Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Bi lerde-merde Monopolioaren jauregian

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Zakurren kalaka.

Enegarrenez, lotsa bera ere lotsatzerainoko lapur-festa baldar ziniko baten berri hedabideetan. Oraingoan ere, enegarrenez, nobela pikareskoren baten orrietatik edo Berlangaren filmen batetik ateratako pikaroak ematen omen dute albisteko bi lapur bihotz-zikinek. Errespetua pikaroei!, atera zait barrutik, pijo-airea arnastetik bizi diren bi aristokrata-edo baitira albistekoak. Izara banaren premiarik gabeko fantasma bi.

Cervantesen Zakurren kalaka nobela laburreko esaldi batera bideratu nau albisteak: «Gutxitan lortzen da, edo inoiz ez, anbizioa betetzea hirugarrenen bat mindu gabe». Anbizioak norbait kaltetzen du ia beti. Telebista kontatzen ari dena ez da, berez eta soilik, bi lerde-merdek kizkurrak egin dituztela hiritarren bizkar: are larriagoa da pandemiaren une larrienetan gertatu zela eta pandemiari aurre egiteko materialak arpilatuz. Miserikordiaren arrastorik gabe.

Telebista eta argia itzali ditut. Burua ere itzali nahi nuen, baina, supituan, ez dakit non irakurria dudan teoria irudimentsu bat zintzilikatu zait haserrearen harietatik; zintzilikatu zait kuriositatea ere imajinatu nahian entzun berri dudan albisteak zer-nolako erreakzio erreakzionarioak eragingo zituen espainiar aristokrazia eta goi burgesia txit nazionalistetan.

Monopolioaren jauregiko artistak.

Orain sei urte, lau mende Shakespeare eta Cervantes hil zirela. Aipatu teoriaren arabera, Britainia Handiak arrandia osoz ekin zion Shakespeare omentzeari. Hitzaldi eta erakusketak, programa informatibo eta ludikoak, kontzertu klasikoak eta performance berriak programatzeaz gainera, aktore entzutetsuenek zein antzerkizale anonimoek Shakespeareren obra nagusiak antzeztu zituzten Britainia Handiko hiri nagusietan bezala herri eta auzo txikietan ere. Ez zuten aukerarik galdu Shakespeareren balioa goratzeko. Brexit betean egonik ere edo agian horregatik, Britainia Handiak harro omendu zuen ingelesak eman duen idazle handiena eta britaniarren historiako herritar gorena.

Espainiari dagokionez, Mariano Rajoy zen presidentea eta haren estiloan funtzionatu zuen guztiak: txepel, gogorik gabe, kontrakarrean, ezer asmatzeko nagiz zer egin eta nondik jo. Ematen zuen amorratzen zeudela konpromisoa noiz eta nola kenduko gainetik. Etorri bezala joan zen Cervantesen urteurrena: indiferentziaren maldan behera. Ospakizun-edo haiek deus gutxi utzi zuten gogoangarritik, eta askotik gora konpromisozko itxura-gordetze kultural ofizialetik.

Zer dela eta hainbesterainoko nagia, zer zegoen orduan eta zer dago orain Espainian kulturaren inguruko hainbeste errutinaren, kulturaren kontrako destainen atzean? Kulturak bost axola dion gizarte bat? Hori ere bai, ohituta gaude Espainiako eskuinak kulturari erakusten dizkion zezen-begirada eta adarrekin. Hala ere, zerbait zehatzagoa zerbait sakonagoa egon behar du mespretxu horren guztiaren atzean. Aipatu teoriak jarri ninduen sinesgarritzat distiratsutzat jotzen dudan arrasto baten peskizan.

Shakespeareren drama asko, kontu jakina da, Britainiatik kanpo gertatzen da, giza kondizioaren pasioak eta miseriak han-hemen banatuz: Hamlet, Danimarkan; Romeo eta Julieta, Veronan; Otelo, Venezian eta Zipren; Julio Zesar, Erroman... Giza ahuldadeen mekanismoak eskaintzen ditu Shakespearek anbizioa, mendekua, hira, boterea, inbidia, zorionaren efimerotasuna, damua eta dolua, bakardadea…. Guztionak dira ahuldade eta sentipenok, nonahikoak, noranahikoak. Unibertsalak eta atenporalak deitzen ditugun horietakoak.

«Cervantesek-eta, ordea…», egiten omen du Espainiako eskuinak ez dakit non irakurri nuen teoriaren arabera.

Cervantesek-eta, ai, Espainiako lurretan eta bizitzaren eguneroko miserien erdian kokatzen zituzten beren istorioak eta ibilerak. Pertsonaiak oso dira hurbilak, humanoak, hauskorrak, oinak lurrean eta gosea sabelean dutenak. Pertsonaien ahuldadeak ez dira batere epikoak, haragizkoak baizik, hauskorrak, nagusi (ustez) nobleek eragindako miseria handia amarru txikiekin eramaten saiatzen direnak. Espainiako literaturaren historiak eman duen ispilu deformatuen galeria bizi, ugari, emankor horrek ez dio, nonbait, grazia zipitzik egiten espainiar nazionalismoari: Madrilen ez dago pobrerik!

Nork asmatu zuen, ez bada Cervantesek, Monipodioren patioa, nobleek eta latifundistek behartsu izatera kondenatutako Rinconete eta Cortadillo bezalako pikaroen habitat behartua? Zer genero klase izan da, ez bada pikareskoa deitzen duguna, zorrotzenen marraztu duena itsu eta herren faltsuen pikardia bizkorra, esku abilen trebezia urrea borborka zerabilen inperio handi batek herrian eragindako miseria larrienaren erdian? Pikarook mila aldiz dira nobleagoak urrelandiako noble komisionistak baino. Non kokatuak daude pikaroen istoriook eta istoriootako miseria ez bada Madrilen eta Alcalan, Toledon eta Salamancan, Sevillan eta Valladoliden, noble, burges, latifundista, konkistatzaile eta kardinal aberatsen Monopolioaren kale-bazter eta arkupe ilunetan, hau da, Cervantesek Monopodio patioak deituetan, Monopolio jauregien kontrastean? Diruaren monopolioa zutenek eskura zuten boterea eta, boterearekin, administrazioa, legea, konsegidore-giltza, bitartekaritza, komisio-zakua, zezenek daramaten bezalako klasearen marka: nagusikeriarena. Ez, ez zeukaten deus pikaroen duintasunik.

Kaka dauko.

Durangaldean «kaka dauko» esaten omen dute iragan iluneko pertsonengatik. Zenbat kaka dauko leinu aristokrata zaharreko alfer askoren eta aberats berri arrakastatsu ugariren historiak?

Azken mendeotan, zenbat diru ez ote da gelditu madrildar boteretsuen patriketan probintzietatik joaten zirenei gorteko leihatiletan egindako faboreak ondo kobratuz: Madril izan da Estatuko estolderia guztien abiapuntu eta bilgune. Estatuaren aldirietako enpresa handi askok Madrilera jotzen du arazoak dituenean, zeren ordainetan baina? Zenbat bitartekari, harrapari, mihi-leun eta esku-zuri, komisionista eta sos-zarpa ez da mugitu esku-arrantzaren Monopolioko jauregien estolderietan?

Autonomien Estatu bat sortu izanakez omen dio grazia zipitzik egin Madrid, Villa y Corte-ko espainiar nazionalismoari, hala dio ez dakit non irakurria dudan teoriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.