Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Bilboko plazan

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Behialako denbora zoriontsuetan, Antzinako Erregimenean alegia, Bilboko plazan bazen gaztelaniaz argolla esaten zaion burdinazko halako eraztun edo zirgilo berezia, hormaren bati atxikia, zeini ez dakit, horri buruz irakurri ditudanetan hori xehetasun hori ez baitakar inon. Ezta ere euskaraz hari nola esaten zioten. Irakurri ditudan horietan argi ikusten den arren hirian asko eta asko, gehiengoa ez esatearren, euskaldunak zirela, izango zuten hala bada harentzako izenen bat.

Irakurri ditudanak —José Patricio Aldamaren Sexualidad, escándalo público y castigo en Bizkaia durante el Antiguo Régimen tesian hain zuzen— XVIII. mendeko auzietako dokumentuak dira, gaztelaniaz idatziak. Hala bada, argolla horrena euskal hiztegietan begiratu dut eta besteak beste txinget eta txinga hitzak agertu zaizkit, baita zirgilo eta txirrindola ere. Irakurleak hauta beza.

Bilboko behialako plazako zirgilo edo txinget hartan tarteka-marteka emakumezkoren bat edo beste lotzen zuten, unean uneko alkatearen erabakiz eta aginduz hain zuzen. Historikoki ez dakigu guztira zenbat izan ziren plazan zigortuak. Hori horrela, haien nondik norakoez jakiteko kasurik kasu joan behar.

Halaxe, esaterako, 1745ean, Amuskibarreko Ana Maria —Ana María de Amusquibar— lotu zuten. «Kaskamotz eta biluzik, denen aurrean, iseka eta laidoen itua izan dadin», edo halakoren bat dio erromantzez alkate-aginduaren testuak.

Bizimodu traketseko edo arineko emakumezkoak («de vida torpe» nahiz «de vida liviana» diote dokumentuek) asto gainean eroan ohi zituzten plazara, kalerik kale, zazpi kaleetako zazpiak korrituz, gerritik gora biluzik, herritarrek pasaeran burla egin ziezaieten, eta egindakoengatik lotsa izan eta, eskarmentua halaxe izan zezaten.

Gero hormari loturiko eraztunean ordubetez izaten omen zituzten. Hamaikak eta hamabiak artean, horixe ei baitzen zorioneko Bilboko kaleetan lagun gehien ibiltzen zen ordua. Dokumenturen batean irakurri dudanekin bat, zigorraz arduratzen zirenak, eurok ere lotsaz, erakustaldia laburtzen ahalegintzen ziren.

Orduko Bilbon 10.000 bat bizi zirela gogoan, eta kontsideratuz guzti-guztiak ez zirela kalera irteteko gai, eta gainera hango itsastarretako batzuk nabigazioetan ibiliko zirela aintzat hartuta, zenbat agertzen ote ziren halakoak ikustera ez daukat esatekorik. Ikuskizuna debaldekoa zen eta, ziurtzat jo litekeena da hara agertutakoak nahikoak zitezkeela laidotzat plazako zirgiloan loturikoaren aipamena inon falta ez zedin.

Okilak enborrean mokoka nola, dokumentuen basoan sartu ahala buruan zulo egiten joan zaidan galdera da ea ba Ana Maria haren bizimodu trakets arinetik atsegin bat erdietsi zuten gizonetakorik ba ote zen Bilboko plazan. Baiezkoan, asto gainean biluzirik haraino ekarri eta txingan halaxe ezarri zuten hura ikustean, zer sentitzen zuten gizonok? Larru gorri zigortuak larru gorri guriaren grina eragiten ote zien?

Baiezkoan nago.

Aipatzen ari naizen urtea, 1745a, ez zen Amuskibarreko Ana Maria zigortu zuten aldi bakarra. Lehenago urteetan, 1741ean eta 1742an, hiriko zubiaren kanpoko alderaino lagundu zioten, asto gainean. Joan zedin hiritik behin eta betiko, sekula santan berriro ez agertzeko.

Itzuli zen, argi dago. Beharbada plazako zirgiloan loturiko emakumea biluzik ikusi zuten gizonezkoek haren beraren, edo haren lakoen, desioa zutelako, badiot. Hori batetik. Bestetik gizonok nonbait faltrikeran desioaren asealdia ordaintzeko sosik bazeukatelako itzuliko zen, ez ala? Azkenik, erabat segurua dena da Ana Mariak jasaniko zigorrak, iseka, laido eta halako beste zernahiren gainetik eginez, bizimodua kosta ahala kosta atera beharrean zelako itzultzen zela.

Notizia badugun desterru bietatik berriro Bilbora etorrita, ba, hurrengoetan zigorra astundu zioten.

Dokumentuetan dagoenarekin bat, 1744an ezarri zuten lehenengoz zirgiloan Amuskibarrekoa, handik gero zubira eroateko. Hartakoaz dokumentuok ez dute argitzen asto gainean biluzirik eroan zutenetz, ala zer. Hurrengoan, 1745ekoan, badiote, bai, azaltzen ahalegintzen ari naizen legez.

Amuskibarreko Ana Maria haren gainean dakidan azkena da itzuli egin zela 1745eko desterrutik. Bilboko kaleen artean zuhur eta adi, ezagumenduz ibiltzen jakinez gero beti topatzen zelako Haragikale izena merezi zuen beste kale bat, inon ez zena, eta edonon izan zitekeena.

Kalea zehazki non zen jakin gabe ere alkateek beti jakiten zuten hartan ibiltzen zirenen berri. Emakumeei zigorra ezarri eta gizonei barkatu, halaxe egiten zuten, ze, nor ziren Haragikale-ko gizon haiek?

1746an berriro auzipetu zuten Amuskibarreko Ana Maria. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, «bizimodu traketseko» emakumezkoentzat ziren galera-etxe izeneko haietako batean betetzekoa hain zuzen.

Ez dakit hartarik ere ez ote zen Haragikale-ra itzuli.

Bizkaiko elizetako heriotza agirietan Maria izeneko Amusquibar bakarra dago, 1870ean erregistratua, Abadiñon. Jaiotzekoetan ere Maria Amusquibar bakarra dago, 1720an Abadiñon erregistratua. Alabaina, bataren eta bestearen bigarren abizenak ez datoz bat. Horrez gain auzietako dokumentuetan emakumea Elorrion jaiotakotzat jotzen dute.

Non ere jaio eta hil zen, Amuskibarreko Ana Maria, Bilbon bere izenarekin kalea merezi duten emakumeetakoa da. Torturatu eta gogor zigortu zituzten Haragikale-ko haien oroiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.