Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Esku bat gortea egiten serbileta bati

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Egongelako mahaiarenerdian, azken nobedade literarioen metatxoa; ondoan, berripaper honek argitaratu berri duen Irulegiko brontzezko esku berdexkaren posterra paper mordo baten gainean. Aurkikundeari eskaini zaizkion hainbat erreportaje, elkarrizketa eta artikuluren errekorteak dira paperok: indusketa-lanetan ari diren adituen zehaztasun zientifikoak; eskuko inskripzioak aztertzen ari direnen esanak; hizkuntzalarien eta akademikoen aportazioak; iritzi-emaile askoren poz sentitua, batzuen mesfidantza, hainbaten pozaren eta tentuaren arteko oreka.

Erreakzio askoren atzean, batzuetan garbi eta besteetan iradokita, Veleiako aferaren karga sentitu da poza poz-erdi gisa bizitzeraino: gaizki eramandako, baldar itxitako, modu tristean hilobiratutako auzi bat daramagu oroimenean. Nolanahi ere: ehunka interpretazio eta faltsifikazio egin dira eta egon daude artean, zientzian, historian, euskararen historian ere barne. Julio Caro Barojak Espainiako Historiako faltsutzeen berri eman zigun Las falsificaciones de la Historia (en relación con la de España) liburuan. Bertan dio: «Gizarte bat kezkatuta dagoenean bere garaian gertatzen ari den zerbaitegatik, zeina izan litekeen materiala edo espirituala, zerbait horrek faltsifikazioak eragiten ditu». Zibilizazio, herri, hizkuntza guztiei gertatu zaie. Hor dago eta ez da kontsolamendu. Baina ezta eszeptizismo eta jarrera negatibo duin-usteetarako aitzakia ere.

Bada, tentuak kalterik ez: osasuntsuak dira poza bezala zuhurtasuna, batek ez dauka zertan bestea gaiztotu, eskarmentuak hala dio. Euskarari dagokionez, beti bizi izan baita eta biziko baita albiste onen premian medikuaren bisiten zain balego lez, ukaezina da brontzezko eskuak, oro har, poza barreiatu duela euskararen bazterretan eta plazan. Koldo MitxelenakIrulegiko inguruari eskainitako hitzen konfirmazioa dakar aurkikuntzak: «Hemendik (Iruñatik) hedatu zen euskara,zorioneko aldi batean, lurralde bero-lehorretara, ardo eta gari-lur jorietara» (Veleiakoetara, esate baterako). Euskararen hedapen territorialaz ari da Mitxelena, baina Irulegiko aurkikuntzaren aurreikuspenak konplitzen badira, euskararen existentziaren kalendarioak jauzi tenporal handi bat egingo du mendeetan atzera, gure «zorioneko» alditik «sorioneku» aldi zaharrago batera eramango gintuzke Irulegiko Eskuak eskutik.

Esku sarraila,eskua kisketa.

Harkaitz Canoren Pozaren erdia soneto- liburu argitaratu berria hartu dut azken nobedade literarioen metatik, idazlearen hainbat sonetok bezperan eragin zidan atentzio bera eskuratzeko gogoarekin.Patxada hartu eta poema batetik bestera, Eskua izeneko sonetora iritsi naiz. Misterioak edo sorpresak edo kasualitateak eragiten dituzten lilura eta egonezina, biak batera, eragin dizkit testuak. Burua liburutik jaso eta mahai gaineko brontze koloreko eskuari begiratu diot. Sonetoko eskura itzuli naiz berriro. Bizpahiru aldiz irakurri eta gero testu osoa, hainbat pasarteren entresaka interesatua egin dut, lotsagabeki lotu dut sonetoko eskua Irulegiko Eskuarekin:

«Eskua, [...] sarraila eta nahiz kisketa,[...]. Eskuko marrak dira lubaki sekretuak,/ usain zahar eta etorkizunaren gordailu [...]». Eta sonetoaren bukaerak: «Gu norbait bihurtzen gaitu norbaiten eskuak».

Sarrailak kendu, kisketak ireki; mundu asmatuen, mundu amestuen mirailetan begiratu. Ernst Blochek: «Litekeenarenlaborategia da literatura».

