Gorka Arrese.
LAU BEGI

Fikzioaren artea

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Errealitatea.

Hitz egiteko modu erraz batean esan ohi da: errealitateak fikzioa gainditzen du. Zertara dator klixe hau?

Bizitza beti da gordina, biologikoa; kontakizuna beti da egosia, apailatua. Asmatuzko kontakizunak gertaera eta esperientzia batzuen pasarte labur eta aukeratuak josten ditu, besterik ez. Errealitatea, kontrara, akzioen eta erreakzioen kate amaiezin eta konplexua da, Historiak eta Fisikak beren baitan hartu ezinezkoa.

Zergatik errepikatzen da, orduan, hainbestetan klixea?

Kontakizuna beti da zati bat, mendrea. Aldiz, infinitu bat da gorputza (gizakiaren azalaren zentimetro batek hiru milioi zelula dauzka, hotzaren detektore sentsorial bi, beroarenak hamabi, hamar ile, hamabost sebo glandula, odol-hodi metro bat ia, ehun izerdi glandula, nerbio-zuntzen bukaeran hiru mila zelula errezeptore, ia lau metro nerbio, ukimen estimuluetarako hogeita bost presio detektore, oinazea erregistratzeko berrehun nerbio-zelula); eta gainera automatikoa da: bihotzaren taupada, arnasaren hauspoa, urratsaren oreka, entzumenaren radarra, begiaren izpia, garunaren miraria. 70 urte bizi izan den pertsonak 645 milioi bider baino gehiagotan hartu du arnasa, 2.000 milioi bihotz taupada izan ditu, etc.

Ooo! Konturatuta gaude... Isis, Gilgamex, Elektra, Ikaro, Medea, Iami Oxoronga, Jesu Kristo, Xerezade, Hamlet, Kixote..., pertsonaia literarioa ez daiteke izan heroi miko eta alderrai bat besterik. Werther, Frankenstein, Jane Eyre, Ahab, Alizia, Anna Karenina, Josef K., Jay Gatsby, Pippi..., pertsonaiak asaldatu egingo gaitu, gure oroitzapenetan katigatuko da, konpainia egingo digu bolada batean, laguna bagenu bezala mintzatuko gara berari buruz, eta kito.

Desira.

Badakigu denok, zer esaten ari zaigun iragarkia: ni naiz onena, egokiena, praktikoena; ni naiz gozoena, ederrena, desiragarria; eros nazazu.

Zer diosku kontakizunak?: hauxe naiz ni, hau da nire mundua, zatoz nirekin abenturan. Sedukzio eragiketa bat da kontakizun literarioa: eros nazazu.

Nola egiten da? Bi esanahi eta gehiago dituzten testuen bidez, adieraziz eta iradokiz, jarriz eta kontrajarriz. Erritmoa, tonua, herrialdea, subjektua, objektua, antzezpena, metafora, paradoxa. Agertzez eta ezkutatzez, dialektikaz eta poetikaz. Irrika, kilika, borroka, porrota, ezustea, itxaropena, festa, heriotza.

Errealitateak fikzioa gainditzen duelako, horregatik hain zuzen ere, gustatzen zaigu harroxko plantak eginez esatea: arteak errealitatea gainditzen du noizean behin. Luxorko obeliskoak, Iliadako gerrak, Odiseako abenturak, Beethovenen Fuga Handia, industria kutsatzaileari buruzko Bizente Ameztoiren koadroa...

Irauteko desirak sortua da obra piktorikoa, teatrala, musikala, literarioa. Laburra da bizitza, iraunkorra da artea.

Jakin-mina.

Literaturak ez du helburu praktikorik; ez da eskola liburua, ekonomia txostena, legezko araudia, senda-agiria, albistegia. Literatura ez da guztiz argia; ez da instrukzio kaiera, telefono gida, jatetxeko menua.

Literatura jolastia da, bihurria, zolia. Musikaren antza dauka. Ez du gizartea ordenatzeko funtziorik, jendea leziatzeko asmorik, mundua aldatzeko anbiziorik.

Literatur testua ez da masiboa, ez da ekuaziozkoa, ezta ere neutroa. Arraroa da, arauzkoaren eta ohikoaren bestelakoa, salbuespen moduko bat, klixearen aurkakoa, suspentse kutsukoa, ulergaitz samarra batzuetan, konnotatiboa. Edertasun suerte bat dauka, toxikotasun maila bat, pozoi bizigarriren bat. Jakin-mina pizten du, negar eragin, beldurra eman, grazia egin; hunkigarria da, dramatikoa edo komikoa.

Zer akats dauka? Literaturaren forma konplexuen aniztasuna laster iraungitzen da gure memorian, efektuak arrastoa luzaroan utzi arren adimenean.

Eta zein akats dauzka errealitateak? Denboraren pisua lehenik (gehiegizkoa), eta denboraren lausoa gero (difusoa).

Iragana ez da izan zen hura guztia, oso-osorik; izandakotik irauten duen hau baizik: oroitzapenak.

Horregatik esaten dugu: musika gailendu egiten zaio literaturari, melodia gogoangarria daukalako, errepikagarria: festa eta dantza; eta gainera ez du itzulpenik behar: tumatxa.

Hala eta guztiz ere, literaturak egoskor segitzen du aurrera, ez du amore ematen: kadentzia dauka, hoskidetasuna, oihartzuna, ñabardura, hitz jokoa, esaldi harrigarria, tentsioa, ideia bat, zentzu bi, milaka pertsonaia: jendea bizitzen, maitatzen, hiltzen.

Iheskorra.

Munduari begiratuz eta jendearen bizimodua deskribatuz, galderak askatzen ditu literaturak (zer zentzu dauka hondamendi honek?, zein ideiekin aterako gara onik desastre honetatik?, etorkizunaren iragana ote da presentea?, zergatik maite dut gure garai hau?).

Tamalez, mundua toxikatzen eta suntsitzen ari garen aro honetan, estu dabil jendea, ez dago galderetarako, erantzunen gose da, presa dauka, arazoa desegin nahi du segituan. Eta kasu honetan, literatura ez da oso praktikoa. Literaturak bere kontuen anbiguotasunarekin arnasa besterik ez dizu emango, adore apur bat, zalantza unean egonarria, amultsutasun dosi bat.

Idazleak aspaldi ikasi zuen: solidoa izan behar da sintaxian, zehatza egituran; eta zentzuaz den bezainbatean likidoa, iheskorra, multiplea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.