Nekane Diez. Athleticeko jokalaria

«Bizi nezakeen guztia bizi ostean noa; ezin dut gehiago eskatu»

Talde zuri-gorrian hamasei denboraldi egin eta gero, erretiroa hartzea erabaki du. 379 partida jokatu ditu, eta 162 gol sartu. «Bizitzan beste gauza batzuk egiteko ilusioa daukat orain», nabarmendu du. «Pozik, harro eta eskertuta» esan du agur.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Erretiro aurreko eta ondorengo egunak «hunkigarriak» izan direla onartu du Nekane Diez Athleticeko jokalariak (Barakaldo, Bizkaia, 1991). «Mezu ugari jaso ditut, oso politak. Ederra da besteei halako sentimenduak eragiten dizkiezula ikustea», nabarmendu du.

San Mamesen eman zenuen agur prentsaurreko hunkigarriaren ostean, nola joan dira hurrengo egunak?

Denbora neraman azken egun horiek nola izango ziren irudikatzen. Baina horrek ez du kentzen egun gogorrak eta zailak izan ez direnik. Izan ere, hor amaitu da hamasei urteko ibilbidea. Baina aldi berean, lasai eta pozik nago, egun horiek bizi izan ditudalako. Gauean berriz prentsaurrekoa ikusi, eta negar egin nuen. Baina harro ere sentitu nintzen. Oso mezu politak jaso nituen, eta besteei halako sentimenduak eragitea ederra da.

Taldekide asko ikusi zenituen aurretik agur esaten. Norberak esaten duenean diferentea da?

Hamasei urtean niretzat oso garrantzitsuak izan diren taldekideei agur esatea egokitu zait. Urtero egin dut negar horregatik. Baina norberarena diferentea da. Ahalik eta gehien disfrutatzen saiatu nintzen. Are gehiago San Mamesen izanda.

Ohikoa izan da jokalari beterano batek baino gehiagok esatea agur denboraldi berean. Zuri bakarrik egitea egokitu zaizu. Nahiago zenuen beste batekin izan balitz?

Taldea hain gaztea izanda, garrantzitsua da bizpahiru jokalari beterano egotea. Eta horiek jarraitzea erabaki dute, uste dutelako moduan daudela taldeari laguntzeko. Ni pozik nago horregatik. Ederrena litzateke jokalari guztiek Vanek [Gimbert] iaz egin zuen bezala egitea, 41 urterekin eta sasoi bikainean.

Irakurri zenuen idatzia noiz eta nola idatzi zenuen?

Astebete lehenago hasi nintzen idazten. Ez nekien gai izango nintzen sentitzen nuen guztia jasotzeko. Kostata, baina lortu nuen idaztea. Azken partida jokatu eta gero, ordea [Real Madrilen aurka izan zen Kopako finalerdietan], oso modu diferentean sentitu nintzen. Eta beste eskutitz edo idatzi bat egitea erabaki nuen. Idatzi hori askoz errazago atera zitzaidan, momentuko sentipenetatik ari bainintzen.

Idatzian eskerrak eman zenizkien gurasoei, 15 urterekin Athleticen orduko futbolarien egoitzara joaten utzi zizutelako. Oso ausartak izan zirela esan zenuen. Nola bizi izan zenuen zuk une hura?

Niretzat zaila izan zen, baina nik uste haientzat are zailago. Pentsa, nik lehen urte hartan egunero deitzen nien etxera, negarrez, etxera itzuli nahi nuela esanez, gutxi jokatzen ari nintzelako, eta ezingo nuelako nire ametsa bete. Haiek lasai egoteko esaten zidaten, pazientzia izateko eta lanean jarraitzeko. Guztiontzat amets bat izan dira hamasei urte hauek.

Egungo jokalari gazte batentzat errazagoa da halako egoera bat bizitzea?

Egun Lezamako egoitzan dauden hainbat jokalarirekin partekatu dut aldagela azken urte hauetan: Sara Ortegarekin, Jone Amezagarekin... Ondo dakit zer ari diren bizitzen. Uste dut diferentea dela. Egun egoitza Lezaman dagoenez, dena eskurago dute, distantziak txikiagoak dira, egunaren zati gehiena jendearekin daude... Gu, berriz, bakarrago ginen.

Jokalari gazteena zara Athleticeko elastikoarekin debuta egiten15 urte, 11 hilabete eta 27 egunekin. Atzera eginda, zer sentipen eragiten dizu horrek?

