Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Josefa Azketa martiria

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Agindu zorrotza. Alkateak eta erregidoreek aho batez. Apirileko batean, goizean, ixteko dendak, eta ixteko zubi harrizkoa ere uler bedi gaur egun San Antongoa deritzonhorixe. Aldrak espero dira. Zamaldak.Jendetzak, egungo prentsan iragarrikobalitz. Josefa Azketa sortzez bermeotarrari —Mundakan bada izen eta urte bereko beste bat— heriotza eman behar diote. Goizeko hamaiketan. Bizimodu arineko emakumeak txingetan lotzen dituzten orduan eta lekuan. Bilboko Plazan. Errege Errejimenduari helarazi zaio. Ezar dezala ordenua odola isuriko den lekuaren inguruan. Herria ez ai da-eta horrelako heriotza zigorren aldekoa. Nahiz eta gero elkarri ukalondoka ibili leku bila, hara! Ikusteko borreroa burdinazko garrotea garondoaren inguruan bihurtzen. Azken hatsa, gernua, odola, ei!!!

Zelan kasik ehun urte geroago trapu eta lastozko sorgina ikusi bagako urte biren ondoren hura berriro erretzen ikusteko prest jendetza Mundakan, halaxe aldrak Josefa Azketa sortzez Bermeokoaren azkena ikusten. Ez du esan nahi heriotzaren zigorraren aldekoak direnik. Ez batekoak eta ez bestekoak. Ustez behintzat. Ikuskizunaz gozatzea zen gakoa.

Bilbon ez da ikuslerik falta izango. Zurrumurruan dabil Josefa Azketaren alaba Maria Josefa Ormaetxea Azketa ere kalituko dutela. Bien artean eman zioten heriotza Juan Ormaetxeari, sugoiok! Andreak aizkora handiaz, alabak txikiaz. Bekokian eta burezurrean joz.

Zenbat aizkora izaten ziren orduko denboretan etxeetan. 1823az ari naiz. Eta nola ez zioten ba zuzenean lepoa egin gizonari.

Antzerik ez, edo.

Urte betez hor nonbait saiatu ei zen emakumea senarrari heriotza ematen. Lapikoan sugeak, saguak, sugoiak, apoak, aramuak, sugandilak eta beste nahastuz. Eta igarri ere ez gizonak. Ez ziren egiazkoak antza sutondoko sorgin ipuinetan esaten zirenak.

Hala da ze, aizkorak mailu.

Irailaren azkenetan izan zen. Gauez.

Zeregina burututakoan gorpua, gora!, eup!, koartoko kaixa gainean ezarri zuten. Hartako estalkian jarrita erabilgarriago, andetan bezala eroan zuten. Solora. Han zuloa lehendik aitzurtuta zutenetz, ez dakit. Izan zen legez izan zela, ez bide zen aski sakona izan.

Beldur betean presaka, zera, gorpua hainbat bizkorren estaldu zuten. Magia pittin batekin. Heriotzaren tenorean gizonak azken hatsa ematean aldean zeukan bezala atorra zaharra, eta zapi arre zaharrago batez burua estalita, orbel eta simaurrez ezkutatu zuten. Betiko usainek berria jan zezaten.

Bakea!

Lekukorik?

Seme nagusia morroi dago ez oso urrun. Halaxe, etxean txikia baino ez, eta? Horrek galaraziko du emakumeen plana. Horrek, eta aitari heriotza ematen lagundu duen Maria Josefa alabak damuaren pisua sentitzeak. Izaro han eta harago Ogoño beldurgarria, Jainkoarren!, aita elizkizunik gabe ehortzirik uzteak ez dio bakerik ematen. Merezi du aitak elizkizuna, heriotza merezi izan duen bezainbeste, baina, zer egin?

Mari Josefa Ormaetxea Azketak, aitaren heriotzaren unean «aurreratuta» zebilen emakume gazteak lekua merezi du Euskal Literatura Potentzialaren katalogoan, Bidean Geraturiko Eleberrien Sailean hain zuzen. Mungiako bi gizoni halako gutun bat idazteko agindu zien, esanez, zera, ontzi bat hondoratu zela Portugaleteko barran, eta hartantxe hil zela, itota, aita, zera, Juan Ormaetxea, eta galdua zela gorpua, amen! Gutuna Bermeora iritsi zen, Portugaleteko alkatearen sinadura faltsutuarekin.

Ez zuen luzaz iraun euskaraz baizik ez zekien amak, Josefak, Mari Pepatxu esaten zion Maria Josefaren trikimailuak, ez naiz luzatuko. Harira, zera, zer zela eta eman zioten Juan hari heriotza, izan aizkora ahoaz izan orpoaz, ama-alabek elkar hartuta, hona galdera.

Aizkoraren ahaidea den labanara joz, Ockhamen labanaren printzipiora hain zuzen, balizko erantzun artean soilena da agian egiazkoena; etxekalte, zor-egile, egurtzaile, mozkorti, zera, jasanezin zitzaien gizonaren portaera eta ez daukate haren aldetik nora edo zelan alde egin. Beraz, egin beza berak alde.

Guk ostera ezin diogu ihes egin ama-alabek utzi ziguten galderari erantzuteari. Ez da heriotza beren eskuz emateko eskubidea zutenetz, justizia berek egin ezean beste nork egin zezakeen baino.

Erantzunik ez?

Josefa Azketari inork, ezerk, ez dio garondo laztana zigorretik libratuko.

Lasai! Alaba ez zuen hil borreroak.

Horren izenik?

Juan Carnero!

Borreroak Bizkaian ez ziren Bizkaikoak izaten, bizkaitarren hidalguia unibertsala, hots, bizkaitar ororen kaparetasuna dela eta. Beraz, kanpotik ekarri behar eskuak hala zikindu behar dituztenak.

Zer ordu da? Hamaikak eta hamabi minutu. Arratseko hirurak aldera borreroak sokak eta osagarriak kendu dizkio Josefa Azketari, eta segituan gorpua zakuan sartu dute, ohi bezala, eta halaxe errekan hondoratu. Lehenago zakuari kanpoaldean zakurra, oilarra, sugea eta tximinoa marraztu dizkiote borreroak eta beronen anaiak, Francisco Carnero urgazleak. Inguruan badaezpada ere hiriko ohorezko guardiak eta mikeleteak hedarazi dira, ez dezan inork gorpua urpetik lehorrera atera.

Bostak aldera atera zuten, Korrejidoreak hala aginduta. Elizkizunak egin eta ehortz zezaten.

Gorpua haraino katabutean eroanda elizkizunak Done Jakueren katedralean egin zitzaizkion. Hango Kapituluaren eskutik.

Bertan ehortzi zuten.

Maria Azketa gure martiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.