Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Tunel beltzean, gu

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Trenaren hauspo metaforikoa.

Jaiotza da bizitzaren abiapuntuko tren-geltokia; heriotza, azken portu. Bidean, hainbat geltoki txiki eta geldialdi, hainbat tunel eta zubi. Bizitza.

Trenaren irudiak askorako ematen du. Esaterako, trenaren metafora batek Bultzi leihotik eman zion hasiera euskal poesia modernoari. Poeta, herritik hirira bidean, leihotik begira dago paisaia bukoliko bati, haren begirada trenaren erritmoan ari da atzean uzten mendi, soro eta baserri zaharrak. Begiradarekin, sentsazioak: herri-nostalgia eta atzean uzten ari den naturaren xarma; helmugara hirira hurbiltze hutsak eragiten dion estualdia...

Baina ez treneko leihoak ez bizitzako ezerk uzten digu errealitatea bere osotasunean ikusten: bizitzaren trenean goaz leihotik begira, baina eguzkiaren gehiegiak itsutu egiten gaitu, euri-langarrak begirada lausotzen. Ez, ikusten duguna ez da errealitatea bere osotasunean, mosaiko erraldoi baten errealitate-puska bakanen sortatxoa baizik: gutariko bakoitzaren egia partziala da, sarri kontaminatua, gaiztoz manipulatua. Halaxe da, partziala,atzean utzi omen dugun pandemiaz gogoratzen dugun muinaren mina; halaxe da, erruz kontaminatua eta gaiztoz manipulatua, Ukrainako gerra. Sinesgaitza egiten da gizaki kontsideratzen den inork nola abiarazi dezakeen gerra bat, noiz, eta humanitatea gainditzen-edo ari zenean historiak ezagutu duen lehen peste globala. Tragedia bati beste tragedia bat. Minari mina. Pandemia naturak eragina zen, ordea. Gerra, gizakiak.

Nork bere trenetik ezin, ordea, errealitate-inar bat baino gehiago ikusi; nahi bagenu ere, ezin errealitatearen mosaiko osoa ezagutu. Baina ezinezkoa zaigunez errealitatea bere osotasunean jasotzea, zer?, begiratzeari eta pentsatzeari utziko diogu, iskin egingo diogu gertatzen ari dena ulertzeari? Iskin egingo diogu, halaber, pentsatzen duguna manifestatzeari?

Iragan mendean, itsu, gor eta mutu jokatu zuen jende gehienak, begiratu ere egin gabe milaka judu kontzentrazio-esparruetara zeramatzaten trenei. Itsu, gor, mutu gara miseriaren aurrean. Gerraren bila gau eta egun bizi diren militarkoteek zein liberal uste(l)ek itsu, mutu eta gor nahi gaituzte orain ere.

Desikasten.

Umetan, tren zahar espainiarrek abisu bat zeramaten leihoetako kristaletan grabatuta: Prohibido asomarse al exterior. Frantziako eta Italiako trenetako mezuek, burua ateratzea debekatu ordez, arriskuaz abisatzen zuten. C'est dangereux de se pencher au dehors, frantsesek. È pericoloso sporgersi, italiarrek. Estatuak bere ideologiaren araberako irudia transmititzen du, baita mezu publiko xaloenetan ere.

Gaur, trenetako leihoak itxita daude. Trenaren abiadura handiegia da taxuzko ezer ikusteko kristal lodi hermetikotik. Seguruagoa da bagoiko telebista; edo sega-potoa.

Baina non kristobelen gelditzen da gure begirada propioa?

Okulistarenera joaten garen moduan kezkatu behar gintuzke gure begiradaren nolakoak. Kritikotasunaren gure duintasunaren abezea da galdetzea gure begirada ez ote den miopea bihurtzen ari, ez ote daukagun hipermetropia. Zeren gerta bait liteke, zeren gertatzen baitzaigu: gure begiradak eskema zaharrekin segitzen duen bitartean, mundua bere bidetik doa, beste itxura bat hartzen ari da etengabe. Atzo pentsatzen genuenak balio ote dit gaur? Nire begirada gai al da orain zer nolako mundutan nagoen usaintzeko? Bizitzaren beste alor askotan bezala, gure begiradak ere desikasi egin behar ditu sitsak, inertziak, nagiak; baztertzen aritu behar urteari urte, nerabe ginenetik gaur arte gure pentsamenduari itsatsi zaizkion lagun faltsuak, ideia eta uste okerrak. Begiratzeko modua zorroztu, eskema zaharkituak birziklatu, izua izan gorrotoaren zein indiferentziaren izotzetan ainguratutako pentsamenduari; lausotasunean argi egiten saiatu eta argiegi dauden gauzei talaia desberdinetatik begiratu.

Seguru ez gaudenean, orduan segitzen dugu benetan bizirik.

Trena tunel beltzean.

Lizardiren poemak bukaera aldean dio: «zure bazter, gurazko aberria, doa zoro ta (bertan ni) bultzia». Munduaren trena ere zoro doa eta (bertan gu) DürrenmattenTunela izeneko ipuin ezagunean: gazte bat trenez doa, egunero bezala, unibertsitatera. Tunel batean sartu trena. Halako batean, gaztea ohartzen da trena makinistarik gabe doala, aldapa behera, amaierarik ez duen aldapa batean behera eta behera...

Mundua asko aldatu da, etorkizuna tunel beltz baten gisa ikusten dugu. Areago, Putinek gerra hasi zuenetik. Ordutik, gerraren erantzukizunak eztabaida ideologiko asko eta gogorrak eragin ditu han-hemengo hainbat giro eta lagunartetan, Putin, Biden, NATO, Ukraina, Errusia, Estatu Batuak, Europa et alii ardatz hartuta: tentsio handiko debateak, urteetako adiskidetasuna arriskuan jartzen duten horietakoak, gertatu dira ezkerreko militante abertzale zein ez abertzale askoren artean, gure baitako eskemak eta lubakiak printzipio unibertsalen gainetik jarriz askotan.

Bitartean, gerrak ez du etenik, perspektibak ez dira, inondik ere, lasaigarriak: gehien hitz egiten duen eta gutxien entzuten duen garaia bizitzen ari garela transmititzen digute sare sozialek, giroak, garaion aireak, Mircea Cartarescu errumaniarrak esandakoaren haritik: «garai apokaliptikoak, garai ilunak» bizitzen ari gara. Pesimismoa da irabazle gerran, gure pesimismo gero eta orokortuago bat izan liteke, zinez, gerraren aliatu eta konplizerik behinena.

Umberto Ecok, masen kulturaz ari zelarik, apokaliptikoak eta integratuak kontrajarri zituen masa-kulturaz ari zen izen bereko saiakera labur famatuan. Batetik, apokaliptikoak, edo masen kulturan dena beltz eta guztian manipulazioa ikusten dutenak; bestetik, integratuak, edo sistemak irentsitakoak. Baina auziak muturrera eramatea nekez izaten baita irtenbide bat, kalterik ez pentsatzeak muturren artean badaudela jarrera kritikoak baina diskretuak, neurritsuak, zuhurrak, jendeari entzunez jendeari pentsatzen eta dudatzen laguntzen diotenak; zalantzarekin eta jakin nahiarekin saiatzen direnak etorkizunari begiratzen, garaion ilunon erdian orekari eusten saiatuz.

Begiratu, susmatu, pentsatu. Kritikoak izan, printzipioak bistatik galdu gabe. Nago horrela bakarrikhurbil gaitezkeela, hurbiltzekotan, errealitatearen mosaikora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.