Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

The Boxer

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Elias Ojinaga-ren abizena, jatorriz, Oxinaga izan zitekeen. Hamaika abizen euskaldun bila dabiltzan horietariko edozeinek esan ziezaiokeen. Alferrik. Ez zen abizenaren ñabardura hori Eliasi bizitza aldatu ziona, beste bat baino.

Ojinaga zein Oxinaga, bost horrek gerrarako izena ematera joan zenean erreklutamendu kutxan Eliasi harrera egin zion militarrari. Hark, abizena aditu baino ez eta, irlandartzat jo zuen. O'Jinaga? O'Xinaga? Berdin zion. O hori! Irlandarra, ezta? Indiara, Irlandar Erregimentuarekin! Kito. Hurrengoa?

Noiz izan zen hori? Ez daukat erabat argi.

Derrigorrezko gerra zerbitzua Erresuma Batuak 1939ko maiatzean ezarri zuen; 20 eta 22 urte artekoak ziren hartara deituak. 240.000 gizon mobilizatuen lehen multzo hartan ez bide zen tartekoa izan Elias. 1923 aldera jaioa, deialdi hartako unean hamasei bat urte zituen. 1941ean gobernuak egin zuen bigarren deialdian izan beharko zen. Hartan 18 eta 41 urte tartekoak deitu zituzten. Derrigorrez joatera deitua izan gabe ere gogotsu joateko motiborik ez zuen falta. Alemanek aita hil berri zioten. Itsasoan. 1940ko uztailaren 31n. Francisco —Frantzisko— zuen izena.

Frantzisko Ojinaga, Busturian jaioa, gazterik joan zen Liverpoolera. Baserri bizimoduaren urritasunetik ihes, inguruotako beste asko bezala. Halakoak, sorterrian, nekazari proletarioak izatera kondenaturik jaioak ziren. Haatik, Liverpoolen zein Cardiffen baziren Busturialdeako ontzi-jabeak, aberasten eta aberasten zihoazenak. Konfiantzazko esku-lanaren premia zeukatenez, hura nondik ekarri ez zuten zalantzarik izaten. Halaxe iritsi zen Frantzisko Chief Steward izatera; esan dezagun hornikaria, itsasoan hil zen Batxi euskal idazleak kargu hori izendatzeko erabili ohi zuen hitza erabiliz. Edozein ontzitan konfiantzazko kargua, baita alemanek hondora bota zuten Domingo De Larrinaga SS merkataritza ontzian ere. Ontzi haren jabeak nor ziren, zalantzarik al dago?

Esan ohi den legez, gudetan dena da zilegi. Domingo De Larrinaga SS hari eraso zion ontzi alemana karga-ontzi legez mozorrotuta nabigatzen ari zen, egiatan karga-ontzia zen bestea —garia zeraman Bahía Blancatik Belfastera— begiztatu zuenean. Harengana nahikoa hurreratu zenean mozorroa kendu zuen Pinguin izeneko iruzurtiak. Polito armatua, Larrinaga konpainiaren ontziari erasotzea haur jolasen pareko izan zuen. Hildakoak zortzi izan ziren, tartean, beste Frantzisko bat, bilbotarra sortzez eta abizenez Perez, greaser, hots, koipeztatzailea, 50 urtekoa. Busturiakoak 47 zituen. Freetownetik 300 bat itsas miliatara gertatu zen.

Amarrua izan zen Frantzisko Ojinagari heriotza ekarri ziona, gaizki ulertua berriz Elias semea Indiara eraman zuena. Biak ala biak gudetan maiz gertatu izaten diren zerak.

Gaizki ulertuaren ondorioz behin Indian, Elias erregimentuko boxeo txapeldun bilakatu zen. Boxeoarena Liverpooletik ekarri zuen ala bertan ikasi zuen, ezin esan. Datu bila begiak lau eginda ibili banaiz ere ez dut ezer lortu. Eman dezagun, bada, Liverpoolen hasi zela boxeoan, han irlandar proletarioak asko zirelako, eta, jakina den legez, gure etxekook hain maite dugun Irlandan boxeoa kirol kasik nazionala zelako. Beraz, irlandarrak, gerra, India urruna, boxeoa, dena logikaren ildoan. Haatik, Elias —O'Jinaga? O'Xinaga?— ez zen konformatu erregimentuko txapelduna izatearekin. Indiako Britainiar armadako txapeldun bilakatu zen. Welter pisuan; hots, 63,503 eta 66,678 kilo artekoan.

Gerra bukaturik etxera itzuli zenean osabaren lantegian jarri zen lanean. Evertonen. Citroen autoak saltzen eta konpontzen. Udaldietan ostera gurasoen sorterrira. Han jaietan ring antzekoa atontzen zioten. Axpe auzoko Izpilikuetan. Handik desafio egiten zien herriko gazteei. Banan-banan etortzeko. Denok! Ukabilkada bi, di-da, eta bertan behera behingoan aurkaria. Garaiezina omen zen Elias. Busturian oraindino ere haren akordua dutenek morroskoa zela diote, ez ostera gizon mandoa. Altueraz behintzat.

Legendazko Izpilikuetako borrokaldi haiek gerraren osteko lehen urteetan hasi ziren. Noiz arte iraun zuten, auskalo. Urteak igarota ere sasoia ez zuen galdua. Laurogeiko hamarkadan, ordurako hirurogeitik gora urte zituela, Busturiako Jarri lehengusuari eman zion lezioa. Mundakako pub bakarrean.

Gabonak.

Bederatzietarako etxean, esan zieten.

Bai, bai!

Betikoa baina.

Eliasi gogoko egin zitzaion pubeko giroa, surflari australiarrak baitziren han nagusi. Goazen etxera, Jarrik; ez, Eliasek. Jarri kankailuak handik indarrez atera nahi izan zuen. Di-da, eta behera!

2012an hil zen Elias, 88 urterekin. Bitan ezkondua, eskelan Emily alarguna, beronen semea, suhia eta loba bi ageri dira. Alzheimerrak eroan zuen. Liverpoolen.

Oi, Liverpool! Zurean lanean jardun zuten baskoez idazten dutenek ahaztu egiten dute denbora haietan bazirela ontzi jabeak eta bazirela ontzi zerbitzariak. Baskoak, baina ez elkarren berdinak.

Bada, Larrinaga eta halakoen parean jar ezazue Elias langilearen izena. Ojinaga? O'Jinaga? O'Xinaga? Britainiar armadako Welter txapelduna ustez irlandarra, gure The Boxer bakarra.

Long life, Elias!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.