BEGIAK LAU

Natxituara

Edorta Jimenez.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Herritik irten bezain laster Juanak oinetakoak kendu ditu, eta galtzerdiak erantzi. Jose Manuel zur eta lur eginda lotu da. Hamasei urte ditu mutilak, hamazazpi neskatilak. Natxituara bidean abiatu dira, oraindio ilunetan. Aipatu biak ez ezik, beste emakumezko bi ere badoaz; nagusia bata, Juanaren urteetakoa bestea. Natxituako eliza dute jomuga, eta hara iristeko meza hasi baino lehenagoko ordua jarri diote beren buruei. Joan ere hango Kontsolazioaren Amaren elizan meza entzutera baitoaz. Juanak esan egin zion, mesedea eskatu eta batera. «Promes eginda nago haraino oinutsik joatea». Hura nola ulertu, bihotzeko begiak lau eginda lotu zen.

Jose Manuel Juanarekin maitemindurik da. Mutikotatik. Hartan, baina, inoiz baino gizonago sentitu zen, hark «badaezpada ere gizonezko baten konpainia beharko zutela» esan zionean.

Portuondo gaina pasaturik Arrospe errekara heldu dira. «Ordurako egunabarreko lehen izpiak ortzian zehar hedaturik zirela», idatzi zuen gaztelaniaz Jose Manuelek, geroago, Manilan 1886an, argitaraturiko oroitzapen liburuan. Euskaraz idazteari ekin zionean egunabar hitza zein gogoko zuen erakutsi zuen. Juana hil ostean izan zen hori. Josetxo eleberrian, 1909an, behin ageri da hitza; 1910eko Jaioterri maitia izenekoan bederatzitan; 1913ko Au, ori ta bestia olerki bilduman hamar aldiz. Hala bada, Jose Manuel dugu egunabar hitzaren aitapontekoa.

Ni neu ere Natxituarantz abiatu naiz abuztuko egun batez, egunabarrez. Mundakako portuan ontziraturik, hain zuzen. Jose Manuelek eta Juanak ezagutu zuten Arrospe errekan, egun, ez dago atrakatzerik. Trenbide azpiko tuneltxoak ez du aspaldi atrakalekua egon zen hartaraino sartzen uzten. Egon ere, egun ez dago atrakalekurik han.

Hala bada Alejo anaiak hartu nau, zazpiak jota, bere baideko taxuko ontzi poliesterrezkoan. Baideko idatzi dut, gogora ekartzearren portuan orain urte batzuk arte izaten ziren arrantzarako ontzi txikien izen zaharra horixe zela. Baideko, badiako hitzaren aldaera antza denez. Itsasgora izateko gutxi falta dela joan garenez, hamasei minutu behar izan ditugu Laidara iristeko.

Jose Manuelek eta Juanak Laidan ezagutu zuten elkar. Artean bederatzi-hamar urteko mutikoa zena, atoian ziharduen—ontziak brankaz loturik eramaten— arraun-ontzi batean, beste zenbait gazterekin tostetan indar eginez. Izaroko heroia goitizenaz ezagun egingo zen Luzarraga haren agindupean. Manilako liburuan kontatu zuenez, bost ordu eta erdi behar izan zuten atoian zekarten ontzia Laidako ainguratze lekura eramateko, hori ere dagoeneko desagertua. Ontzi mota lugre zeritzona zen, izena ez da gorde. Abaroa zen jabea eta kapitaina. Hala bada, emaztea eta alaba ontzian izateko ez zuen inoren baimenik behar.

Juana Abaroa neskato ausarta zen, antza denez. Jose Manueli oles egitera joan zitzaion. Ohartu zen, besteak beste, mutikoak ez zeukala ogirik, aitak ez zion eman. Atoian jardundako koadrila kapitainak ontzira igotzera gonbidatu zuelarik patarra eta ogia eskaini zien. Mutikoak ez zuen patarrik nahi izan, eta ezetz erantzun zuenez ez zioten ogirik eman. Eskerrak Juanari. Beste mutikoen artean ere banatzeko adina ogi eman zion.

Laida aldea mendebaldean da. Hala bada, gerizpetan abiatu naiz Jose Manuelek aipaturik utzi zuen Antzorako gainaren bila. Hori izen hori egungo mapetan ageri ez dena izanda sen hutsez jokatu dut. Artadirantz jo dut.

Artadia, miraria. Halaxe esan liteke honetan. Beti gorantz eginez, gerizpetan egin dut bidea. Goroldio isilen erresuma da hemengo baso sarria. Jose Manuelek eta Juanak harako hartan ezagutu zutenaren antzekoa, ez erabat berdina. Halako batean horra eukalipto landaketa, zauri legez eta, larriago dena, legeak etxeak ez egiteko dioen gune zenbaitetan, horra txaletak eta hotelak. Mundu hau ez da gurea.

Eguzkiak jo nauenerako Akorda izeneko auzunera iritsita egon naiz. Beste hiru bat kilometro eta horra Ibarrangelu. Horko San Andres eliza bai eliza ederra. Hurrengo baterako. Aldats goran, beti aldats goran egin ditut azken kilometroak; eguzkia mailu, asfaltoa ingude eta nire gorputza bien artean nekaldua. Nekaldu aditza ere Jose Manuel Etxeita irakurriz ikasi nuen. Nekaldu —martirizatu, tormentua eman, zigortu— Josetxo eleberrian hogeita bitan ageri da. Gainerako klasikoetan, lau aldiz.

«Bihotza zati bi eginda neukan, aldi berean mina eta plazera sentitzen bainituen; mina, haren minagatik; plazera, berriz, nire maitasuna lur ongarrituan hazten ari zelako», idatzi zuen Manilako liburuan. Ez nau ni ikusten, minez eta konortea galtzeko zorian Natxituako elizara iristen. Itxita dago, esan gabe doa. Hori bai, kanpokoan bada haren historiaren azalpena, polito idatzia. Delako azalpenean ez da jatorrizko izena ageri, hau bai tamala. «Andra Mari» dakar, «Kontsolazioarena» kenduta. Oraingo katolikook.

Promesaren hariari berriro oratuz, Natxituakoaren ostean Jose Manuelek eta Juanak elkarrekin hitz egiteko aukera bilatu dute. «Zergatik promesa, hartu duzun mina, zergatik?». «Nitaz inoiz ahaztu ez zaitezten».

Masokismo erakustaldi haren indarra. Hamar urteren buruan elkarrekin ezkondu ziren Juana eta Jose Manuel. Liverpoolen.

Nire masokismoaren helburua, haren masokismoaren tamainaren zantzuren bat antzematea. Pandemiak jo aurretik nire plan bakarra Liverpoolera bigarrenez joatea zen. Besteak beste, ezkontzaren lekua ikustera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.