonal eta kolektiboari buruzko galderak egiten hasi ginen iluntasunaren erdian, eta gure galderek oihartzuna eragiten zuten gure baitako kobazuloaren paretetan: memento mori!, memento mori! Latina aspaldi desagertua zen gure mundutik, baina aise ulertu genuen abisuaren muina: 'hurbil, oso hurbil dabil Herio'.

Normaltasun betera itzuli nahi dugu. Urte eta erdi luzean ikasitako zuhurtasun guztia ahaztuta? Ikasi dugu ezer? Oraindik ez zaigu memento mori abisuaren oihartzuna guztiz isildu gure baitako paretetan. Hilkorrak gara! Ez da amets gaiztoa bukatu! Gogoratu ondoan ditugunak! Hori esaten segitzen dute oraindik gure baitako kobazuloaren paretek, baina gero eta suabeago, isilago, urrutiago.

Memento moriren oihartzuna gero eta apalago eta carpe diem gero eta inora gabeago, tartetxo bat egingo bagenu sikiera Slavoj ?i?ek-en proposamena gure kaskezurretan iltzatzeko:

«[Birus biologikoei kontra egiteko birus ideologiko bat garatu beharko genuke], gizarte alternatibo bat pentsatzeko birusa, Estatu-nazioa baino harago doan gizarte bat, bere burua gaurkotuko lukeen gizarte bat solidaritatearen eta kooperazio globalaren eskutik». (Slavoj ?i?ek. Un golpe tipo 'Kill Bill' al capitalismo. Sarean).

Puzzle aldrebestua.

Urteak aurrera ere, gertatu zaizkidanak, bizi izandakoak aise samar kokatzen nituen denboraren labirintoan. Pandemia etorri zen arte. Ordutik kostatu egiten zait itxialdian gertatutako gorabaherak pertsonalak zein publikoak kronologikoki antolatzea. Pandemia baino lehenago gertatu ote zen halako, edo geroago izan zen? Jertse gris pikoduna noiz erosi nuen, azken Gabonetan edo itxialdi osteko udan? Noiz izan zen Victoria Eugenian Xabier Leteri egindako omenaldia? Noiz egon nintzen bigarren aldiz konfinatuta senide batek positiboa eman zuelako?

Pandemia-sasoiko denbora oso geldoa izanagatik (edo agian horrexegatik), badirudi errazagoa behar zuela izan gertakarien oren oro ordenatuta gogoratzea: munduko denbora guztia izan dugu eskura koska ttipietan bezala kontu handietan ere haiekin fijatzeko eta haietaz gogoratzeko. Baina nonbait ez, denbora berriak bere izaera propioa du nonbait; edo beste era batera eragiten zidan niri behintzat. Inoiz ez bezala nahasten nituen eta nahasten ditut azken urte eta erdiko datak eta gertakariak, nekez ordenatzen ditut kronologikoki. Iazko udan Zarauzko hondartza itxi zuten txarrantxa batez, hondartzara zihoan jendea ez zedin pilatu. Kontzentrazio eremu baten ideia sartu zitzaidan buruan, eta orduan izan nuen denbora deskontrolatuari buruzko lehen sentsazioa.

Pandemia parentesi bat izaten ari da, baina ez opor luze batzuk edo urte sabatiko bat bezalako denbora bat: malgua da haiek bezala, baina aldi berean deskontzertua eragiten dit, konfunditu egiten nau: kronologia nahasi edo irauli balitzaio bezala aritu zait denbora edo hala jokatzen aritu dela iruditu zait niri. Denbora zegoen, orduak, egunak: egiten genuenaren lekukorik gabe, ordea. Besteak behar ditugu gure gauzak denboran finkatzeko? Eta neure buruari galdetzen nion baita ere: denbora bizitzeko modu desberdin, estrainio, bakarti, ia mamutuak izango al du eraginik gure osasun mentalean, edo dena lehenera bueltatuko da, eta lapsus mental trantsitorio luze bat izan dela pentsatuz itxiko dugu parentesia?

Bada, hasita nengoen denboraren nire pertzepzio desordenatua adinari egozten, eta nire buruari xarra! deitzen. Adin desberdineko jende dezenteri eskatu diot ordutik bere iritzia. Hitz egin dudan jende guztiz gehienak bizi izan du nirearen antzeko inpresioa: denbora bizitzeko modu lauso bat aktibatu omen dugu, orain arte bizi izan dugun denbora-modutik kanpokoa, arrotza, zehaztezina.

Batek baino gehiagok aipatu dit, esaten ari zena ilustratzeko, Zarauzko hondartza txarrantxa-hesiz inguratua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.