Zori justua.

Canoren liburua itxi eta denbora dezente egin dut posterrari begira. Apenas nabarmentzen diren brontzean zizelkatutako letrak. Hartan, ordura arte erreparatu gabea nuen oin-ohar bat ikusi dut posterraren beheko partean. Letra liliputar batean emana baitago, lupa hartu behar izan dut oharra irakurtzeko.

Irulegiko Eskua, nonbait, etxe batean egon zen zintzilikatua. Eskuari goiko aldean ikusten zaion zulotxoa, iltze-edo batetik zintzilikatzeko egina izango da seguru asko. Oraindik ere kale etxe eta baserrietan ikusten diren ukabil gisako aldaben funtzio bera izango zuen. Posterreko oharrak esaten digunez, «etxea babesteko edo ongietorri egiteko apotropaiko» bat da. Kortesiazko formula bat, alegia. Hasierako hitz bakar bat soilik deszifratu dute adituek. Ezaguna da, hurbila, net arrunta, kaleku zein etxeku, eta horregatik egiten zaigu harrigarri. Deszifratu gabe dauden lerroek, ordea, esku bete emango dute: orain bi mila urteko une sorionekuak eta gaurko momentu zorionekoak bilduko gintuzke espazio tenporal edadetu batean. Mitoaren eta errealitatearen artean, euskarari imajinatu imajinatzen genion orain arteko testuek adierazten duten baino adin zaharragoa, baina nekez sinesten genuen hain urrutira eramango gintuzten frogetan.

Irulegiko eskuak Oskar Alegriaren Emak bakia baita filmeko eszena eder bat dakarkit gogora: irudietan, asfalto gainean, plastiko gardeneko goante/esku bat dabil dantzan, haizearen mende eta pour hazard bezala, serbileta zuri-zuri batekin elkartu nahian, hura ere haizearen mende. Orain bata bestearengandik hurbil, gero urruti, zirimolaka dabiltza biak... Gortea egiten ari dira elkarri. Haizearen zoriakedo ikusleon desioak izango ote du biak elkartzeko fortuna?

Eskua ohituta dago ahoak esandakoari laguntzen bere mugimenduekin, eta akaso haize-dantzarekin zerbait esan nahi dio serbiletari; beharbada haizea noiz baretuko dago, asfaltotik ikatz-zotz bat hartu eta zerbait idazteko paper dantzarian. Kortesiazko formularen bat akaso:

'Hurbil bizi naiz, zatoz...'.

Momentu batean Alegriaren filmeko off-ak planteatzen du hitz asko hil egiten dela. Baztertu ditugulako, ahaztu zaizkigulako, ez digutelako jada balio, zoriaren txoriak jan dituelako... Nork ote daki zergatik. Baina nora doaz hitzak hil ostean?

Hitz batzuk ez dira, ordea, betirako hiltzen: batzuk piztu (haragitu) egiten ditugu eta egokitu egoera berrietara, maite ditugun pertsona zenduekin egin ezin duguna egiten dugu hitzekin. Aspaldi handian hitz asko ari gara pizten eta ateratzen kanposantuko zulotik. Hausnartu egiten dugu, behiak izan gabe. Gaiak jorratzen ditugu, artajorran sekula jardun ez badugu ere. Entengak ordaintzen ditugu parrandetako zurrutekin batera burdindegitik pasatu gabe. Hitz zaharrak bizitza berrira ekarriak, hori da egiten ikasi dugunetako bat azken aldiotan. Gutxien espero duzunean, norbaitek gure baitak, edo, metafisiko jarrita, euskararen baitak arnasa ematen dio aspaldi galdu zen hitz bati. Hizkuntza zaharra berrira ekartzen ari gara etengabe. Horregatik-edo harritu gaitu gehien sorioneku zaharrarengaurkotasunak: bi mila urte pasatu eta gero, hitz hain sukaldeku bat ez aldatu izana ez morfologian ez adieran, hori egin zaigu zorioneko mirari.

Haizea baretzera doala ematen du, eskua gero eta hurbilago dago serbileta zuritik. Ikatz-zotz bat du hatz artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.