Albistea entzun

HIRUKO (H)ITZA

Komak koman

EIDER EIBAR

Anjel Lertxundi -

2023ko urtarrilak 8

Ate birakariak.

Pausa labur bat, beste bat, eta beste bat, irakurketan aurrera; pauso batetik bestera, arnasaldi oharkabeak. Komak dira. «Ate birakariak» deitu zien Julio Cortázarrek: perpausen korridoreetan barrena dabiltza ate bat zabaldu, atzean utzitakoa itxi. Idazkuntzaren elementurik apalena, apenas nabarmentzen da. «Jolasgura asegaitza» bizi dutela esaten du Joserra Garziak Egonean doazen geziak liburuan, zeren oso matxinsalto arinak eta bizkorrak baitira letren belazean. Bestalde, eta kontrapuntu osagarrian, «koma txiki baten ondorio handiak» aipatzen ditu Juan Garziak Joskera lantegi liburuan; zeren aldea baitago «zatozte umeak jatera» idaztetik «zatozte, umeak, jatera» idaztera; pauso laburra dago «allons enfants de la patrie» aberkoitik «allons, enfants, de la patrie» desertorera; bilaukeriatik normaltasunera bitarteko aldea dago Mandela hil zen egunean El Paísek argitaratu zuen titularretik (Muere, Mandela) laster asko aldatu zutenera (Muere Mandela).

Karl Kraus idazleak Shanghaiko inbasioa eta komen garrantzia lotu zituen orain ehun urte. Ez zen boutade bat: bizi osoa eskaini zion hizkuntzak onerako eta txarrerako duen botereaz pentsatzeari, eta Krausen ustea zen hitzen erabilera baldarra dela munduko gaitzen iturria: hizkuntza oker baliatzeak gure harremanak itsutzen ditu, oreka soziala lehertzen, gerrak pizten, mundua gaiztotzen.

Hizkuntzaren benetako balioa, arretatik hasten da; hitzen erabilera sotiletik; zehaztasunetik; elkar ulertzen ahalegintzetik. Eta hizkuntzaren nolakoa neurtzeko, komen erabilerari begiratzea bezalakorik ez. Arnasaren erritmoa markatzen digute komek, gainerako puntuazio-markek ez bezala: Idoia Santamariak euskarara ekarritako W. G. Sebalden Austerlitz itzulpen mamitsuan orrialdeak eta orrialdeak aurkituko ditu irakurleak komak beste puntuazio-markarik gabe: mundualdi garaikidearen eta garaikideon memoriaren erritmoa da. Sebald beraren Saturno nobelan, berriz, komez inguratutako hainbat pertsona historikoren artean, Roger Casement irlandarra ageri da. Haren salaketei esker ezagutzen ditu munduak, neurri handi batean, Kongoko eta Amazoniako genozidioak: hemeretzigarren mendeko bortitzenak omen.

Koma batek urkatua.

«Roger Casementen fantasma atea astintzen ari da», dio W.R. Yeatsen poema bateko leloak. Hilobitik ari da Casement gure memoriaren atean jo eta jo, inperioen aldiri esklaboetan ezagutu zituen izugarrikeriak salatzen.

Casementek, Londresko Gobernuak Kongora destinatutako diplomatiko irlandarrak, ezin hurbilagotik ezagutu zituen, eta baita zorrotz salatu ere, indigenen esplotazioa, kolonoen bihotz beltza, beren buruak kristautzat zeuzkaten europarrek gizendutako infernua, Leopoldo II.a errege belgikarrak urteetan barreiatutako genozidioa. Britainia Handiko agintari ustez neutralek, Casement makurtzeko, Sir izendatu zuten —botereak ohiko estrategia du molesta dezakeen jendea saritzea—, baina diplomatikoak ez zuen etsi: haren salaketa-txostenak gero eta eskandalagarriagoak izan, orduan eta sutsuagoa zen agintarien Casement gainetik kentzeko amorrazioa.

Laster aurkitu zituzten hiru motibo: Casementek —ama irlandarra zuen— begi onez ikusi zituen Irlandaren askatasunaren kausa eta 1916ko Easte Rebellion (Bazkoko Altxamendua). Ezer begi onez ikustea ez baita delitu, alemanen aldeko balizko espioitza izan zen Casement atxilotzeko bigarren motiboa. Atxiloketa ostean poliziak egindako etxe-miaketan Dietario bat aurkitu zuten liburu eta dokumentu ugarien artean. Casementen homosexualitatea frogatzen zuten hainbat testu aurkitu omen zituzten bertan. Casement juzgatzeko hirugarren motibo bat zen, garai hartan aski baitzen homosexuala izatea pertsona bat bizi osorako zigortzeko.

Epaileek, ordea, ez zuten aski kartzelarekin, urkamendira eraman nahi zuten bai ala bai. Hiru motiboetatik, traizioa zen Casement urkamendira eraman zezakeen delitu bakarra. Asmo hark koska bat zuen, ordea: traizioa arautzen zuen lege bakarrean, 1351ekoa bera, ez zen garbi ikusten beste nazio batean egindako traizio-ekintzak juzga ote zitezkeen Londresen. Koma-edo bategatik —agian mantxa bat zen, agian paperaren akatsen bat— epaileek ezin omen zuten testua ondo interpretatu. «Koma bategatik urkatuko naute», xuxurlatu zion Casementek bere abokatuari eta horixe egin zuten epaileek: in dubio, pro reo printzipioa aplikatu ordez —zalantzaren aurrean, epaituaren alde egitea— urkatu egin zuten.

T.B. Yeats, Conan Doyle, Bernard Shaw izan omen ziren Britainia Handian Roger Casementen urkamenduaren kontra egin zuten intelektual bakanak. Joseph Conrad urteetan Casementen lagun mina izan zenak, ez zuen txintik atera (ordurako poloniar jatorriari uko egin eta british totala bihurtua omen zegoen). Ia ehun urte geroago, Vargas Llosak Zeltaren ametsa nobela kaleratu zuen. Idazlea luzaz mintzatzen da Casementen kausaz: hanka-punttetan pasatzen du haren urkamenduaren historia, eta genozidioen garaia atzean geratu dela argudiatzen du.

Ikuspegi inperialista beti da zabalegia komekin estutzeko.

Utikan komak, utikan oro!

Espainiako Parlamentuan, «herritarren borondatearen tenplu» deitzen dioten horretan, jartzen gaituzte hedabideek. Gezurraren, irainen, hizkuntzaren hondamenaren kaos guztizkoan nekez nabarmentzen da koma-hots sotilik, nekez xehetasunik. Faxismoaren itzal luze makabroa berriro, diktadoreak esandakoa buruan: «Dena lotuta eta ondo lotuta utzi dut». Atzoko kontuak? Konstituzioa onartu zenetik, zenbat militar, politikari eta elizgizon ultra ezagutu ditugu toilarena jotzen? Orain, berriz, justiziaren parte inportante batek kendu du mozorroa. Non dira finezia, zehaztasuna, hiru botereen arteko oreka, Joserra Garziaren komen «jolasgura asegaitza»? Juan Garziaren «koma txiki askoren ondorio handiak» nagusitu dira.

Ez dute etsiko Konstituzioa aldatu arte, baina atzera egiteko, auskalo nork euskarara itzulitako Espainiako Konstituzioko azken disposizioaren (hanka-sartze itzelaren) bidetik: «Era berean derogaturik geratzen dira Konstituzio hontan (sic) ezartzen diren disposapen (sic) guztiak».

Roger Casementek eta Karl Krausek bazekiten zerbait komak gorroto dituen jendeaz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...