Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

'Txarandel' aingeru mandataria

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azkenengoz atxilotu zutenean, 1798ko maiatzeko hogeian hain zuzen, Ángel Echabarria aditu zioten izentzat, eta Txarandel aldiz ezizentzat. Auziko idatzietan Bilbon jaioa, aitaren aldetik umezurtza eta hamabost urtekoa zela ageri da. Bada, Txarandel ezizenaren esangura zehatza ez dut inondik inora topatu, begiak lau egin arte bila ibili arren, eta Echabarria horri dagokionean ez dirudi zuzen idatzia denik, jaiotzeen liburuetan Juan Angel Echebarria bat baino ez baitago, 1784ko otsailaren 1ean San Anton elizan bataiatua. Oker hori gogoan, litekeena da Txarandel ezizena ere okerretara idatzia izatea.

Zena zela, atxilotu zutenean Txarandel-edo esaten zioten hura «neskatxa mundutarrak —'mozas mundanas'— zeritzen haien errekaduak edo mandatuak egiten ziharduen, hots, halako mutilen ohiko zereginetan». Zereginok zertan ziren argitu aitzin bada beste zer argiturik. Mundutar haien nondik norakoa, alegia.

Auzi berean aipaturik diren neskatxa mundutarrak, garaiko Bilboko portuko emakumezko proletarioen mosaikoaren parte dira. Bi zamaketariak dira. Lehena, Joakina Ramona Suarez, kargalaria, edo karga pasatzen zuena, ez dio nongoa; bigarrena, Garaiko Josefa, Deustukoa, umezurtza, peoia, ahulaldi baten ondorioz halako egoeran utzi zuen gizonak behin eta behin laguntzen ei zion.

Garai hartan, eta XX. mendean ondo sartu arte, Bilboko portuan ontzietako karga eta deskarga emakumezkoen lana zen; lan gogorra, gizonek egiten zutenaren adina, ingelesez bidazti garaikide zenbaitek idatzi legez. Zamaketa eta peoi lanez gain emakumezko haiek, bizitzeko adina aterako bazuten, atera, lan mundutarrak betetzera kondenatuak ziren. Antzeko egoeran bizi zen hirugarren auzipetua, Angulo-eneko Frantziska, Urduñakoa, nork neskame hartuko zain.

Joakina, Josefa eta Frantziska, hirurak harrapatu zituzten ezizenez Casto esaten zioten Frantzisko Madariagaren etxean agintariek 1798ko hartan egin zuten sarekadan.

Gertaeren leku eta ordu hartan Casto-ren etxean zen Txarandel. Joakina Ramonaren ohearen azpian ondo gordeta. Hala bada, ez zuten hartan atxiki, zenbait egun geroago baino. Kasurako berdin dio. Leporatzen ziotenak balio zuen.

Halaxe, Txarandel-ek Madariagaren etxekoez epaiketan esan zuenez, neskatxei zenbait aldiz zerbitzuak egin izana aitortu zuen eta, zehazkiago, epaitzen ari ziren apirilaren 22ko gau hartakoez argitu zuenez, hartan etxeko andrea, Magdalena, hiriko plazan bila ibili zitzaion, eta behin topaturik eskaria egin zion, zera, ekartzeko gizonen bat edo beste bere etxera, neskatxekin gozatzera.

Horra bada Angel Etxebarriaren zeregina. Mandataria. Mezularia. Epaitzen ari ziren hartan esandakoarekin bat, gizonezko bi eroan zizkion Magdalenari, eta bere begiez ikusi zuen zelan eman zioten gero haiek ogerleko erdi bana andreari; honek berriz zilarrezko erreal bat eman ei zion Txarandel-eri; gogoan izanda ogerleko erdia hamar erreal zirela, negozioren ehuneko bost. Larru-lana egin zutenak nor izan ziren eta andreak zenbana eman zien, hori ez dakit.

Angel Etxebarria Txarandel aingeru mandatari gazteak aitortu zuenarekin bat, hala urte hartan zelan aurrekoan ere, «eta azken horretan batik bat» nekez gogora zezakeen trafikorik gabeko gaurik izana. Erantsi zuenez, neskatxa denak ez ziren Magdalenaren etxean bizi, komeni zenetan bera joaten zitzaien bila.

Ofizioa zen Txarandel-ena, eta ofizioaren parte zen ahoa ondo josita edukitzea.

Halaxe, atxiloketaren bezperan Krispin izeneko lagunak, etxeko semeetakoa bera, txakolindegira gonbidatu zuen, eman behar zion abisua jan-edanekin batera errazago irents zezan.

«Atxilotuak izanez gero, guk, etxekoez, txintik ere ez».

Hangoez hitz egin zutenak ondoko etxekoak ziren. Ezin jasan zuten auzoan zeukaten gau-giroa, han zebilen joan-etorria, harrabotsa eta zarata. Hartan isilena Txarandel bera ez ote zen nago. Profesionala zen, horren frogatzat aurrekariak zeuzkan. Azkenengoz hiru hilabete lehenago atxilotua, desterrua ezarri zioten zigortzat, baina, Mañarian zeukan anaiaren etxera joanda bizkor itzuli zen Bilbora.

«Hirira itzultzea eta pausoak lehengo bideetara bihurtzea beste irtenbiderik ez nuen izan, han nire buruari zerekin eutsi ez neukanez gero».

Mañaria ez zen Arkadia.

Eta Bilbo, zer zen?

Txarandel eta halakoen galbidea.

Angel Etxebarria epaitu zuen juezak sei urteko zigorra ezarri zion, Errege Armadako ontziren batean bete beharrekoa. Ohiko zigorra.

Alabaina, orduan Bilbon halakoak hartzeko ontzirik ez eta, kartzelan zeukaten Txarandel. Bere buruaren mantenua eta beste gastu guztiak bere gain hartuta, Zigorraren Ekonomia Politikoan hori ere sartzen zen eta.

Hori horrela, Maria Urkiri Laspiurrek, Angel Etxebarriaren amak, eskaria egin zion justiziari, lehenago semeak berak ere eskatuta zeukana eman ziezaioten. Itsasoak apurtzera bidaltzeko semea, bai, baina, zera, nahiz Bilbon, nahiz Donostian, nahiz Baionan, korsuan nabigatzen zuten beste haietako ontzi batean.

Ez dakit eskaria bete zen, ala zer. Bizkaian XX. mendean hildakoen artean ez dut topatu. Hala bada egin dezagun amets guk ez daukagunaz, zera, izan zela alkaterik eta juezik gabeko zorion-leku bat aingeru mandatari harentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.