Iritsi nintzenean azaldu zidaten lehen taldearekin entrenatuko nintzela, baina bigarrenarekin jokatu. Denboraldiaurrean, ordea, Iñigo Juaristik oso ondo ikusi ninduen, etaTxapeldunen Ligako atariko partidako deialdian sartu ninduen. Ezin nuen sinetsi. Are gehiago, lehen bi partidetan gola sartu nuen. Behin partida horiek jokatuta, Iñigok Lezamako pabiloira eraman ninduen, eta koaderno batean zazpi bat idatzi zuen biribilduta. Berehala esan zidan: «Gustuko duzu? Hori izango da zure zenbakia, lehen taldean geratzen zara». Orduan hasi zen ametsa.

Poza ez ezik, ardura ere sentituko zenuen, ezta? Izan ere, gorenean zegoen multzo batean aritzeko aukera zenuen.

Izugarria. Pentsa, Txibik [Aitziber Juaristi] nire adin bikoitza zeukan. Niretzat erreferenteak ziren, eta aukera nuen egunerokoan haiekin entrenatzeko eta jokatzeko, haiengandik ikasteko. Auzoko lagunekin jokatu ondoren, haiekin jokatzera pasatu nintzen. Oso oroitzapen onak ditut.

Urte haiek zure kirol ibilbideko zutarriak izan dira?

Dudarik gabe. Iritsi bezain laster Tzibik berak eta Arrate Oruetak hartu ninduten, eta haien ahizpa banintz bezala zaindu ninduten. Oinak lurrean izaten eta futbolari nahiz pertsona moduan hazten lagundu zidaten. Asko zor diet. Nire familiaren parte dira. Haien jarrera eredu izan zen niretzat, eta ni hori transmititzen ahalegindu naiz ondoren etorri direnei.

Lehen urte haiek pasatu, eta ez zenuen zure ametsa biribiltzea lortzen: titulu bat irabaztea. Tartean liga bat galdu zenuten San Mamesen, baita Kopako bi final ere. Zer pentsatu zenuen?

Gogoan dut ligako partidan aukera argi bat izan nuela azken minutuetan. Baloiak langa jo zuen, eta gutxigatik ez zen sartu. Gogorra izan zen. Baina nik argi nuen Athleticekin titulu bat lortu arte ez nuela amore emango. 2016ko liga irabazi genuenean, sekulako lasaitua eta liberazioa sentitu nuen, borroka hark merezi izan zuen.Ospakizuna ez dut sekula ahaztuko.

Denboraldi hura mugarri izan zen zuretzat. Izan ere, urte hartan belauna apurtu zenuen. Nola izan zen bi sentipen gazi-gozo horiek kudeatzea.

Oso zaila. Irailetik abendura inoizko denboraldi onena egiten ari nintzen. Gainera, taldea oso ondo zegoen. Orduan hartu nuen min. Hurrengo hilabeteak gogorrak izan ziren, nire lehen lesioabaitzen, eta ez nekien zer zetorkidan. Gainera, ezin nion taldeari zelaian lagundu. Baina aldi berean, aukera izan nuen hilabete haiek zale moduan bitzeko. Gogoan dut Atletico Madrilen aurkako partida bat, Madrilen. Belauna ez nuen ondo. Baina batetik bestera ibili nintzen animatzen. Ezin nion urduritasunari eutsi. Eguneroko une on bakoitzari balio handia ematen ikasi nuen hilabete haietan.

Azken urteetan lesioek ez dizutela nahi beste gozatzen utzi aipatu duzu. Baina egin duzu?

Bai, agurrean esan nuen moduan, bete-betean gozatu dut momentu bakoitza. Baina are gehiago azken urte hau. Nahiz eta jokatzeko aukera gutxi izan, asko ikasi dut. Orain arte bizi izan ez ditudan esperientziak eduki ditut, beste rol bat izatea egokitu zait, eta bizipen horiek oso baliagarriak izan zaizkit. Taldeko psikologoak asko lagundu dit hori guztia kudeatzen. Gainera, gazteekin momentu asko partekatu ditut, eta horrekin ere asko gozatu dut.

Lesioak izan ez bazenitu, uste duzu urte gehiagotan jarraitu ahal izango zenuela?

