Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Shakespearek inoiz idatzi ez zuen antzezlana

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Sierra Leona aurreko itsasoan, 1607ko irailak bost dituelarik. Hortxe dira ainguraturik Dragon and Hector izeneko itsasontziak. Horiek bietakoen ofizioa gizakien garraioa da. Han edo bestean esklabotzat saltzeko. Ez Ameriketan bakarrik, diodan bidenabar. Hector ontziko kapitaina William Hawkins da; Dragon-ekoa, William Keeling. Beste hirugarren William baten zaleak baiak ere, laster argituko denez.

Bada, iraileko egun horretan negozioaren buru zuri William biek ontzietara gonbidatu dituzte larru beltzekoak hornitzeaz arduratzen direnetako batzuk. Tokiko merkatariak, esan dezagun. Afaria eta, horren ostean, ikuskizuna. Dena esku artean duten business horren aitzakiatan. Agindutako ikuskizuna William Shakespeare haren Hamlet da.

Zein hizkuntzatan eman baina Hamlet afrikarrei? Bada, euron hizkuntzan. Antzezlanaren testua Lucas Fernandez izenaz kristau bataiatuak emango die. Bertakoa da Lucas, Borea izeneko inguruko erregearen koinatua hain zuzen. Britainia Handian izana da, zurien hizkuntza ikasten.

Lucasen testuari antzezpenak lagundu zionetz, ez daukat argi. Bada hala ere baiezkoaren alde egiteko motiborik. «Hilaren 30an Hawkins kapitainak nirekin afaldu zuen, eta hartan nire ontzikideek Errege Richard II antzeztu zuten», halaxe idatzi du bere egunekoan Dragon ontziko Keeling kapitainak. Beraz, eskifaiak Shakespeareren lanak entseatzen zituela ulertu behar delakoan nago. Are, hurrengo urteko martxoan ere afaltzera eta Shakespearez gozatzera gonbidatuko du Keeling kapitainak bestea. Afaltzeko, arraina; ikuskizun legez, Hamlet berriro. «Acted aboard me» dio haren egunerokoan; zera, «nire ontzian antzeztua».

Estimu handitan zeukaten antzerkigilea, zalantzarik ez horretan. Sotoak humanotasun oro erauzitako haiekin beterik, izu iturri nagusia ekaitzak bide ziren. William idazleak gai hori ere eskaini behar zien, ostera. The Tempest izenekoa, alegia. Londresen 1611ko azaroaren batean estreinatua bera.

Antzezlana laburtuz, hari izena ematen dion tenpestateak, Prospero izeneko aztiaren indarraz eragindakoa bera, ontzi jakin baten hondoratzea eragiten du. Ontzikoek, euron zorionerako, hortxe dute irla bat. Irlan gizaki bakarra bizi da, Caliban.

Diotenez, hemen laburtzen segituko ez dudan The Tempest horren iturrian 1609an Sea Venture ontziaren gorabeherak leudeke. Laburtuz, ontzia hondartu ostean hangoek atzematen duten eta bertan bizitzera lotuko diren gizon-emakumeek bizi zituztenak. Alde nabarmenarekin, hori bai. Zeren eta ontzikoen egiazko irla paradisu antzekoa baita, antzezlanekoa kasik infernukoa den aldi berean.

William Shakespearek ekaitzez eta hondoratzeez idaztean bazekien zertaz ari zen. Sea Venture izen zinez profetiko haren jabe Virginia Company izenekoa zen eta, hara non, idazleak partea zeukan hartan.

Kolonialismoaren abangoardia omen zen konpainia, nire datuen iturri nagusia den Peter Linebaugh eta Marcus Rediker historialarien The Many-Headed Hydra / Sailors, Slaves, Commoners and the Hidden History of the Revolutionary Atlantic izeneko liburuaren arabera. Frantsesez eta gaztelaniaz ere badagoen liburua. Ezinbestekoa, nik uste. Niri behintzat mundu-ikuskera aldatu zidan. Harira baina!

Shakespearek Bermuda uhartearen inguruan hondoratu zen Sea Venture-ko hartakoenak konta zitzakeen. Nola, ustezko zibilizaziora itzultzeari uko eginez, urteetan eta urteetan hartan zoriontsuak izan ziren. Alabaina nahiago izan zuen Caliban haren irlara jo, eta basatitzat erakutsi publikoari. Azken batean caliban hitza osatzen duten hizkiekin canibal hitza osa liteke.

Izu askoren eragile, kanibalak. Horra, bada, kolonialismoak bere negozioak behar zuen beste aitzakia bat. Kolonialismoak, aipatu Virginia Company-k esaterako, lehengai ezinbesteko zituen haiekin trafikatzea aiseago izango zuten, baiki, basatitzat joz. Esklabotzaren business hartan ziren zuriek, hiru Williamek tarteko, beren burua zuritu beharra zeukaten. Horretan maisua Shakespeare zen, idazlea zen aldetik. Beste biak, Hector eta Dragon ontzietako kapitainak, haren propagandagile iaioak baino ez ziren.

Jakin nahiko nuke, jakin, Lucas Fernandez izen zuria eman zioten hark nola eman zuen Hamlet ospetsuko «Something is rotten in the state of Denmark». Antzezlana baino are ospetsuagoa den leloa da hori, iturria zein den jakin gabe ere infinituki errepikatzen baita.

Itzulpenen harira eta The Tempest hartara itzuliz, jakin nahi nuke baita ere nola eman euskaraz hartako aipu ezagunena: «We are such stuff as dreams are made on, and our little life is rounded with a sleep».

«Geu eginak garen ekai berberaz dira eginak gure ametsak, eta gure bizialdi laburra loak inguratua da, edo doa?». Ez dakit ulertu dudan. Hori bai, gutxi batzuen aberastasun ametsek, Shakespearenak tarteko, kapitalismoa ezarri zuten Atlantiko ozeanoaz gaindi. Komunalak lapurtuz, horiek esklabotzaz ustiatuz, esklaboen matxinadak zapaltzeko errepresioa erabiliz, eta, oro har, aurkariei gehienetan heriotza emanez.

Sua, urkamendia eta aizkora nagusi. Shakespearek inoiz idatzi ez zuen antzezlana. XVII. mendearen hasieraz geroztiko kapitalismoaren definizio posibleetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.