Ez dakit. Esan dezakedana da futbolean eta Athleticen bizi daitekeen guztia bizi ondoren noala. 12 urterekin lehen aldiz San Mamesara joan zen neskato hari ondoren bizi izan duena biziko zuela esan izan baliote, ez zuen sinetsiko. Gainera, nire gorputza ez da lehengoa. Egunero dut min belaunean, eta mentalki gogorra da hori. Hau luzatzeak ez zuen zentzurik, ez niretzat, ezta klubarentzat ere.

Noiz ikusi zenuen argi uzteko garaia zela?

Denboraldia nolakoa izan den ikusita, gero eta garbiago ikusi dut. Ez da momentu batetik bestera hartzen den erabakia. Barneratuz joan behar duzu. Aldi berean, 31 urterekin, gauza berriak bizi nahi ditudala sentitu dut. Ilusioa dut horretarako.

Barneratzearen kontua aipatu duzu. Egin duzu?

Oraindik ez. Azken batean orain oporraldi garaia da. Aldi berean, oporretan denboraldiaurrea baino lehen egin behar izaten den prestakuntza edo plana egin behar ez izatea liberazio bat izango da. Gogorrena taldekideek denboraldiaurrea hastean izango da. Zaila egingo zait egunerokoa haiekin ez partekatzea, bai Lezaman, bai hortik kanpo. Baina argi esan nien edozertarako hemen naukatela, eta ez dut partida bat bera ere galduko.

Taldekideak saiatu dira beste urtebete segitzeko konbentzitzen?

Esan bezperan, idatzi bat egin nuen esan nahi nienarekin. Aurretik ez nion inori ezer esan. Izan ere, mailaz jaisteko arriskua hor zegoen, eta arreta osoa hor jartzea nahi nuen. Baina garbi ikusten hasi nintzenean, txantxak egiten hasi nintzen. Esan baino aste batzuk lehenago, bota berriak estreinatu nituen, eta esan nien: «Azken partidetarako erosi ditut». Eskutitza irakurtzera nindoala, haien aurpegietara begiratu, eta sentitu nuen sumatzen zutela zer esan nahi nien baina ez zutela nahi. Dena den, babes guztia eman didate. Nahiz eta segitzeko konbentzitzen saiatu.

Inoiz ikusi duzu zeure burua beste talde batean jokatzen?

Nire kirol ibilbidean egon da horretarako aukera. Baina bihotza beste ezeren gainetik jarri dut. Hemen jokatzea izan da nire ametsa, eta garbi izan dut elastiko hau jantzi nahi izan dudala nire kirol ibilbidea amaitu arte. Klubari eta urte hauetan izan ditudan entrenatzaile eta kirol zuzendariei oso eskertuta nago, horretarako aukera eman didatelako.

Eta hemendik aurrera zein asmo duzu? Izan ere, entrenatzaile eta analista tituluak aterata dauzkazu, eta bide horretan jarraitzeko asmoa azaldu duzu.

Aurrena atseden hartu nahi dut, eta gero hori da asmoa. Pixkanaka joan nahi dut, ikasi eta probatu. Behin hori eginda, agian oso gustura nago, edo ez da gehien betetzen nauena. Ez berdina futbolari eta teknikari izatea. Horregatik joan nahi dut urratsez urrats. Klubak beti utzi dit atea irekita, eta hitz egingo dugu.

Aldagelak asko aldatu dira urte hauetan?

Atzetik datozenak indartsu datoz. Harrobian asko irabazi dute, eta lehen taldean ere hala egin nahi dute. Oro har, gazteek berehalakotasuna nahi dute, eta hori ez da beti posible.

Klubaren eta harrobiaren etorkizuna nola ikusten duzu?

Oso ondo ikusten ditut. Sekulako jokalari gazteak ditugu. Ligan Lezaman jokatu aurretik, Tzibiren taldea ikustera joan nintzen, haur kategoriakoa, eta esan nion: «Oso onak dira». Lan ederra egiten ari dira harrobian, eta baikor izan behar dugu. Betiere garbi izanda, zein den gure filosofia. Hain zuzen ere, gure filosofiak izan behar du gure indargune.

Gazteek badute zuek Athleticekiko izan duzuen atxikimendua?

Nik uste dut oso Athleticekoak direla, baina argi dago emakumezkoen futbolak garapen handia izan duela, eta oso zaila dela jokalari batek, nik bezala, hamasei denboraldi egitea klub berean. Klubak sentiarazi behar die hemen bezala ez direla beste inon egongo. Nik argi dut hori errealitate bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.